Joxepamundaren esku erraldoiari heldu eta pa eman dio Maddik. «Adio-adio» egin dio gero, eskua mugituz. Iruñeko konpartsako erraldoi guztien artean, hura da 2 urteko neskatoaren kutuna: Joxepamunda, Europako erregina. «Ea, Maddi, txupetea ere bai», gogorarazi dio amak. Horrek ez dio hainbesteko graziarik egin Maddi txikiari, baina, azkenerako, txupetea ere erraldoiaren eskutik zintzilikatu du, beste askorekin batera. Urrats bat atzera egin dute ama-alabek, eta erraldoiak dantzan hasi dira berriro, gaiteroen eta atabalarien doinura. Badoa Joxepamunda San Lorenzo karrikan gora. Badoa Maddiren txupetea ere. «Orain neskato handia zara, ez duzu txupeterik behar», gogorarazi dio amak.
Erraldoiak, buruhandiak eta kilikiak, izan ere, ikuskizun edo denbora-pasa hutsa baino askoz gehiago dira Iruñeko haurrentzat. Izaki magikoak dira, betierekoak. Han ziren egungo belaunaldia jaio aurretik, baita haien birramonak eta birraitonak jaio aurretik ere. Pantailen eta ikus-entzunezko estimulu etengabeen garaiotan ere, erakarmen indar izugarria dute harri-kartoizko figura horiek.
Haurtzaroaren ikur dira hiri buruzagian, eta baita haurtzaroa atzean uztearena ere: haur txikienek gurasoen besoetan ikusten dituzte erraldoiak hasieran, eta txupeteak uzten dizkiete, hazten ari diren seinale. Neska-mutikoak koskortu ahala, gurasoengandik aldendu eta erraldoien barrunbeak esploratzen dituzte, figuren gonapean sartuz; eta apur bat helduagoak direnek nahiago izaten dute Caravinagre edo Patata kilikiak zirikatu eta haien aurrean korrika ibili, erraldoien parean dantzatzeko garaia atzean utzita.
Haurren Eguna ospatu dute gaur sanferminetan, eta udalak programazio berezia prestatu du haientzat: zezen gurpildunak, haurrentzako dantzaldia Gazteluko plazan, eta urteroko lore eskaintza santuari, San Lorenzo elizaren aurrealdean. Eta, hala ere, erraldoien eta buruhandien segizioa izan da jendetza handiena erakarri duena.
Edozein adinetako haurrak
Erraldoiak eta kilikiak dauden tokitik metro gutxira, Kondestablearen jauregian, Ramon Masatsek eginiko argazki historikoen erakusketa bat dago. Zuri-beltzezko irudietako batean, haur bat ageri da, kilikien aurrean korrika. Joaquin Martinikorena iruindarra da. Ez zituen 10 urte izanen argazki hori egin ziotenean, 1960ko hamarkadan. Gaur, bilobekin etorri da konpartsa ikustera. «Izugarria da erraldoiek eta kilikiek oraindik duten arrakasta», esan du.

Martinikorenak uste du, dena den, masifikazioak kalte egin diola segizioari: «Gure garaian, lasai ibiltzen ginen kilikien aurrean korrika. Kale osoa genuen guretzat. Gaur egun, ezinezkoa da hemen ibiltzea, jendetza handiegia baita. Itogarria da batzuetan. Gainera, familia gehienak etortzen dira Caravinagrerekin edo Napoleonekin argazkiak egitera; haurrek jada ez diete beldurrik kilikiei. Xarma pixka bat galdu dute».
Bestelako proposamenak
Erraldoien konpartsaren segizioaz gain, Iruñeko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Haurren Egunaren karira: San Frantzisko plazan, esate baterako, zezen gurpildunak atera dituzte txikienen gozamenerako, eta Gazteluko plazan, berriz, dantzaldia eskaini dute hainbat taldetako dantzari txikiek. Horrez gain, udalak egunero antolatzen ditu haurrentzako eta gazteentzako jarduerak Hauek Festak Hauek, Birjolastu eta Kirolari guneetan. Eskaintza inoiz baino pluralagoa eta osoagoa da. «Garai batean, apenas zegoen haurrentzako ikuskizunik», gogoratu du Erkuden Aranburu iruindarrak.
Haren aitak, Maxi Aranburu Oberena elkarteko kideak, haurrentzako zenbait jarduera antolatu zituen XX. mendearen erdialdean, egitarau ofizialean zegoen hutsunea betetzeko. Aranbururen ideia izan zen, besteak beste, Labriten haurrentzako ginkanak eta jolasak jartzea, eta San Ferminentzako lore eskaintza antolatzea: «Egungoaren oso bestelakoa zen: ekitaldi xume bat, jende gutxi erakartzen zuena. Asmoa zen San Ferminen figura ateratzea, haurrek ikus zezaten». Aranburuk, hala ere, ez du gustuko ekitaldiak azken hamarkadetan hartu duen kutsua: «Espainolismo erakustaldi hutsa da».
