Ziurrenik ez da oso egokia kimikaria eta kimika analitikoko doktorea izan «baina» Arte Fakultatean irakasten duela esatea Oskar Gonzalez Mendia aurkezteko (Laudio, Araba, 1983). Izan ere, haren jardunaren parte handi bat dibulgazioari eskainia da, eta zientziaren eta artearen artean dauden zubiak eta loturak azaltzen saiatzen da beti. Horretan ariko da etzi, Ordiziako (Gipuzkoa) Barrena jauregian (19:00), Ordizientzia zikloaren barruan emango duen hitzaldian.
Olio pintura aipatu, elementu kimikoa gehitu, eta emaitza askorentzat zera da: agoarras usain sarkor hori.
[Barrez] Badauka bere logika. Pintzelak garbitzeko, olioa ez denez uretan ongi disolbatzen, beste substantzia bat behar da, eta agoarrasa erabiltzen da gehienetan.
Eta olioa aipatzean, zer oliori buruz ari zara?
Pinturan erabiltzen dugun olioa eta guztiok ezagutzen dugun beste olioa ez dira horren ezberdinak. Sukaldean, oliba olioa eta ekilore olioa erabiltzen ditugu, batik bat. Pinturan, berriz, linazi olioa. Olio hori ere landare batetik erauzitakoa da, baina propietate bereziak ditu.
Zeintzuk?
Elikadurari buruz irakurtzen dugunean, askotan entzuten ditugu kontzeptu batzuk: gantz aseak, triglizeridoak... Sukaldean erabiltzen ditugun olio horietan badaude triglizeridoak. Eta linazi olioetan gertatzen dena da gantz azido horiek asegabetasun handia dutela. Kimikaren ikuspuntutik, lotura bikoitzak deitzen diegu horiei. Eta gertatzen dena da olio horiek oso erraz erreakzionatzen dutela oxigenoarekin. Eta oxigenoarekin erreakzionatzen dutenean, lehortze prozesu kimiko bat sortzen dela: olio likido bat izateari utzi, olio solido eta malgu bat lortzen dugu. Alegia, hori da olio pintura.
Beraz, margolariak eskuetan daukan paleta horretan, inork uste baino kimika gehiago dago.
Kimika mordo bat dago paleta horretan. Olioa bera, aglutinatzaile moduan, olio pinturari buruz ari gara eta. Baina hitz egin dezakegu akrilikoari buruz, eta hitz egin dezakegu pigmentuei buruz ere. Eta hor ere kimika mordo bat dago. Zeren pigmentuak lor daitezke mineraletatik, landareetatik, eta, kasu bitxi batzuetan, animalietatik ere bai.
Eta hortxe agertzen da zientziaren eta artearen uztardura hori, ezta?
Artea jakintzaren arlo guztiekin lotu daiteke. Geologiarekin, mineralak daudelako. Biologiarekin, landare jatorriko edo animalia jatorriko pigmentuak daudelako. Eta harago joanda, nola aplikatzen diren matematika eta fisika artelanen sorkuntzan.
Kimikaria zara zu, baina artista bihurtzeko prozesu horretan zaude?
[Barrez] Artea aztertzen dut, baina ez nuke esango artista naizenik. Kimika analitikoan, farmakoen analisian egin nuen doktoretza, baina Euskal Herriko Unibertsitatean badaukagu Kultura Ondarearen Kontserbazio eta Zaharberritze Gradua, eta horretan ezinbestekoa da kimika, gure ondarearen izaera ulertzeko eta esku hartzeak egiten direnean zer material erabil daitezkeen jakiteko. Kimikariak behar dira horretarako, eta Arte Ederren Fakultatean lortu nuen lanpostua. Horregatik nahi dut hemen egiten duguna dibulgatu, oso polita dela iruditzen zaidalako, eta plazara atera behar delako.
«Arte ikasleak gerora jabetzen dira zeinen garrantzitsua den zientzia etorkizunean haien jardunerako»
Alde handia nabaritu duzu Kimika Fakultatearen eta Arte Ederren Fakultatearen artean?
Batzuetan, alde handia dago; beste batzuetan, ez horrenbestekoa. Zaharberritze eta Kontserbazio Gradu honetan, zientziak garrantzi handia dauka. Egia da Kimika graduan edo Biologia graduan matrikulatzen diren ikasleek badakitela zer garrantzi izango duen zientziak bere graduan, eta Kontserbazio eta Zaharberritzean matrikulatzen direnak apur bat izutu egiten direla, horietako asko batxilergo artistikotik datozelako, eta hirugarren mailan Zaharberritzearen oinarri zientifikoa izeneko ikasgaiarekin topo egiten dutelako, baina gerora jabetzen dira zeinen garrantzitsua den etorkizunean haien jardunerako.
Badaukazu Kimikarte izeneko blog bat ere. Zer da?
Nire dibulgazio aktibitate guztia biltzeko gune bat da. Berritu gabe daukat aspaldian, baina duela hamar bat urte sortutako egitasmoa da, zientzia eta artea lotzeko: irratiekin kolaboratuz, hitzaldiak emanez, artikuluak idatziz...
Eta zergatik ihartu ziren eguzki loreak?
Por qué los girasoles se marchitan liburuan eman nuen horren berri, bai. Kimikarengatik. Izen poetiko bat bilatzeagatik jarri nion izenburu hori. Uste dugulako gauzak denborarekin ez direla aldatzen, baina artelanak asko aldatzen dira. Guk gaur egun ikusten dugun lan hori ez da artistak bere garaian margotu zuena. Van Goghi eta haren eguzki loreei dagokienez, adibidez, badago degradazio prozesu bat. Poliki-poliki ari da gertatzen, eta oraindik ezin dugu begiz ikusi, baina, instrumentu kimiko berezi batzuekin neurtuta, jakin dugu beste substantzia bat ari dela sortzen, berdea. Kolore aldaketa bat gertatzen ari da, eta horregatik jarri nion izenburu hori liburuari.
Baduzu besteren bat buruan?
Orain, buru-belarri ari naiz ikerketarekin, baina gustatuko litzaidake etorkizunean beste libururen bat idaztea.
lotsabako
Kolore bat?
Horia.Elementu kimiko bat?
Wolframa.Margolari bat?
Vincent Van Gogh.Kimikari bat?
Humphry Davy.