Aiako Harrian bizi zen iratxo bat zen Kimutx, eta egun batean, basoko eskolara joatea erabaki zuen. Han lagun asko egin zituen». Azaldu zuen ipuin kontalariak, oholtzan batera eta bestera mugituz, galtzerdi luze batzuk jantzita. Aretoan zeuden haurrek arreta handiz entzun zuten istorioa. Horixe izan zen Kimutx izaki mitologikoen eskolan, jolastuz eta kantatuz ikuskizunaren abiapuntua, atzo. Oiartzunen (Gipuzkoa) eskaini zuten auzolanean sortu duten haurrentzako emanaldia.
Bostak jo baino hamar minutu lehenago mugimendu handia zegoen Oiartzungo udalbatza aretoan. Haur gehienak lurrean esertzen ari ziren, oholtzatik gertuago egoteko. Lotsati eta uzkurrenek nahiago zuten gurasoen alboan, atzerago, eserlekuetan geratu. Etxera joateko eskatzen zuenik ere bazen. «Hasi egingo gara. Argiak itzaliko ditugu, baina ez da ezer gertatuko», esan zuen kontalariak, eta berehala isildu ziren guztiak.
Musika, eskujokoak, bertsoak eta ipuinak uztartzen zituen emanaldi bizia hasi zen orduan. Kimutx pertsonaiaren aurkezpena entzun eta gero, haren basoko lagunak ezagutu zituzten pixkanaka haurrek: Aker, Laiene jentila, Tartalo, Nora sorgina, Amalur... «Jordana lamiari deituko al diogu?», galdetu zuen kontalariak, eta haurrek baiezko ozen batekin erantzun zioten. «Jurdana lamiari urrezko orraziarekin orraztea gustatzen zaio», jarraitu zuen lamiaren irudia erakusten zuela.
Iratxoak ezagutu zituzten, gero, ikusleek. Iratxoak gauetan jostailuekin jolasten direla kontatu zien kontalariak, eta haurrak esnatzerako, txukun-txukun jasotzen dituztela guztiak. «Jostailuak jasotzen hasiko al gara?, jostailuek ere joan behar dute lotara. Jostailuak zaintzea jolas polita da», hasi ziren kantuan musikariak. Haur batzuk jarraitu egiten zieten inguruan gustura, eta beste batek «amatxo» bota zuen abestiaren erdian.
Ordu erdi pasatxoko emanaldiaren ondoren amaitu zuten ikuskizuna. Ordurako, hasierangurasoekin atzean zeuden hainbat haur aurrera joanak ziren pozik, eta zenbaitek oholtza gainean bukatu zuten.
Irantzu Iturzaeta bikotekidearekin eta alabarekin egon zen ikuskizunean, eta asko gustatu zitzaion. «Ezagutzen genuen proiektua. Haurrek asko gozatzen dute. Zerbait ezberdina da, gainera. Ez dira betiko pailazoak», azaldu zuen Iturzaetak. Alboan zegoen David Casanova bere umeekin. Orain dela gutxi joan da Oiartzunera bizitzera. «Kataluniarrak gara, eta oraindik ez dakigu euskaraz, baina ikusi duguna asko gustatu zaigu. Eszenografia polita du».
Kimutx proiektua Errenteriako (Gipuzkoa) Nora Barrosok eta Jurdana Otxoak sortu zuten, orain bost urte, euren haurrentzako materiala egiteko asmoarekin. Denborarekin Euskal Herri osoko jendearen artean osatu dute proiektua, auzolanean. Bertsolariek —Mixel Airek eta Jon Martinek, besteak beste— musikariek, teknikariek, ilustratzaileek... parte hartu dute. «Urepelera joan ginen Airerengana proiektuaren berri ematera, eta izugarri ongi hartu gintuen».
Eguneroko egoerak
Liburu-disko bat kaleratu zuten duela bi urte. Zortzi pertsonaia mitologiko sortu dituzte, eta haiekin,besteak beste, sormena, kantua eta dantza lantzen dituzte. Abestietan, haurrek egunero dituzten egoerak musikarekin azaldu nahi izan dituzte, Nora Barroso proiektuko kideak nabarmendu duenez. «Adibidez, jostailuak jasotzearen gaia. Zergatik jaso behar dituzte haurrek jostailuak? Bada, maite ditugulako; maite ditugun pertsonak ongi zaintzen diren bezala. Hori transmititu nahi izan dugu», jarraitu du Barrosok.
«Proiektua herritik sortu denez, herriari eman nahi izan diogu emanaldiekin». Tarteka egiten dituzte ikuskizunak herriz herri. Creative Commons lizentzia dauka sortu duten material guztiak, eta www.kimutx.eu webgunean dago edonoren eskuragarri.
Kimutxen baso magikoa
'Kimutx izaki mitologikoen eskolan, jolastuz eta kantatuz' haurrentzako ikuskizuna eskaini dute, Oiartzunen (Gipuzkoa). Euskal Herri osoko hainbat lagunek auzolanean egindako proiektua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu