Jaiak. Lakuntza

Kintoak, berriz plazara

Lakuntzako bestetako bigarren egunean, alkate dantza dantzatuko dute kintoek.Haize Berriak musika bandak bertsio berria egin du

Iruñea
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aurten, salbuespen gisa, hirutan dantzatuko dute alkate dantza Lakuntzako kintoek (Nafarroa). Alkate dantza galdu egin bazen ere, 70eko hamarkadan Deustuko Bihotz Alai dantza taldeak berreskuratu egin zuen. Emilio Anduezaren testigantzak ezinbestekoak izan ziren lan horretarako, eta, hari esker, dantzaren doinua gorde egin zen. Bihotz Alaik dantza plazaratu zuen, eta herriko gazteei irakatsi. Ordutik, urtean bi egunetan dantzatzeko ohiturari eutsi diote: lehenik, urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean; eta bigarrenik, Corpus egunean. Garai batean, alkate dantza alkateari eta apezari dantzatu ohi zitzaien. Berreskuratu zenetik, berriz, udaleko zinegotzien aitzinean dantzatzen da.

Aurten, herriko bestetan ere dantzatuko dute alkate dantza, gaur 19:00etan. Ezohiko dantzaldiaren arduraduna Haize Berriak musika banda da; izan ere, musika banda osoari egokitutako alkate dantzaren bertsioa eratu dute. Sakanako bandak, ibarreko musikari amateurrak biltzen ditu, eta, kontzertuak jotzeaz gain, ibarreko herri dantzak bilduko dituen artxibo bat egitea du helburu. Bandako kide Jasone Etxebestek adierazi duenez, «ez dago Sakanako dantzen partitura garbirik, bada, abestiok musikariz musikari igaro baitira urteetan, eta bakoitzak bere modura moldatu baitu doinua. Horrexegatik, hartu genuen Sakanako musika biltzeko hautua. Besteak beste, Altsasuko mutxikoa, Etxarriko dantzakia eta Lakuntzako alkate dantza bildu ditugu, eta Alberto Gonzalez musikagile iruindarraren laguntzarekin, musika bandako tresna guztietara ere egokitu ditugu».

Etxebestek esan duenez, «Lakuntzako udalari nahiz aurtengo kintoei gure egitasmoaren berri eman genien, eta egoki iruditu zitzaien salbuespena egitea; era horretan, bestetan biltzen den jendetza baliatuz, gure lana erakusteko». Txistua eta danbolinaren doinuaz dantzatzen bada ere alkate dantza, aukera berezi horretan musika bandak, txistulariei lagunduko die. Gainera, «Lakuntzako musika eskolako zenbait ikaslek ere banda eta txistulariekin batera joko dute», gaineratu du Etxebestek.

Plaza bete dantza

Sokadantzarekin hasten da alkate dantza. Mutilek soka osatzen dute, eta erloju orratzen aurkako noranzkoan mugitzen direlarik, aurreskua deritzon dantzariak, bakarkako lana egiten du. Horrek lana akitzean, aitzineko bi dantzariek zubia gauzatzen dute, eta dantzariek osaturiko soka azpitik igarotzen da.

«Lehen, ustez, zubitik ez zitzaien igarotzen uzten gaizki portatutakoei», azaldu du Etxebestek. Guztiak igarotzean, aurreskuak eta atzeskuak bata bestearen parean egiten dute dantza, eta gero haien bikotekideen aitzinean. Ondoren, bi zubi gauzatu, eta bikoteek elkarrekin egiten dute dantza, zirkuluan. Azkenik, fandangoa, arin-arina eta biribilketa egiten dute, batu nahi den herritar ororekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.