Jose Manuel Garcia. Medikua eta ibilketa nordikoaren zalea

«Kirola egitera ohituta ez daudenentzat, hasteko modu oso egokia da»

Bilbo
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neurrira egindako kirol baten bila zebilen Jose Manuel Garcia (Oviedo, Espainia, 1958), eta 2014ko abuztuan aurkitu zuen. Makilak eskuan, aurreneko aldiz praktikatu zuen ibilketa nordikoa. «Nire adinerako oso egokia da. Gainera, ez dago arriskurik lesiorik izateko». Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin enpresako medikua da, eta biztanleria langilearen zahartzea aztertzen ari da.

Zer onura dakartza ibilketa nordikoa egiteak?

Fisikoki, jarduera kardiobaskularra hobetzen laguntzen du. Giharrak sendotzeko ere aproposa da, eta, beste edozein kiroletan gertatzen den bezala, norbere izaera indartzeko ere balio du. Abantaila bat du, gainera: ingurunearekin bat egiten duzu. Bai naturarekin, bai taldekideekin.

Horren ezberdinak al dira ibilketa nordikoa eta mendiko ohiko martxak?

Ibilketa nordikoak bere teknika dauka. Ez da paseatzea. Komeni da teknika hori ikasi, eta gero praktikara eramatea. Erritmoa du, eta gorputzeko hainbat atal lantzen dira: hankak, besoak, bizkarrezurra, enborra, lepoa... Ia gorputzeko gihar guztiak.

Nori gomendatuko zenioke ibilketa nordikoa?

Oro har, mugimendu gutxiko jendeari. Adina aintzat hartu gabe. Kirol gutxi egin duenari beti gomendatzen diot gisa honetako kirol batekin hastea, lesioak izateko arriskurik ez baitago. Baldintza fisiko onik ez baduzu, korrika egiten hastea, esaterako, arriskutsua izan daiteke.

Bizkarrerako edo belaunetarako mesedegarria al da?

Bai, edozein artikulaziotarako. Kontraindikazio txikiak egon daitezke, patologia artikularrak dituztenentzat. Baina, oro har, mesedegarria da.

Eta lesio edo errehabilitazio programetarako?

Bai, gero eta gehiago aztertzen ari dira, gainera. Esate baterako, gaixotasun neurologikoetan eta koordinazioa beharrezkoa denean; besteak beste, parkinsona. Jende nagusiarentzat ere ona da, batez ere egunean gutxi mugitzen direnentzat. Baita bizkarreko mina dutenentzat ere. Ikusi da erabateko atsedenaldiak ez direla guztiz onuragarriak. Kasuak daude, noski, baina aurreneko sintomak gaindituta, ona da oinez egitea erritmoak lagunduta.

Jende gazteak ere egiten al du ibilketa nordikoa?

Edozein adinekin egin daiteke. Egia da gazteek normalean nahiago izaten dituztela kirol biziagoak, baina kirola egitera ohituta ez daudenentzat oso modu egokia da hasteko. Gazte askorentzat, gainera, kirol osagarri bat ere izan daiteke, bi kirol uztartzeko gaitasuna izan dezaketelako. Ez dago horretan arazorik. Beste jende askok kanpora atera nahi izaten du, sozializatzeko, eta ibilketa nordikoa aukera ona izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.