Urritasunak ez du ezintasunik. Kirola egiteari dagokionez, gero eta gehiago dira hainbat kategoria lantzen dituzten kirolariak. Kirol modalitate hauek indartu eta gizarteratzeko kontzientzia harrarazteko zenbait kanpaina ari dira egiten azkenaldian. Azkena urtarrilean izan zen, Illunben, Donostian. Salto Bera Bera gurpil aulkiko saskibaloi taldeak Lagun Aro GBC taldearekin batera kirol egokituaren aldeko ekitaldia eskaini zuen.
Jimmy Baron, Nicoloz Tskitishvili eta Lander Lasa izan ziren Lagun Aroko arerioak. Kantxaren beste aldean, Salto Bera Bera taldeko jokalariak izan ziren, tartean Mikel Garmendia jokalaria. Protagonista guztiak gurpil aulkian zirela, jaurtiketa libreak, 6,75eko marratik atzerakoak, 3x3ak, denetarik ikusteko aukera izan zuten bertan bildutakoek. Egoera desberdina izan zuten Lagun Aroko kirolariek, baina «ohorez» hartu zuten Illunberako gonbidapena. «Gustura sentitu gara kantxan. Aulkian jokatzeak dituen gogortasunak bizitu ditugu gure baitan», Baronen arabera.
Illunben argi geratu zen urritasun fisikoak ez duela oztoporik lehian. Kirola, aisialdirako egokia izateaz gain, bizitzako zenbait arazori aurre egiteko ere oso baliagarria izaten da. Urritasun edo ezintasunak dituzten gero eta euskal herritar gehiago iritsi dira zenbait kirol praktikatzen hasi eta mundu mailako garaipenak lortzera. Mikel Garmendia, Amador Granado eta Pedro Gonzalez kirolariek, esaterako, urritasuna ez dute muga bilakatu.
Kirola eginez, aske
Mikel Garmendia donostiarra Europako txapelduna da duatloi egokituan. Amador Granado Atenasko Olinpiar Jokoetara iritsi zen 2004an, eta Pedro Gonzalezek, Pasaiako Onceko etxolan lan egiten duen kirolariak, Behobia-Donostia lasterketan parte hartu izan du tandemean.
Eguneroko bizitzan hainbat oztoporekin topo egin behar izaten badute ere, kirolean aske sentitzen dira. Urritasun fisikoak izan arren, ez dira ezinduak. Txikitatik egin dute kirola, eta egindako lana dela medio, emaitza ikaragarriak jasotzea lortu dute.
Kirola, muga guztiak gainditzeko
Kirolean aritzeko urritasun fisikoa ez dela oztopo ondo dakite Pedro Gonzalezek, Amador Granadok eta Mikel Garmendiak. Euskal herritar asko ari dira kirol egokituan eta goi mailako txapelketatan parte hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu