Aplikazioak, erlojuak, eskumuturrekoak, potentziometroak... Gero eta gehiago dira kirolariek beren jarduna kontrolatzeko erabiltzen dituzten gailu eta baliabide elektronikoak. Profesionalek ezinbestean egiten dute, baina profesionalak ez direnen artean ere gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira. Askok, gainera, gailu horiek ematen duten aukera baliatuz, sare sozialetan partekatzen dituzte lortzen dituzten emaitzak eta markak. Hori obsesio eta lehia zentzugabea bihurtzen ez den heinean, egoki ikusten dute adituek, kirola egiteko ohitura sozializatzeko, informazio erabilgarria partekatzeko eta errendimendua hobetzeko balio dezakeelako. Dena den, gogorarazi dute datuetatik harago ez direla alde batera utzi behar kirola egitean bakoitzak sentitzen duena.
Runtastic izan zen aplikazio horien artean sortzen aurrenetarikoa. Berez, itsasontziek egindako ibilbideak kontrolatzeko aplikazio moduan sortu zen, baina sortzaileak berehala jabetu ziren eremu horretan etorkizun gutxi zutela. Hala, korrikalarien entrenamenduak kontrolatzeko gailu moduan erabiltzeko aukera aztertzen hasi ziren. «Korrika egiteko ohitura gero eta gehiago zabaltzen ari zela aprobetxatu nahi genuen, eta asmatu genuen», azaldu du Susana Lopez marketin arduradunak. Egun, datu horiek sarean partekatzeko aukera ematen dute, eta bestelako zerbitzu batzuk ere eskaintzen dizkiote kirolariari. «Loari eta elikadurari buruzko informazioa ere jaso dezakete, horiek ere kirolariak zaindu behar dituen alorrak baitira». Gainera, beste kirol batzuetara ere zabaldu dute. «Aplikazioaren helburua jendea motibatzea da, eta kirola egiteko ohitura are gehiago sozializatzea».
Sare sozialetan halako datuak partekatzea oso gustuko izan ez arren, helburu horrekin halako aplikazioak egoki ikusten ditu Iñaki Arratibel medikuak: «Kirola egiteko zaletasuna zabaltzeko bada, eta jendearen artean lehia sano bat sortzeko bada, ongi iruditzen zait partekatzea. Baina ezin dira obsesio bihurtu, gainontzean ez duzu kirolaz gozatzen».
Teknologiarekin obsesioa
Hori gertatu zitzaion, hain zuzen, Rafaela Romero PSE-EEko kideari duela sei bat urte. «Hilabete batzuk kirola egiteari utzi nion, konturatu nintzelako obsesionatua nengoela pultsometroarekin eta ematen zituen datuekin. Gozatzeko, egunerokoak eragindako tentsioak alde batera uzteko eta osasuntsu egoteko egiten nuen kirola berez, baina kontrakoa bihurtzen hasi zen». Itzuli zenean, obsesio hori alde batera utziko zuela hitzeman zion bere buruari. «Podometroa erabiltzen hasi nintzen, eta izorratu zitzaidanean, Runtastic aktibatu nuen, baina obsesioak alde batera utzita». Azkenaldian, kenduta izan du sare sozialetara datuak bidaltzeko aukera. Hemendik gutxira berriz aktibatuko du. «Hemendik kanpo korrika egiten duten lagunak ditut, eta haiekin korrikarako giroa sortzeko igotzen ditut datuak. Azken batean, sozializatzeko modu bat bezala».
Txirrindulari profesionala izanda, «ezinbestean» erabili behar ditu halako gailuak Markel Irizarrek: «Gure entrenamenduak eta gure pasaporte biologikoa, dena dago halako aplikazio eta gailuek kontrolatuta, une oro eman behar dugu aldean sakelakoa». Hori dela eta, uste du txirrindularitza uztean ez dela datu horiei etengabe erreparatzen dien horietako bat izango, ezta sare sozialetan datuak partekatzen dituena ere. «Nik uste dut norberak bere gaitasunen arabera egin behar duela kirola, helburuak jarrita eta tematu gabe».
Ados dago horrekin Lopez. «Nik neuk gustuko dut noizean behin gailurik gabe ateratzea, eta sentitzen dudan horretan gehiago zentratzea. Gainera, datuak ez dira zertan sare sozialetara igo. Erabiltzaileek nahi dutelako egiten dute». Sentitzen denari lotuta, gailu eta aplikazio horien ondorioz prestaketak «xarma pixka bat» galdu duela uste du Irizarrek. «Dena zientifikoegia eta metodikoegia bihurtu da, kirolariak bere gorputzari, sentitzen duenari entzuteko sen hori galdu egin da zertxobait. Nik uste dut datuen eta sentsazioen arteko oreka bilatu behar dela». Hain zuzen, Irizarri gertatu izan zaio gaizki sentitzea eta datuak onak izatea; baita alderantziz ere. «Kasu askotan, entrenatzen ari nintzen txirrindulariaren erritmoari jarraitzen tematu izan naizelako izan da. Horregatik da garrantzitsua bakoitzak bere erritmoan entrenatzea».
Sentitzen denari eusteko beharra nabarmendu Arratibelek. «Datuek ematen ez duten zerbait eskaintzen dute, gailuek atzeman ezin dezaketena. Gainera, datuak behar bezala interpretatu behar dira». Romerok gero eta garrantzi handiagoa ematen dio sentitzen duenari. «Hori lortze aldera, astean behin aplikazio eta gailurik gabe ateratzen naiz korrika egitera, eta egia esan asko gozatzen dut».
Dena den, Arratibelek eta Irizarrek onartu dute zaila dela gailu eta aplikazio horien zurrunbilotik ihes egitea. Izan ere, aurrerapenak gero eta handiagoak dira: «Adibidez, dagoeneko badaude sentsoreak dituzten elastikoak, eta horren bidez kirolariari elektrokardiograma ere egiten diote». Irizarrek ere erreparatzen die datuei. «Batez ere emaitzak onak direnean, baita nire lanaren parte delako ere». Irizarren kasuan, potentziometroa erabiltzen du. Potentziometroaren pantaila eskulekuan daramate, eta neurgailua bielatan. «Pantaila hegazkin baten kutxa beltzaren modukoa da. Hor geratzen da erregistratuta dena: potentzia abiadura, pultsazioak...». Entrenamendua amaitu, eta etxera iristean datu guztiak ordenagailuan deskargatu eta taldearen lainora igotzen ditu. «Hala, taldeko entrenatzaile, prestatzaile eta mediku guztiek dute eskuragarri, eta, horren arabera, gure prestaketa antolatzen dugu. Lasterketetan ere erabiltzen ditugu, eta liburuxka bat ere osatzen dute. Hori da halako aplikazio eta gailuek daukaten gauzarik onena». Arratibelek ere onartu du egoki erabiliz gero beraiei ere datu baliagarriak ematen dizkietela. «Adibidez, horietan aurki dezakegu kirolari batek izan duen arazoaren arrazoia».
Bestelako baliabideak
Aplikazio eta gailuetatik harago, badira kirolarientzat oso baliagarriak diren beste baliabide batzuk. Horren adibide da Ibilbideak.euskadi.net. ataria. Bertan, Euskal Herri osoko ibilbideak biltzen dituzte, ibilgailu motordunik gabe egin ahal izateko. Jendeak ibilbidearen track-a deskargatu, GPSa duen sakelakoan sartu, eta galtzeko arriskurik gabe egin dezake ibilbidea. Umeentzako ibilbideak ere jasotzen dituzte bertan. Bakoitzak bere neurriko ibilbidea aurki dezake. Atariko arduradun Alberto Mella pozik dago jendearen harrerarekin. «7.700 erabiltzailetik gora ditugu, eta 6.500 ibilbide publikatuta. Euskal Herriko mapa kartografiko bat ere badugu, eta jendeak bidalitako ekarpenekin osatzen dugu». Beste hainbat eskaintza ere badituzte martxan. Horietako bat da Euskal Herriko natur parkeak batzen dituen ibilbide sorta, etapatan banatuta.
Mellak uste du jendearen parte hartzea dela atariak duen baliorik handiena. «Kirola egiteko ohitura sozializatzeko modu bat da. Badira atariaren bidez elkar ezagutu dutenak». Esperientziak partekatzeko bide bat ere bada. «Ez dugu jartzen zenbat denbora igarotzen den ibilbideak egiten, jendea tematu ez dadin. Bakoitzak kilometroak eta pendiza ikusi, eta erabaki dezala egin dezakeen edo ez».
Kirola, teknologiari kateatuta
Profesionaletatik harago, gero eta gehiago dira kirola egiteko aplikazioak eta gailu elektronikoak erabiltzen dituzten kirolariak. Obsesiorik gabe eta norberak sentitzen duena kontuan hartuta, erabilgarriak izan daitezke kirolariaren sasoia ezagutzeko, adituek diotenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu