1981. urtetik da Fortunako presidentea Enrique Cifuentes (1948, Murtzia). Abokatua da ogibidez, eta Fortuna taldeari eskaintzen dizkio ordu libreak duela 40 urtetatik hona. Asko aldatu da urte horietan guztietan kirol elkartea. Elkarteak ehun urte iraun izanak lana eta kirola sustatzeko ahaleginaren ondorio direla uste du Cifuentesek.
Mendeurrena ospatu duzue. Zein filosofiak ahalbidetu du Fortunak ehun urte irautea?
Nik uste dut taldea sortu zeneko filosofiarekin konektatzen jakin dugula. Argazki eta dokumentu zaharrak aztertuz gero, Fortunak beti ireki dizkio ateak kirolari. Gure leloetako bat da hori. Hasieratik, Fortunak kalean egiten zituen kirol probak, jendearentzat. Hein batean, guk izpiritu hori jaso dugu. Batetik, kirol herrikoia sustatzen dugu, hau da, herriko korrikalari, igerilari eta mendizaleentzako probak antolatzen ditugu. Bestetik, taldearen kirol sailetan entrenamendua eta sakrifizioa eskatzen dugu, baina emaitzarik ez. Modu horretan ez dute soilik onenak jokatzen, guztiek baizik. Gaitasun nabarmenik ez duen haurrak kirolerako balio ez duela pentsa dezake. Taldeko kide guztiak lehiatu daitezela da gure filosofia. Horrela, jende gaztea eta bazkide gehiago lortzen ditugu, giroa aparta izateaz gain.
Fortuna Kirol Elkartean lan egitetik bizi al daiteke?
Zuzendaritza taldekoek ordu libreetan egiten dugu lan. Bakoitzak bere lanbidea du. Nik arratsaldeak ditut libre, eta Fortunari eskaintzen dizkiot ordu horiek. Horrez gain, lau pertsonak osatzen duten lantalde tekniko bat dago. Horiek bai, egun osoz egiten dute lan, soldata baten truke. Hala ere, soldatarengatik soilik ez dute lan egiten,eta hori erraz nabaritzen da. Badakite Fortuna ez dela enpresa bat, elkarte bat baizik. Batzuetan Behobia-Donostiak mugitzen duen diruaz eta Fortunaren 4 milioiko aurrekontuaz hitz egitean jendeak pentsa dezake presidenteak eta zuzendaritzakoek elkartearen kontura bazkaltzen dutela egunero. Ez da horrela, eskola zaharrekoak gara oraindik.
Oso ohikoak ez diren kirol sailak dituzue, gainera, xakea eta esgrima kasu.
Beste sail guztietan bezala gertatzen da hor. Igor Otaegik esgrima sustatzeko proposamena egin, eta guk onartu genuen. Horrelako gauzak asko gertatu dira Fortunaren historian. Behobia- Donostia lasterketa ere proposamen baten bitartez berreskuratu genuen. Diruaz baino gehiago, jendeaz hitz egin behar da Fortunan. Ahal izan dugun ekimen guztietan sartu gara. Sail bat sortzeak eta eramateak, horren atzean beste lauzpabost pertsona daudela esan nahi du. Jenderik ez badago, bost axola diruak. Fortunak antolatzen dituen kirol ekimenak ez lirateke arrakastatsuak izango horren atzean dagoen jende guztia ez balego.
Zer eman dizue Zuhaizti eta Pio Barojako kiroldegien kudeaketak?
Behobia-Donostian lasterketan erakutsi genuen antolakuntza mailari esker eskaini zigun udalak Pio Barojako kiroldegia. Guri espazioa eman digu, hainbat sailetako kirolariak entrenatzeko lekua. Rokodromoak eskaladako saila sortzea ekarri zuen. Igeriketako saila historikoa da Fortunan, baina ez zuten entrenatzeko leku finkorik. Saileko zuzendaritzak eskatuta sartu ginen Zuhaiztiko kiroldegia kudeatzeko lehian. Lan mundu batean sartzea ekarri digu horrek, baina egonkortasun handia ematen digu, leku aldetik batez ere. Kiroldegien kudeaketaren dinamikatik at geldituko bagina, Donostiako talde garrantzitsuenetatik urrun geldituko ginela ulertu genuen momentu hartan.
Mendiarekin lotura handia du Fortuna elkarteak.
Mendia eta igeriketa izan dira Fortunak hastapenetatik jorratu dituen sailak. Mendi Ibilaldi Neurtuak urtero aldatzen du ibilaldia. Lan gehiago ematen du, baina askoz ere politagoa da. Donostia Hondarribia mendi lasterketa antolatu dugu aurten estreinakoz.
Zer erronka dituzue etorkizunera begira?
Bi kiroldegiak, portuko lokala, eta uztailean Kontxan irekiko dugun beste lokala mantenduko ditugu. Proba bat antolatzeko aukera izango dugunean hor sartuko gara. Bestela, oinarrizko kirola sustatzen eta kirol eskaintzekin jarraituko dugu, gaztetxoak kirola egitera anima daitezen, baina baita jende helduan pentsatuz ere. Adineko jendeak ere kirolaz gozatzeko eskubidea irabazi baitugu. Piraguismoan eta surfean erreferente bilakatu nahi dugu. Jende orori irekita dagoen elkartea izaten jarraituko dugu.
Enrique Cifuentes. Fortuna Kirol Elkarteko presidentea
«Kirolari ateak irekitzen jarraitzen dugu»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu