Animaliak

Klima aldaketak arriskuan jarriko ditu muskerrak

Ikerlari talde batek jakinarazi du munduko musker kopurua %30 gutxitu daitekela datozen ehun urteetan. Kaltea bereziki handia izango da hegoaldeko habitetan.      

Schreiber muskerra da honakoa. Lezon habitat egokiak daude espezie horrentzat. BERRIA
Berria
2015eko urriaren 27a
11:45
Entzun

"Litekeena da heldu den mendean Europako hainbat txokotan muskerrak desagertzea, klima aldaketak euren bizimodua eta jateko ohiturak moldatzen dituen heinean". Hala adierazi du ikerlari talde batek Plos Biology aldizkarian publikatutako artikulu batean. "Emaitzek dramatikoak diruditen arren, ez dugu espero musker arruntak desagertuko direnik. Baina uste dugu euren eremuko hegoaldeko mugan bizi direnek bereziki sufrituko dutela klima beroarekin", adierazi du Julien Cote Laboratoire Evolution et Diversite Biologique laborategiko biologoak.

Zientzialariek, muskerrak (Zootoca vivipara) ohi baino bi gradu Celsius gehiago dituen gune itxi batean sartu, eta haien jarrera ikertu zuten. Adituen arabera, hori izango da munduko tenperatura aldaketa ehun urte barru.

Klima beroagoarekin musker gazteak azkarrago hazi eta ugalketa prozesua ohi baino lehenago hasi zuten. Era berean, musker helduak lehenago hil ziren. "Horrek arriskuan jarriko du muskerren iraupena", zehaztu du Elvire Bestion Exetergo Unibertsitateko ikerlariak. Haren aburuz, musker helduen heriotzak ugaritzeak animalien hazkundea etengo luke, eta joera horrekin hogei urte barru desager daitezke inguru zehatz batzuetan.

Hala ere, oraindik ez dago argi espezieak nola aurre egingo dion klima aldaketari. Ikertzaileak ohartu ziren eme helduek bigarren ugalketa unea izan zutela udan klima beroarekin. Ohiko egoeran urtean bakarra dute. "Geure buruari galdetu behar diogu ea jokaera aldaketa horrek lagundu dezakeen muskerrak inguru beroagoetara egokitzen", esan du Bestionek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.