Klonazioa, berriki iratzarri den lehiakidea

Nukleo transferentziaren teknikak zeresan handia eman du aurten, baina zelula ama enbrionarioak lortzeko modurik errazena eta merkeena birprogramazioa dela berretsi du Serranok; ikertzaileen artean adostasuna ez da erabatekoa, eta lasterketak aurrera darrai.

Amaia Portugal.
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork bere onurekin eta gabeziekin, zelulak lortzea eta horiekin ehunak osatzeko bidean lan egitea ahalbidetzen duten lau tresna daude: zelula ama helduak, izoztutako enbrioietatik datozen zelula ama enbrionarioak —in vitro ernalkuntza—, birprogramatutako zelulak eta nukleo transferentziaren teknika —klonazio prozesuaren zati bat— bidez egindakoak.

Azken horrek zeresan handia eman zuen aurtengo maiatzean, Amerikako Estatu Batuetako Oregongo Unibertsitateko ikertzaile batzuek iragarri baitzuten klonazio bidez lortutako lehen giza zelula ama enbrionarioak eskuratu zituztela.

Zelula ama helduen erabilerak edo izoztutako enbrioietatik eratorritakoenak baino askoz ere aukera malguagoak emango lituzkete birprogramazioak eta klonazioak, eta bi teknika horietan egindako edozer aurkikuntzak oihartzun handia izaten du horregatik. Bazirudien birprogramazioak aurrea hartua ziola azkenaldian klonazioari. Oregongo Unibertsitatearen aurkikuntzak atera du atzera auzitara nukleo transferentziaren teknika, baina Serranok ez du zalantzarik: «Ia mundu guztiak uste du birprogramazioa erabiliko dela. Transferentzia nuklearra metodo baliagarria da, baina teknikoki oso konplexua. Gainera, giza obozitoak behar dira. Zailtasun horrek inplikazio komertzialak ditu, etikoak... Birprogramazioa, berriz, edozein laborategik egiteko modukoa da».

Hala ere, klonazioaren albistearen harira, BERRIAk maiatzean egin zuen inkestan, Ana Agirre EHUko Genetika irakasleak klonazioaren abantaila batzuk goraipatu zituen, birprogramazioarekin alderatuta: «Birprogramazioan, zelula helduetan egiten den indukzio hori egiteko genoma eraldatu behar da, eta eraldaketa horiek daramatzaten zelulak ezegonkorrak dira; ez dakigu oso ondo zer efektu izango zukeen horrek terapia moduan erabiliko balira. Zelula enbrionarioetan [klonazioaz ari da], berriz, genoma ez dago teknikoki aldatuta, eta etorkizunak itxura hobea du aplikazioei dagokienez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.