EITB

Kolaboratzaile berriekin ekin diote denboraldiari EITBko irratiek

Euskadi Irratiko Faktoria eta Baipasa saioetan umorezko tarteak sortu dituzte: Auto-hizketak eta Ezbaian. Asteazken goizean saio berezia egingo dute Zaballako espetxetik.

Iñaki Guridi, 'Albiste Faktor'-ko gidaria. EITB
urtzi urkizu
2021eko irailaren 6a
11:36
Entzun

Iñaki Guridik gidatuta, gaur hasi du irrati denboraldia Euskadi Irratiko Faktoria-k. Hartaz, aro berri bat hasi dute herritarrekin: ama izan berri dena, kontratu finkoa lortu berri duen Mauritaniako errefuxiatua, unibertsitateko ikasketak hasiko dituen kirolari profesional ohi bat, denda bat ireki berri duen ekintzailea… Euskal herritarren bidelagun izan nahi du denboraldi honetan Faktoria-k. EITBko irrati guztiek ekin diote gaur denboraldi berriari. Datozen egun eta asteetan, kolaboratzaile berrien ahotsak entzun ahalko dira.

Emankizun berezi bat egingo du etzi Euskadi Irratiak, bestetik: Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena eskuratu atarian, Zaballako (Araba) espetxe barrutik egingo dute saio berezia asteazkenean. Jaime Tapia (espetxe arloko aholkularia), kartzelako presoak, psikologo bat... Gonbidatu zerrenda luzea, gaiaren ertz guztiak lantzeko.

Klima aldaketa izango da Faktoria-ren lan ildoetako bat irrati urte berrian, eta Euskal Herrian gaur egun duen eragina aztertuko dute adituen eskutik, eta eragin hori nabaritzen duten lekuetatik bertatik egingo dute. Atal berriak ere izango dituzte: horietako bat, astelehenetan, Auto-hizketak, autoan lanera bidean doan fikziozko entzule baten hausnarketak, umorezko ukituarekin. Jon Celestinok musika eta aktualitatea lotuko ditu hamabostean behin. Ainhoa Etxaide, Elena Laka, Eneko Zarraoa eta Estitxu Garai dira analisia egiten lagunduko duten izen berrietako batzuk. Eta kolaboratzaileen taldera Oier Arantzabal, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus batuko dira, besteak beste.

Faktoria-ren bigarren zatian, magazinean, Manu Etxezortuk eta haren lantaldeak bizitza kontatzen jarraituko dute. Gertuko istorioak eta momentukoa, kaletik. Horrez gain, berrasmatzen jakin duten pertsonak ezagutuko dituzte entzuleek Ane Undurragaren eskutik. Norbera hobeto bizitzeko aholkuak emango ditu Aitor Aritzeta psikologoak, eta poltsikoa zaintzen ikasiko dute entzuleek Sara Urionabarrenetxea ekonomialariarekin.

Arratsaldean, Olaia Urtiagak munduko leihoa zabalduko du Baipasa-n. EITBren nazioarteko sareaz gain, aurten, Ekialdera eramango dituzte entzuleak Mari Jose Lasak eta Andoni Lubakik. Pantailetan ez galtzeko ikus-entzunezkoen mapa egingo dute Gaizka Izagirrek, Marga Berrak eta Ibai Zabalak. Eta irribarrez amaituko dute astea Ezbaian umorezko tartean, Antton Telleria eta Iker Laurobarekin eta Iñaki Cid eta Eneritz Sanchezekin.

Asteburuan, munduari patxadaz begiratuko diote Amarauna saioan, Nagore Telleriak gidatuta. Iñaki Segurolak eta Andoni Egañak zer pentsa jarriko dituzte entzuleak, mundu digitalari erne segituko dute, eta trantsizio energetikoa egiten lagunduko du Aitor Urrestik, energia berriztagarrietan adituak. Igotz Alkorta eta haren lantalde guztia arduratuko da, bestalde, asteburuetako albisteak xahutzeaz.

Estibaliz Ruiz de Azua Radio Euskadin

EITBren irratietako gaztelaniazko eskaintzan, berrikuntza nagusia Radio Euskadik eta Radio Vitoriak estreinatuko duten arratsaldeko magazina izango da. Estibaliz Ruiz de Azuak Distrito Euskadi irratsaioa gidatuko du, eta adi begiratuko dio inguruan gertatzen den guztiari. Euskal Herriko kale eta plazetan barrena ibiliko dira saioko kazetariak herritarrekin kontu kontari. Entzuleak eta haien istorioak izango dira protagonista, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik aurrera.

Xabier Garcia Ramsdenek gidatzen duen Boulevard saioa 12:00ak arte luzatuko dute, eta solaskide berriak izango ditu: Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministro izandakoa, Iñaki Garcinuño Cebekeko presidente ohia, Joseba Permach Iratzar Fundazioko kide eta EHUko irakaslea, Mohamed Akbache enpresa aholkularia, Jonathan Martinez kazetaria, Manuela Carmena Madrilgo alkate ohi eta epailea, Arantza Sinobas kazetaria eta Humberto Gutiérrez umoregilea.

12:00etan, La terraza irratsaio berria entzun ahalko da Radio Euskadin. Herritar ezagunekin hizketaldiak eskaintzeaz gain, tarte berri bat izango dute: ETB2ko Atrápame si puedes lehiaketaren irratiko bertsioa egingo dute. Irabazleak telebistako saioan parte hartzeko txartela eskuratuko du. Iñigo Lejarzak gidatuko du saio berri hori.

Gaztearen eskaintza

Gaztean Dida saioak jarraituko du goizetako iratzargailua izaten, baina 14:00ak arte luzatuta. Horrenbestez, 07:00etatik 11:00etara, Julen Telleriaren gidaritzapean, Jon Gotzon, Antton Telleria eta Andrea Aranburu arituko dira zuzenean. Ohiko kolaboratzaileak ez ezik, Andoni Ollokiegi musikaria, Azpiazu fitness Instagrameko fenomeno berria eta Gaztea Cover irabazi zuen Ainhoa Arroitajauregi izango dituzte lagun aurten, besteak beste. 11:00etatik 14:00etara, ordea, Ainhoa Vitoriak eta Xabin Fernandezek hartuko dute lekukoa.

Gu saioak arratsaldeak girotzen jarraituko du, Ibon Fernandez, Maite Garmendia eta Alain Perez esatariekin. Gauak, berriz, Julen Idigorasenak izango dira: diskoari buelta eman eta B Aldea-n murgiltzeko, 20:00etatik 22:00etara. Jarraian, nazioarteko musika zerrenden errepasoa ekarriko digu Maider Gorostegik, astelehenetik ostegunera, 22:00etatik 23:00etara.

Bestalde, klasikoei leiho bat irekiko diete asteburuetan, Joseba Sacristanen eskutik: larunbatean 19:00etatik 21:00etara, eta igandean 13:00etatik 15:00etara. Flaca DJk, bestalde, ostiral gauak girotzen jarraituko du aurten ere, 22:00etatik 23:00etara. Larunbat goizetan, Top Gaztea zerrendaren errepasoa egingo dute Oizeder Mayok eta Oihan Vegak, 11:00etatik 13:00etara. Igande arratsaldeak Txurruk gidatuko ditu, 17:00etatik 20:00etara, 2 positive saioan. Eta, astea behar den moduan amaitzeko, Makalak Boom shaka laka-ren txokoa zabalduko du, 22:00etan hasita.

Egitasmo bereziei dagokienez, maketa lehiaketa ohi baino beranduago egingo dute aurten. Pandemia dela eta, denboraldi hasierarekin batera jarriko da martxan 30. aldia. Grabazioak jasotzeko epea irailaren 6an hasiko da, eta, urteurrenari keinu berezia egin asmoz, Nøgen taldeak EH Sukarraren —eibartarrek irabazi zuten lehen Maketa Lehiaketa, duela 30 urte— izen bereko kantua moldatu du, eta Gazteako esatariek bideoan parte hartu dute. Maketa Lehiaketaren 30. aldiaren finala azaroaren 25ean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.