«Koleratua nintzen ikusirik turistek Eskual Herria inbaditzen zutela, entseatzen zirela kolonizatzen»

Urtero, «Mayi Elizaga kopa» eskaintzen zien Euskal Pilotaren Frantziako Federazioko pilotariei. Eskualzaleen Biltzarreko banketeak zirenean ere han zen idazlea, Marie-Eugénie-Françoise Elissague (Sara, 1899 Baiona, 1941), ohorezko mahaian jarririk, ezker-eskuin gizonez inguraturik, emazte bakar.

Mayi Elizagaren Escualdunac, 1928koa. ZALDIEROA.
Miel Anjel Elustondo
Donibane Lohizune
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Zuen familiak historia jakingarria du. Amerikaraino behar dugu...

Bai. XIX. mendearen bigarren erdia iraganik, gure aitatxi Martin Elizaga Sarakoa sortzez, Mexikorat joan zen eta, han, zenbait zilar meatze denuntziatu zituen, bere izenean ezarri. Nahi bezainbat diru egin zuen aitatxik. Mexikar batekin esposatu zen, gure amatxi Pachita Lazkanorekin.Pachita, omen, Montezumaren ahaideetarik zen, Mexikoko errege edo buru izana Hernan Cortesek mendean hartu zuen arte. Baina gure aitatxi-amatxiei itzuliz, sei seme-alaba ukan zituzten; gure aita izan zen haietarik bat. Bataio-harrian izena ezarri zioten Joseph-Firmin-Joachim [Elizaga Lazkano], Joaquin Castaños aitabitxiagandik, omen, garai hartan Mexikoko poeta nazionala baitzen!

Baina zu Saran sortu zinen…

Aitatxi Martinek familia osoa hartu, eta Eskual Herrirat etorri baitzen. Gure aitaz den bezainbatean,zuzenbidea ikasi zuen, eta adina heldurik, Maria Josefa Diez Rierarekin esposatu zen 1890ean Donibane Lohizunen, eta hura izan zen gure ama. Erran behar da Diez Riera zela familia bat espainola, eta goi mailakoa: aitatxi izana zen Espainiako Kasazio Korteko prokuradore nagusia Madrilen. Gure gurasoak esposaturik, bi haur ukan zituzten, ene ahizpa Catherine baina Catto, eta biok. Ni 1899ko abenduaren lehenbizian sortu nintzen, Saran, frontoiaren ondo-ondoko etxean. Bataiatu, aldiz, handik hilabetera bataiatu ninduten, urtats egunez, Sarako elizan, bistan dena.

Oraindik hor den etxean sortu zineten, beraz.

Eta bertan bizi izan ginen gurasoekin eta amatxi Pachitarekin, hura ere gurekin izan baikenuen! Oroit naiz Mexikoko istorio harrigarriak kontatzen zizkigula, eta Catto eta biok loriatan izaiten ginela. Boza zuen frango apala, zinez goxo eta eztia, eta doinua, berriz, Mexikokoa! Eta istorio haiek kontatzen zizkigularik ere, tabakoa erretzen zuen! Egia erran, goiz guziez ikusten genuen amatxi, ohean sarturik, egunean erreko zituzkeen zigarroen egiten, hartu tabakoa, hartu papera, eta bata bestearen ondotik biltzen. Oraino ikusten ahal ditut haren hatzak, hein bat horituak, hein bat bihurri eta aztapartuak.

Hego haizeak erranik dakit eskolara gabe, etxean ikasi zenuela.

Maite ukan nuen hego haizea!… Ene ustez, gure aitak jakin zuen gauzen behar bezala ontsa egiten. Catto eta biok Sara inguruko komentu batean pentsionista sartu ordez, edo Baionarat barnetegi baterat igorri ordez, aitak nahi ukan zuen guk etxean ikastea. Beharrik, ez gintuen komentu edo barnetegi bateko murru artean sarrarazi, haiek kasik presondegi baitziren! Cattok eta biok etxean iraun genuen beti, eta gu inora partitu ordez, prezeptore bat heltzen zitzaigun egun oroz etxerat. Emazte ona zen erakasle hura, eta zen, gainera, guretzat bakarrik! Erranen nuke behar genuen guzia erakatsi zigula gure prezeptoreak. Beti zen gurekin, bai Sarako etxean ginelarik, bai Donibane Lohizunen edo Zuraideko Artia etxaldean ginelarik ere.

Ikasteaz landa, zer zenuten Sarako bizia?

Pilota! Sarako plazan bizi gintuzun, arrabotearen kontra-kontra, eta oroit naiz beti pilotak hormaren kontra egiten zuen kolpea. Ez zen behin ere falta pilotaren kolpe bortitza! Gainerakoan, oroitzen naiz ikusi nuela, konparazione, [Martin] Bidaur pilotari abila, Amerikan ere ibilia zenbait gazteri xistera jokoaren erregelak esplikatzen. Edo xantrea gure aitarekin pilota jokoaz mintzo… Haien guzien gibeletik ibiltzen nintzen, eta haiek gelditzen zirelarik, gelditzen nintzen nihaur ere, zer erraiten zuten aditzen, nahiz beti ez nuen konprenitzen! Aita noiz xantrearekin, noiz adiskideekin, pilotarien jestuen analizatzen, pilotarien aldeko goresmenak egiten, edota, ez gutitan, kritikak! Eta etxerat sartzean, aitak ikusten baitzuen nik interesa nuela, kontatzen zizkidan berak biziak, bere begiz ikusiak. «Ene sasoian, pilotak saratarren bihotza pizten zuen, orain baino kar frango handiagoan. Jendeek ez zuten loak hartzen, jakin artean herriko pilotariek Donibane Garaziko partida, edo Luhusokoa, edo Hazparnekoa, irabazia zuten, edo galdu».

Pilota zale makurra zuen aita…

Ez da gaizki errana. Aitak irakurtzeko ohitura zuen, eta, gauean, lanpara hartu, eta berant artio egoiten ahal zen zenbait libururen irakurtzen. Eta aski berant izanagatik ere gauerdia gabe, hamaikak edo zerbait hola, aitak pilotarien autoa heldua zen jakiterat igortzen gintuen Catto eta biok. Batzuetan, gaua zen, eta hotza eta iluna, eta beste batzuetan, aldiz, zerua zegoen osoki izarrez betea; edo ilargi betea zen eta argitzen zuen arrabotea. Eta pilotarien autoaren harrabots miragarria aditurik, urrundik jakiten genuen saratarrek partida irabazi zuten, ala galdu. Isilik zetozelarik, bagenekien jokoa galdu zutela. Baina enkas irabazi bazuten, ai, ai, ai!, aditu behar ziren haien irrintzinak eta haien tra-la-rai-lak! Fite aterako ziren jendeak beren etxeetarik, eta, handik goiti, garaitza gaua izanen zen hura!

Gero, zure izeneko kopa jokatzen hasi ziren pilotariek, eta zuhaurek ere izkiriatu zenuen zenbait artikulu pilota jokoaz…

Maite nuen pilota, eta maite nuen pilotaren gaineko istorioak aditzea. Herriko bestak zirelarik, etxean, familia osoa mahaian bildurik, aitak frango istorio kontatzen zituen. Eta, arestian erran dizut, trinketean ginelarik, edo handik lekutzean, aita pilotaz edo pilotarien eiteaz zen mintzo. Kontalari kartsua zen, eta erran ere nion behin baino gehiagotan: «Behar dituzu istorio horiek izkiriatu, aita. Nahi ditut enetzat betiko atxiki». Baina aita eskualduna izanki, ez zen Artze eta Dongaitzen partidaz izkiriatzen hasiko, edo atanotarren gainean. Gure aitaren buruan ez zen sartzen pilotaz izkiriatzea, eta, ezinbestean, nihaurek izkiriatu nituen, ontsa edo gaizki. Aitaren istorioak ziren, nihaurek izkiriatuak baina aitarenak, eta berari eskani nizkion, bereak baitzituen.

Eta nola hasi zinen izkiriatzen?

Izkiriatzen den gisan: jarri eta izkiriatu, ez da sekreturik. Nik, izkiriatu, eta gure prezeptoreak, berriz, boz goran irakurtzen zituen, familia bildurik zela. Orduko, nahi beste irakurtzen nuen, hori ere erraiten ahal dizut, eta Annales aldizkaria, konparazione, hartzen genuen etxean. Kasik etxe guzietan errezibitzen zen agerkari hori, historiaz eta zientzia sozialez, baita herririk gordeenetan ere. Hamalau edo hamabortz urte nituelarik hasi nintzen izkiriatzen. Ziur naiz ortografia hutsak egiten nituela oraino, baina ene egunekoa izkiriatzeari lotu nintzen. Egunean pasatu zirenak ezartzen nituen kaieran. Eta, orduan, gerla sortu zen, Gerla Handia. Eta gizon guziak partitu ziren, Frantziaren alde borrokatzerat, nazioa defendatzerat. Leihotik karrikarat beha ikusi nituen herriko gazteak bazihoazela, soldadu. Eta L'Action Française irakurtzen nuen, eskuina zen, monarkiaren aldekoa zinez, eta ni haietarik nintzen. Eskual Herria maite nuen, Frantzia maite nuen. Eskual Herria bezainbat maite nuen Frantzia, hala zen orduan, nahiz oraingo eskualdun ainitzek ez duten hori konprenitzen ahal. Beste ainitzek bai, konprenitzen dute, eta oraingo egunean ere!

Nahi bester irakurri zenuen, eta izkiriatu zenuen.

Ene gisa, beti. Aitak bere sostengua eman zidan beti, ahulezia hori zuen, ez zuen niri deus ukatzeko bihotzik, ez zuen nehoiz ukan. Liburu kargamenduak galdegiten nituen, jasotzen ere nituen, eta ene ganbaran hesten nintzen, eta irakurtzen nuen. Eta irakurri nituen Charles Maurras, Leon Daudet, Jules Lemaitre Action Française-koak baitziren, eta Anatole France eta Pierre Loti, konparazione. Gero heldu ziren Ernest Psichari ene jainkoetarik bat, eta Anna de Noailles. Erran nahi baita, irakurtzeko sukar handia nuela, eta gogo biziz irakurtzen nituela ene begietara heltzen zen guzia, eta batzuk ziren liburu onak, eta beste batzuk ez hain onak; batzuk ziren autore handien obrak, eta beste batzuk, aldiz, nobela ttipittoak. Ez nuen ene burua beste gidaririk, nihaurek bakarrik deskubritu nuen edertasunaren bidea.

Gerla fini eta hasi zinen zure lanak publikatzen…

Gerla sasoian ez nuen luzaz deus izkiriatu. Gure pentsamendu guziak gerlako frontean ziren, gure otoitz guziak Verduneko soldaduen aldeko ziren. Verduneko borrokak izan ziren zinez odoltsuak, eta, bestalde, han ziren Frantziako gizon guziak, aitak, anaiak, senarrak… Gure Herriaren biziaren defendatzerat joanak ziren Verdunerat. Frantzia zen guziz ederra, baina iparrean dena zen gaizki handia, ebatsia orotan, dena zen arpilatua eta errauts egina. Nik, Saran, amaren ondoan eman nituen arratsak, lanazko estalgien egiten, ezagutzen ez nituen soldadu eta jendeentzat. Ez nituen ezagutzen, baina maite nituen hala ere! Baina noizbait ere bakea erreusitu genuen, eta heldu ziren urte zoroak.

Urte zoroak?

Garaitza ondoko bozkario handia, urte zoroak: luxua, bidaiak, dantza, eguneko eta gaueko boîte-ak, kosmopolitismoa, «mundu modernoa». Eskual Herrian ere horretaz oharturik bizi ginen, eta, laster, gure aitak Pariserat joaiteko ohitura hartu zuen. Ez zen bera bakarrik joaiten, denok joaiten ginen eta emaiten genituenhilabeteak Parisen. Eta han, nihon baino gehiago, izkiriatu behar nuela sentitu nuen, sukarra. Eta Eskual Herrirat itzulirik, Donibane Lohizunerat, edo Zuraideko Artiarat, lotu nintzen izkiriatzerat. Egun oroz nuen izkiriatzen, gelditu ere gabe. 1919tik 1921era, hiru-lau nobela izkiriatu nituen, eta zenbatnahi artikulu Gure Herria-n, Le Courier de Bayonne-n, L'Action Française-n... Gero, horiek bildu eta publikatu zuten Silhouettes basques [1925], ene obraren guztizko gehiena. Aita gogotik entseatu zen ene lanak han eta hemen argitara zitezen, eta iduri du bere nahia erreusitu zuela…

Silhouette gehiago ere argitaratu zenituen ondoko urteetan, baina 1929an Prosper-Louis Lebrun jaunarekin esposatu, eta utzi zenion izkiriatzeari…

Eta zer erranen dizut… Parisen jarri ginen bizitzen. Paris zen artearen eta intelektualitatearen hiriburua, artista famatuak biltzen ziren lekua, eta iduri luke, ni Parisen izanki, gehiago izkiriatu behar nuela, menturaz ene lana hedarazi. Jadanik ez nintzen hasi berria, banuen aski esperientzia, eta, aldiz, Parisez gero ez nuen kasik deus izkiriatu. Kasik deus ere ez. Eskual Herria falta zitzaidan, eta nahiz Donibane Lohizunerat edo Zuraiderat sarri itzuli ene senarrak nahi baino sarriago, ez nintzen ene etxean, gurasoenean gonbidaturik baizik. Alta, beraz, ez zen egiazko itzulera. Eta, bestalde, bi haur ukan genituen, Mayita eta Jean-Charles, eta Eskual Herriak eta literaturak okupatzen zuten lekua beretzat hartu zuten haurrek, hartu zuen ene amatasunak.

1930eko kraka heldu zen…

Fortuna handi ainitz peko errekarat joan ziren, nola Mundu Berrian hala Zaharrean. Bai, gure aitak ere gorriak ikusi zituen, ez zen katastroferik izan, baina egoera aldatu zen gurasoen etxean, ez zen ordu arteko oparotasunik izan, eta gurasoak horrela ikusteak min handia egin zidan. Menturaz, sasoi hartan Baionako prentsan edo Pariseko agerkarietan izkiriatu nituen artikuluak aitzinekoak baino garratzagoak dituzu, baina samurtua eta koleratua nintzen neobaskofiloen pedantekeriaz oharturik,ikusirik turistek Eskual Herria inbaditzen zutela, Herri zahar hau kolonizatzen entseatzen zirela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.