Otxomaioak Urduñan

Kolore berria du suziriak

Aurten, lehenengoz, Urduñako (Bizkaia) otxomaioek emakumezko txupinera izango dute. Izendapena herri bozketa bidez egin dute, aurrenekoz.

Jendetsua izan zen iazko txupinazoa. URDUÑAKO UDALA.
2016ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ez gara herri handi bat, eta batzuetan gustatuko litzaiguke egitarau osoagoa izatea, eta izen handiagoko musika taldeak ekartzea, edota bestelako ekitaldiak antolatzea; baina, halere, irrika biziz gozatzen ditugu beti jaiak. Urduñar guztiak herrian geratzen gara edo herrira bueltatzen gara otxomaioetan». Maria Barbero Zaragozan (Espainia) bizi da duela hilabete eta erditik. Motoziklista da, eta berriki Zaragozako BMW Goya Motorrad taldearekin egin du kontratua. Horrela bada, gaur 13:00etan autoa hartu eta bizkor-bizkor joango da Urduñara (Bizkaia), bere herrira, jaiei hasiera ematera. Izan ere, bera da aurtengo txupinera. Are gehiago, Urduñan jaiak egiten direnetik, bera da lehenengo emakume txupinera. «Plazera eta ohorea da. Ez nuen sekula imajinatuko. Oso pozik nago. Izugarria izango da. Jakin badakit jende asko inbidiaz dagoela!».

Txupinera aukeratzeko, herri bozketa egin dute aurten lehenengoz, eta Barberoren hautagaitzak lortu du boto gehien. Herrira bueltatzeko gogotsu dago. «Lagunekin elkartuko naiz, kuadrillarekin, eta baita familiarekin ere; gozatzera nator. Dena den, gorputza zaindu beharko dut pixka bat, datorren astean lasterkekin hasiko naiz eta!». Aipatu duenez, datorren astean urteko lehen lasterketa egingo du Jerezko zirkuituan (Espainia), eta hori dela eta, ezin izango ditu jaiak bete-betean gozatu. Asteburua Urduñan pasatu ostean, astelehenean Zaragozara bueltatuko da.

Kirolari sutsua da Barbero, etaabiadura oso gustuko du. Duela bi urte sortu zuten Emakumezkoen Motoziklismoko Espainiako Kopa, eta lehenengo lehiaketairabazi zuen bizkaitarrak iaz. «Orain arte motorra denbora-pasa zen niretzat, baina gaurko egunez nire ibilbidea asko aldatu da; profesionalizatu egin naiz». Abiadurazalea izateaz gain, gauzak etorri ahala hartzen dituenetakoa da, eta txupinera izatearen izendapena ere halaxe hartu du. «Oraingo honetan, jaien lasterketa hasiko dugu, zirkuitukoaren ordez». Oraindik ez du egitaraua ondo ezagutzen, baina badaki zenbait ustekabe prestatu dizkiotela herrikideek. «Isilpean gorde nahi izan dute, baina enteratu naiz saltsa batean baino gehiagotan nahasi nahi nautela. Batetik bestera ibiliko naiz, ez dut atsedenik izango, ezta nahi ere, otxomaioak dira!».

Barberoren esanetan, oso festa famatuak izan dira beti otxomaioak, bai Urduñan eta baita herritik kanpo ere. Izena ez ezik, parranda ere ezaguna omen. «Plaza eta kaleak bete egiten dira. Inguruetako jende mordoa etortzen da, baita Bilbotik ere. Guk ere hiri titulua daukagu, eta ez gara gutxiago». Aitortu duenez, ez du alkoholik edaten, eta eguneko parranda nahiago du gauekoaren aldean; halere, oso kontzertu zalea da. «Jaien bigarren asteburua lehenengoa baino indartsuagoa izaten da; larunbatean, adibidez, O'Funk'illo taldeak joko du. Baina ezin izango ditut ikusi, Jerezen egongo naiz. Ez dut esango pena daukadanik, Jerezen ere gustuko dudana egiten ibiliko naizelako, baina badaukat arantzatxo bat».

Olaran elkartea pregoilari

Barberorekin batera, pregoilariak igoko dira Urduñako udaletxeko balkoira. Aurten Olaran elkarteari egokitu zaio eginbeharrra. Gastronomia ardatz duten herriko txokoen elkartea da, eta haren kideek irakurriko dute pregoia. Bitxia da elkartearen sorrera: 2001ean Euskadiko Marmitako Txapelketa antolatzeko helburuarekin bildu ziren zenbait lagun, eta gaurko egunez elkarte bihurtu dira. Gastronomia lehiaketetan parte hartzen dute, herri bazkari eta afariak prestatzen dituzte, eta urtero Zilarrezko Perretxikoa Saria ematen diote Urduñako elkarte eta herritar bati, urte horretan egindako merituengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.