Aste honetan amaitu da Getxo eta Portugalete (Bizkaia) elkartzen dituen Bizkaia Zubia berritzeko lanak. Ohiko pasealekua da portugaletetarrentzat zubiaren inguruko oinezko bidea.Asteguna izanik ere, jende ugari dabil gora eta behera, eta horietako askok zubiaren itxura berriaz hitz egiten dute. Izan ere, betitik izan duen kolore beltzetik Muskiz gorrira igaro da.
Irailaren 18an egin zuten inaugurazio ofiziala, lanen zatirik handiena amaitu ostean. Zubi ezagunari, 250 pieza berri, eta jatorrizko eraikuntzan erabilitako 500 iltze zabal lehengoratu eta berriz jarri zizkioten. Baita errail berri bat ere, azpiegituraren iraupena eta segurtasuna bermatzeko. Kolorea ere aldatu zioten, baina zubiari heltzen dioten kableak gorriz margotzea falta zen. Orain erabat amaituta, herritarren hizketagaietan protagonista da berriz zubia. «Aurpegi berritzearekin, zubiak asko irabazi du», zioen zubiaren ondoan zegoen gizonezko batek. Haren inguruan zeuden beste hainbat adineko, eta, hori esatearekin batera, eztabaida piztu da. «Lehen zegoen bezala askoz gehiago gustatzen zitzaidan! Ez dut ulertzen zergatik aldatu behar izan dioten kolorea zubiari, beti horrelakoa izan denean», zioen batek. Taldetxoan, gehienak dira kolore aldaketa gustukoa ez dutenak, baina «denborarekin ohituko gara, beste hainbat gauzarekin ohitu izan garen bezala», borobildu du denetan adin gehiena duenak.
Zubiaren kolorea aldatzeko arrazoiak,ordea, teknikoak dira. Tradizionalki izan duen beltzak, irrada termiko gehiago jasotzen zuen, eta horrek azpiegituraren egiturari zuzenean eragiten zion. «Alde horretatik, egin beharreko lana zen», adierazi du zakurrarekin doan emakume batek. Koloreak, gainera, bizi berri bat eman diola iruditzen zaio, «lehengo beltza apur bat tristea zela iruditzen zitzaidan».
Kolore berriarengatik bainoago, kableak margotzeko teknikengatik harritu da alabarekin paseoan doan gaztea. «Egunero egiten dut hemen ingurutik osteratxo bat, eta hortxe ikusten nituen langileak, kableetatik zintzilik eta eskularru batzuekin margotzen», dio. Eskularru bereziekin, ohiko pintzelekin ez baitira kableak behar bezala margotzen.
Krisi garaiarekin konparazioa
Zubia berritzeko lanek 2 milioi euro inguruko kostua izan dute, eta gastu horren zenbatekoa gehiegizkoa iruditu zaie adinekoen taldetxokoei. «Diru kopuru hori eskualde honetan dagoen langabezia arazoa konpontzeko erabili izan balitz, ez zen batere gaizki egongo», adierazi du horietako batek. Berriz ere eztabaida piztu da euren artean, askok uste baitute egin beharreko lan bat zela Bizkaia Zubikoa.
1893an inauguratu zuten zubia Euskal Herriko industrializazio garaiaren ikono gisa erabili izan da maiz. «Ezkerraldean dagoen langabezia tasa kontuan hartuz gero, zubiari begiratuta zera pentsatu izan dut behin baino gehiagotan: garai haietan bezainbeste lan balego gure gazteentzat...», dio adinekoen taldetxoko zaharrenak. Urteak pasatu dira, eta Bizkaia Zubiak eskualdearen garapena zuzenean bizi izan du. «Ea etorkizun hobea ezagutzen duen».
Plaza giro
Kolorea berritutako zubia
Bizkaia Zubiari kolorea aldatzeko lanak aste honetan amaitu dira. Erabaki hori, ordea, ez da guztien gustukoa, beltz kolorea nahiago baitute portugaletetar batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu