Erre dute. Miel Otxin gaizkilea epaitu eta hil egin zuten atzo Lantzen (Nafarroa). Urteroko erritua berpiztu zuten herriko gazteek, urtero berria den Miel Otxin erre dute berriz ere, urtero berri den inauteri zaharrean. Euriarena ere ez da kontu berria. Atzo ez zuen gelditu, baina hala ere kalera atera ziren Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, txatxoak eta arotzak. Ikusle anitzen begiradapean egin zuten kalejira. Arratsaldean, euriarekin batera, sua. Joan dira gaitzak, eta baita inauteriak ere. Bukatu dira. Heldu den urtean berriro aterako dira.
Panpina erraustea ez zitzaion askorik inportako Iñigo Oiaregi lanztarrari. Burua Miel Otxinen hankartean sartu, eta bueltaka ibiltzen du herrian zehar. Berak bakarrik ez, lau lagunen artean egiten dute, txandaka. «Nik laguntzeko egiten dut, bizpahiru geratzen badira gutxi direlako. Miel Otxin eramateko, gero eta gehiago, hobe», esan zuen gosaria hartzen zuen bitartean.
Atzo goizean ez zuen txatxo jantzia soinean. Bizkarreko minez zebilen asteleheneko kalejiraren ondorioz. «[Miel Otxinek] Mugimendu txarra egiten dizu, eta lepoan min hartzea erraza da. Txarra da eramateko, eta, gainera, horiek guztiek bultzatzen dute izorratzeko, pixka bat», esan zuen inguruan zituenak behatzarekin seinalatuz.
Aurtengo panpinak 44,5 kilo pisatzen zuen. Normalean ez dakite zenbatekoa den, baina bi gaztek apustua egin zuten pisua zeinek asmatu, eta galtzaileak atzoko gosaria ordaindu behar izan zuen. Batik bat, hori baitira inauteriak, bai Lantzen, bai eta Euskal Herriko beste herrietan ere: txantxa, alaitasuna, eta herritar guziak mahaiaren inguruan biltzeko aitzakia. Oiaregik aitortu zuen, lehen ilusioa egiten ziola Miel Otxin eramateak, baina orain beste gauza batzuei ematen die garrantzia: «Gaztea nintzenean ilusioz hartzen nituen inauteriak, pertsonaiak eta abar. Baina orain urtean behin kuadrillarekin elkartu eta solastatzeko nator, belaunaldiak nahasten direlako eta gauza berriak zaharrekin nahasten direlako».
Hogei urte baino gehiago dira Oiaregik Miel Otxin dantzatzen duela, eta, esan zuenez, txikitan ere eraman ohi zuen panpina txikia. Izan ere, igandean herriko haurrak dira inauteriak karrikaratzen dituztenak. Oihana Oiz ere txikitatik mozorrotu da, eta oraindik ere inauteriak ilusio handiz bizi ditu. «Hau sekulakoa da, egundokoa. Txiki-txikitatik asko gozatzen dugu, barne-barnean daramagu. Oso zaila da sentitzen duguna azaltzea».
Itxuraldaketa
Oizek ere herriaren batasuna goraipatu zuen, inauteriek herritar guziak biltzeko duten indarra. Eta, nola ez, tradizioari urte luzez eusteko duten grina. «Oso harro gaude gure inauteriekin, eta eskertzekoa da kanpotik hainbeste jende etortzea», zioen. Koloretako jantzia jarri zuen soinean, eta zapia buruan janztearekin batera Oiz izateari utzi, eta txatxo bihurtu zen.
Horren aurretik, gosaria egin zuten ostatuan, kalera atera aurretik indarrak hartzeko. Ondoren, eguerdi aldera, aulkia albo batera utzi, eta, txistularien doinuari jarraikiz, zortzikoa dantzatu zuten. Lehenbiziko solairua jendez lepo zegoen, eta, bat-batean, tenperatura igo egin zen. Dantzariak eta musikariak, nor baino nor aritu ziren, ea zeinek gehiago eutsi. 11 minutuko dantza egin zuten, eta izerdia kopetatik behera bukatu zuten gazteek.
Mutilak izan ziren jarduera horietan. Oizek esan zuen oraindiknagusiki gizonenak direla inauteriak. «Baina emakumeak ere sartzen hasi gara. Gainera, aspalditik mozorrotzen gara gu ere; ama, adibidez, 20 urteren bueltan hasi zen txatxoz janzten».
Zortzikoa dantzatu, eta sabaira igo ziren mozorroa janztera. Ziripot da gehien kostatzen dena, zakuak ongi bete behar baitituzte lurrera jaustean minik har ez dezan. Sabai ilunean zegoen Miel Otxin bera, zutik, zain. Koloretako jantziak gora eta behera zebiltzan, ganbara magiko bat balitz bezala. Han, aurpegia estaltzeko prest, Birjinia Mariezkurrena. Leitzakoa da sortzez, baina Lantzen bizi da. Iaz mozorrotu zen lehenbiziko aldiz. «Asko gustatu zitzaidan, ez nituen inauteri hauek ezagutzen. Leitzan diferentea da, ez dago horrelako ohiturarik», esan zuen. Lanztarrek animaturik jantzi zuen txatxoen ttuntturroa. «Oso ongi hartu ninduten, eta mozorrotzeko esan zidaten. Herriko gauza zela uste nuen, baina hemen bizi nintzenez...», azaldu zuen. Mozorroak jantzita, kanpoan jende anitz zuten zain. «Orain, erratzarekin kolpeak banatzera», zioen Mariezkurrenak, kontent.
Arotzak agertu ziren lehenbizi, mamuak izango balira bezala, oihuekin eta sardeekin jendea ikaratuz. Ondoren, Ziripot, txistulariak, eta, bat-batean, koloretako uholdea. Hamaika txatxo atera ziren korrika, irrintzika, eta zintzilik zituzten txintxarri zein joareak astinduz. Eta azkenik, protagonista: Miel Otxin. Txistulariak zortzikoaren balsa jotzen hasi ziren, eta hala jardun zuten hogei minutu inguruko kalejiran. Zaldikok Ziripot lurrera bota zuen etengabe, eta arotzek Zaldikoari gogor eusten zioten ferrak jartzeko.
Frontoian bukatu zuten itzulia. Miel Otxin erdian paratu, eta haren inguruan zortzikoa, behin eta berriro. Euriak ez zuen dantza eten. Arratsaldean, antzezpena errepikatu zuten: bazkaldu ondoren zortzikoa, jantzi, eta itzulia egin zuten. Baina, orduan, panpina maltzurra ez zen libratu. Frontoian erre zuten.
Koloretako uholdea
Euriari aurre eginez kalera atera dira Miel Otxin, Ziripot, txatxoak eta gainerako pertsonaiak inauterietako hondar egunean. Bisitari ugari bildu dira Euskal Herriko besta ezaguna bertatik bertara gozatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu