ATZEKOZ AURRERA

Kolpe eta kanta

Eguerditik hasita hainbat abeslari talde eta abesbatza aritu dira Santa Ageda bezperan kantari Bilboko Zazpikaleetan. Euskal museoan batu dira haietariko batzuk.

Garaizako Matsorriak abesbatzako kideak, atzo, Bilboko Euskal museoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pun! Zirkuluan jarri, elkarri begiratu, keinu txiki bat buruaz baietz, prest, eta orduan jo zuten lehen makilakolpea lurrean Garaizarko Matsorriak abesbatzako hemeretzi kideek. Jaka gris dotorez eta txapelarekin, eta isilik jendea haien inguruan Bilboko Euskal Museoko klaustroan. Pun!, bigarren kolpea. Euskal Herriko beste hamaika herritan bezala, atzo ere ehunka pertsona aritu ziren goizean goizetik arratsera arte kantuan eta makilak astintzen Bilboko Zazpikaleetan. Pun!, hiru. Baina Garaizarko Matsorriak abesbatzakoak izan ziren talderik goiztiarrenetariko bat Bizkaiko hiriburuan, goizeko hamaikak heldu gabe zirela hasiak baitziren kantuan. Eta, pun!, laugarren kolpearekin denek batera abiatu zuten Santa Ageda bezpera. «Santa Ageda, Ageda, gure martiri maitea, etxe honeri eman eiozu zoriona ta bakea...».

«Aitite entzutera etorri gara, ezta?». Besoetan zeraman umea Santutxu auzoko Ibabe Perezek atzo, eta aita zuen kantuan aurrean. «Ni oraindik ere hunkitzen nau egun honek. Badu energia eta indar berezi bat». Abesbatzetan kantuan aritutakoa da Perez, eta zuzendari lanak ere egin ditu luzaroan, entzule zebilen atzokoan, halere. «Segitu egiten ditugu abesbatzakoak, eta hau du bere lehen aldia [umeari keinu eginez]. Apur bat beldurtu da lehen makilen zaratarekin».

Hunkidura hori aipatu zuen Santutxuko Teresa Allok ere. Entzule izan zen goizean Euskal Museoan, abesten aritu zen eguerdian Bilbon Esperientziaren Ikasgelako abesbatzarekin, eta bere auzora joan zen arratsaldean han ere kantari aritzera. «Berezi-berezia da hau. Txikitatik bizi izan dut, eta jarraitu dut ohitura nik ere semearekin lehen eta ilobekin orain, baina, kantatzeaz aparte, niri gustatzen zaidana da makilarekin lurra jotzea, ze hori izan zen ohitura pagano bat. Lurra esnatzeko egiten zen, eta niri horrek sekulako zirrara sortzen dit».

Santa Agedaren historia oroitzeaz gainera, oihartzun pagano horri ere eusten dio kantuan ateratzeko ohiturak. Eta, hain zuzen ere, 30 urtez baino gehiagoz azaldu dizkie xehetasun horiek Mari Carmen Gabikaldekoak bere ikasleei. «Gure kulturan errotuta dagoen zerbait da hau, eta gorde egin behar dugu». Erretiroa hartuta dago jada, eta entzule zebilen atzo, baina barrez eman zuen irakasle garaiari buruzko azalpena: «Umeek edozein ekintza oso ondo hartzen dute, eta, gainera, eskolatik ateratzea esan nahi badu, eurak poz-pozik klasea galtzearren!».

Elkartasun keinuak

Tradizioak utzi zuen gaurkotasunarentzako tarterik ere. Okasiorako propio sortu zituen bakarka abesteko koplak Jose Antonio Kaltzada Surti abeslariak, esaterako. «Munduari dugu eskatzen,/ gure presoak/ laster baino lehen/ etxera etor daitezen». Eta abestia amaitutakoan eman zuen azalpena: «Niretzat, egun berezia da, eta herriko gaiak eta problemak atera daitezke kalera. Hori da interesgarria, nire ustez. Kantuan laguntzen dugu problemak ikusarazten».

Elkartasunak ere badu bere garrantzia Santa Agedaren bezperan. Bilboko Suhiltzaileek, esaterako, Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko elkarteari eman zioten atzo kantuan bildutako diru guztia. Suhiltzaile jaka laranja fluoreszentea eta txapela soinean aritu ziren kantuan atzo, eta Josu Iturriegi aritu zen poltsa pasatzen. «Urtero egiten dugu, eta motiboak ere berezi egiten du eguna, jasotzen dugun dirua ez delako guretzat izaten. Gainera, elkartzeko aitzakia ona da».

Unamuno plazan izan ziren Nervion Ibaizabal Parkinson elkarteko kideak ere atzo eguerdian. Kaiku berdea soinean, zirkuluan kantuan, eta Balbino Rojo logopeda zuten gidari. «Ahotsa galdu egiten dute zenbait gaixok, Parkinsonaren ondorioz ahots kordak zurrundu egiten zaizkielako, eta kantuaren bidez prozesu hori pixka bat moteltzea da asmoa, eta baita gaixotasun kronikoek sor dezaketen bakartzea apurtzea ere». Ongi pasatzea izan zen, halere, lehen helburua atzokoan, Rojoren hitzetan. «Pentsa, eguraldia duda mudakoa izanda ere, aulki gurpildun eta guzti, berdin-berdin etorri dira kantatzera».

Ongi kantatzeko fama dute Arratiako abesbatzako kideek, eta horren froga izan zen atzo Euskal Museoan sortutako jakin mina. 12:00etan ziren klaustrora heltzekoak, baina, nahiz eta ordu erdi baino gehiago atzeratu, zain izan zuten jendea hantxe bertan. Ane Legarreta izan zuten gidari abeslariek. Lehen urtea du zuzendari lanetan, eta urriaz geroztik aritu dira Santa Ageda bezperako saioa entseatzen. Eta pozik zegoen Legarreta emaitzarekin, museoan kantatzen aritu berritan. «Santa Ageda bezperaz kalera ateratzen diren 66. urtea du aurten abesbatzak, eta haien motibazioa kristorena da.Hori kutsatu egiten da. Nik ez nuen ezagutzen barrutik ohitura nola bizitzen zen, eta itzelezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.