Azkenaldian apur bat aldatzen ari bada ere, lagun, familia-kide edo norbait ezaguna ikustean masailean bi musu ematea gizartean aspalditik onartuta dagoen keinua da. Poquita fe telesaileko lehen denboraldian keinu horri atal bat eskaintzen zaio: «Pertsona bakoitzeko bi musu, egunean bi aldiz, egunean 280 musu». Segurtasun zaintzaile gisa lan egiten duen pertsonaia batek aipatzen du, kexati, enpresako atean igarotzen duela egun osoa. Telesailaren lehen denboraldia estreinatu zutenean, eszena hori sareetan oso birala egin zen, eta telesailak duen izaera kostunbrista eta horrekin txisteak egiteko duen gaitasuna erakusten du.
Protagonistak Berta (Esperanza Pedreño) eta Jose Ramon (Raul Cimas) dira, bizitzako egunerokoari aurre egin beharko dion bikote xelebrea. Amesten duten carpe diem hori betetzeko, ordea, traba ugari topatuko dituzte bidean: ahizpa, amaginarreba nekagarria, bizilagun jasanezina, lagun abenturazalea, lankide bitxiak, tabernako lagunak... eguneroko asperduraren biktima den bikote bat dira.
Kontakizunaren euskarri nagusia bi protagonistak diren arren, bigarren mailako pertsonaien aniztasunari esker aberasten da telesaila: aita-amaginarreba muturluzeak, koinatak, bizilagun astunak, lankideak... Auzotegiari bizitza ematen diote, eta, karikaturizatu gabe, serieak duen kostunbrismo kutsua indartzen dute.
Argumentu berririk ez
Argumentuari dagokionez, ez da bereziki berritzailea: errutinaren zentzugabekeria islatzen duen serie absurdoa da, baina lehen begiratuan dirudiena baino ñabardura gehiago oparituko ditu. Freskoa, atsegina eta ikuserraza da.
Hasiera-hasieratik, sortzaileek istorio txikiak egunerokotasunean jarritako lupa batekin kontatzeko asmoa agertuko dute. Hautu horretatik egoera unibertsalak jaioko dira: ostiral gauetako asperdurak, familiaren elkarbizitzaren etengabeko zaratak, bizilagun gogaikarriak... hain eszena ohikoak izanda, bizitzaren beraren ispilu txiki bihurtuko dira.
Telesailaren apustu deigarrienetako bat egitura narratiboa da: pertsonaiek laugarren horma hausten dute ia dokumental faltsu formatura jauzi eginez, euren pasadizoak zuzenean kamerari aipatzen dizkiote: The Office telesailean egiten duten moduan, pertsonaiak elkarrizketa formatura pasatzen dira. Une dibertigarriak sortzen dira, baina formatua nahiko funtsik gabea da. Hau da, The Office-n eta beste hainbat telesailetan, erabilera horrek zentzua du, dokumental-faltsu gisa filmatuta dagoelako; baina hemen ez da horrela gertatzen, eta horrek deskonexio moduko bat sortzen du hari nagusiarekiko.
Formatu hori erabiltzea zentzugabe samarra bada ere, oro har oso gustura ikusten den proposamena da: arina da eta une dibertigarriz beteta dago. Komedia sinplea eta xumea da, baina errutinaren zalapartatik ihes egiteko arnasgune goxoa eskainiko dio ikusleari.
Eguneroko monotonia modu burutsu eta entretenigarrian parodiatzea oso zaila izan liteke, baina telesail honek helburu hori aise beteko du.
fitxa
- Sortzaileak. Pepon Montero eta Juan Maidagan.
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2023-2025.
- Aktoreak. Raul Cimas, Esperanza Pedreño, Chani Martin eta Julia de Castro.
- Non ikusi. Movistar.
- Atal bakoitzaren iraupena. 15 minutu.
- Generoa. Komedia.