Datorren asteko estreinaldiak

Komikiak maite ditu Vaughnek

Mark Millar eta Dave Gibbonsen 'The Secret Service' lanaren egokitzapena egin du zuzendari britainiarrak

Jack Londonen rola jokatzen du Colin Firth aktoreak Kingsman: The Secret Service filmean.
Gontzal Agote.
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zinema britainiarraren harribitxi ezkutuetako bat da Matthew Vaughn zuzendaria. Zinemagile estatubatuar askoren egiteko manera du, baina ukitu propio batekin; estilo askeagoa du. Horrekin batera, komikizale porrokatua dela erakusten ari da pelikulaz pelikula.

Layer Cake bere lehen filmarekin Londresko gaizkileen mundu ilunean murgildu zen, gaur egun 007 agente sekretua den Daniel Craigen eskutik. Harrera ona izan zuen estreinako lan horrek, eta, besteak beste, zuzendari berri onenaren Bafta saria jaso zuen Vaughnek.

Bigarrenarekin hasi zen komikiarekiko zaletasuna erakusten. Neil Gaiman idazlea batez ere Sandman kultuko komiki sailaren egilea izateagatik da ezaguna. Gaimanen beste liburu batean oinarritu zen Vaughn bigarren filma egiteko, fantasia eta abenturak uztartzen zituen Stardust.

Nolanahi ere, zuzendari britainiarraren benetako jauzia 2010ean ailegatuko zen, Mark Millaren komiki baten egokitzapen librea egin zuenean, Kick-Ass. Filmak arrakasta handia izan zuen, baita polemika eragin ere: hainbaten ustez, ez zen batere zuzena 11 urteko neska bat pantaila handian kolpeka eta gaizki esaka agertzea.

Bonden eragina

Hortik aurrera, komiki giroan segitu du Vaughnen filmografiak. 2011n gora begira jarri zen, eta Marvel etxearen produktu baten egokitzapena egin zuen, X-men taldearena hain zuzen. X-Men: First Class filmak hauspoa eman zion gain behera zioan sail zinematografikoari, superheroi taldearen jatorriari begira jarrita. Besteak beste, Michael Fassbender, James McAvoy eta Jennifer Lawrence izan zituen agindupean zuzendariak.

Kingsman: The Secret Service-rekin berriro ere Mark Millarek idatzitako eleberri grafiko baten gainean lan egin du. 2012an Dave Gibbonsekin batera eman zuen argitara The Secret Service izenburuko komikia. Istorioa Jack London espioi beteranoaren misio berriarekin abiatzen da. Londonek ez du oso argi nola heldu gaiari, eta azkenean haren iloba fitxatzea erabakiko du.

Hala, ordu arte sekretupean izan duen ogibidea jakinaraziko dio Gary ilobari. Horrek hasiera batean ez du interes handirik aferan; munta txikiko lapurretak egiten segitzea nahiago izanen du. Azkenean, baina, osabaren proposamena onartu beharko du, eta egun batetik bestera elite espioi bat bihurtzen saiatuko da.

James Bond 007 agente sekretu ezagunean oinarritzen zen jatorrizko komikia, eta filmak ere estetika hori mantendu nahi izan du. Pelikula iragartzeko karteletik hasita antzematen da eragina. Halaber, Colin Firth aktoreak berezkoa duen dotorezia eman nahi izan dio Jack Londonen rolari.

Filmak duen ukitu britainiarra areagotzeko, David Bowie musikari ezagunaren kantu bat erabili du Matthew Vaughnek. Hain zuzen ere, The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars disko ospetsuan dagoen Sufragette City entzuten ahal da pelikulan.

'KINGSMAN: THE SECRET SERVICE'

Zuzendaria. Matthew Vaughn.

Aktoreak. Colin Firth, Taron Egerton, Samuel L. Jackson, Mark Hamill, Mark Strong.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2015.

Iraupena. 129 minutu.

Generoa. Akzioa eta abentura.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.