Komuneko zuloa ez da zakarrontzia

Gorputzak sortzen dituen hondakinak baizik ez dira bota behar komunetik behera; horiek, eta komuneko papera. Hala ere, oraindik jende askok bestelako zaborrak botatzen ditu, eta horrek arazo handiak sortzen ditu.

1 Iruñerriko zikinkeria. Iruñerriko etxeetatik Aratzurira ailegatzen den urak hondakin asko izaten ditu. Idoia Zabaleta / Argazki Press.
Iker Tubia.
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Paper zapi bustiak erabili, komuneko zulotik behera bota eta kateari eragin. Joan da. Desagertu da. Hala dirudi, baina ekintza hori kaltegarria da oso. Are gehiago keinua etxe batean baino gehiagotan egiten bada, edo behin eta berriro egiten bada. Norberaren komunetik desagertu arren, paper zapi bustiak ez dira berehalakoan desegiten, eta horrek araztegirako bideko uraren emaria oztopa dezake. Arazo handiak sortzen dituzte zapiok, baita bestelako gai solidoek eta araztegiek onartzen ez dituzten likidoek ere. Kontzientzia falta nabarmena dela diote adituek.

New Yorken (AEB) arazo larria dute komunetik behera botatzen diren paper zapi bustiekin. Ez han bakarrik, arazo bera dute beste herrialde batzuetan ere. Komunikabideek horren berri eman dute Australian, Ingalaterran eta Herrialde Katalanetan, besteak beste. Euskal Herria ez da salbuespena. Bilbon, adibidez, arazo handiak sortzen ditu material horiek komuneko zulotik behera botatzeak. Gainera, kostu handia dakar. Azken bost urteetan, 16,5 milioi euro inguru gastatu dituzte New Yorken paper zapi bustiek sortzen dituzten arazoak konpontzeko, eta EurEau Europako Hornidura eta Ur Zikinen Enpresen Elkartearen arabera, 500 eta 1.000 milioi euro arteko kostua du arazo horrek elkartea osatzen duten 27 herrialdeetan.

«Komuneko uraren botoia sakatu, eta hori desagertu egiten da; beraz, beste aldera begira dezakezu, eta benetan diot, jende askok ez daki nora doan ur hori». Javier Horcadarenak dira hitzok. Iruñerriko Mankomunitateko uraren ziklo integralaren ustiapen zuzendaria da bera, eta, esan duenez, gauza asko botatzen dira komunetik behera. Unai Iriarte kimikari eta EHUko irakasleak esan duenez, arazoa garraio sisteman dago. «Araztegietan badaude halakoak kentzeko prozesu bereziak: burdin hesiak eta halakoak. Kontua da estolderietan metatu daitezkeela, eta garraioa konplikatzen da tamainagatik eta ez delako usteltzen».

Paper zapi hezeak egiteko ehundu gabeko oihala erabiltzen da. «Biodegradagarriak direlakoan saltzen omen dira, baina denbora asko behar dute deskonposatzeko, eta estolderietan garraioa arinki gertatzeko deskonposaketa azkarra beharko luke izan, gure hondakin organikoekin gertatzen den bezala», azaldu du kimikariak. Izan ere, ez da komuneko paperaren zelulosaren antzekoa. Ur partzuergoetan lan egiten duten adituak kexu azaldu dira, paper zapi hezeetako zorroetan komunetik behera bota daitekeela jartzen duelako askotan, nahiz eta hori hala ez izan. Adibidez, bada zorroan produktua komunetik behera ezin dela bota dioen marka bat, baina enpresa horrek berak beste produktu bat du paper zapi hezeak komunetik behera bota daitezkeela dioena.

Izan dira kasu larriagoak ere. Komuneko papera egiten duen etxe batek, esaterako, papera bukatu ondoren kartoia ere komunetik behera bota zitekeela saldu zuen iragarki baten bitartez. AEAS Ur Hornidura eta Ur Zikinen Espainiako Elkarteak iragarkia engainuzko publizitatea zela salatu zuen. «Kartoizko bilkari hori paperezko kontainerrera bota behar da, eta ez dira araztegiak gehiago kargatu behar, dagoeneko aski baitute ur zikinak garbitzen», esan du Horcadak.

Paper zapi hezeen arazoa orokorra dela azaldu du Iñigo Gonzalez Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoko isurien departamentuko arduradunak. Gainera, geroz eta gehiago erabiltzen dira, haurrekin ez ezik, helduek ere ibiltzen dituztelako. Bilbon, 2008ko hondarrean jabetu ziren arazo horretaz. Mercedeko ponpatze gunean buxatzeak zeuden etengabe, eta parte zaharrean inspekzioak egiten hasi ziren. Kakoak jarri zituzten eta zapiak agertzen hasi ziren. Zapi horiek aztertu, eta ikusi zuten ehundurarik gabeko ehuna zela. 2012an proba bat egin zuten La Najan, Bilbon. Uhatea 30 minutuz itxi eta isurbidean hesi bat jarri zuten. Ondoren, uhatea ireki zuten 30 minutuz pilatutako ura pasa zedin. Bost minutuan ikus zitezkeen oihal eta zapiak. Emaitza argia zen: 6,3 kilogramo paper zapi heze eta oihal zeuden, hau da, 35 gramo metro kuboko. «Gizartean erabilera zabaldu egin da, eta jendea ohituta dago haurrak paper zapi hezeekin garbitu eta komunetik behera botatzera, hori baita erosoena», esan du Gonzalezek.

Arazoa handia da, baina ez da soilik paper zapi hezeek sortutakoa. Horcadak beste batzuk aipatu ditu: «Fardelek arazo handiak ematen dituzte, eta, nahiz eta sinesgaitza iruditu, jende askok botatzen ditu komunetik behera». Aratzuriko (Nafarroa) araztegira preserbatibo asko iristen dira, baita hortzetako hariak ere. Arazo zailagoa da gantzena. «Olioak ez dira arraskan behera bota behar, gorde eta supermerkatuetan utzi behar dira». Janariak ere arazoak sor ditzake, batik bat hezurrek eta usteltzen zaila diren gauzek. «Argi izan behar dugu, eta kontzientzia hartu: komunetiketa arraskatik behera ezin da edozer bota». Katuen harea, animalien kakak biltzeko poltsak, konpresak eta abarrak ere ezin dira komunetik behera bota.

Kalte ekonomikoa

Horrelakoek sortzen duten arazo nagusia buxatzeak dira. Ur zikinen sareak hiru zati nagusi ditu: etxebizitzako hargunea —hori bizilagunena da—, partzuergoaren sarea eta araztegia. Hondakin solidoak botatzeak hiru zati horietan eragin dezake. Lehenbiziko zatian gertatzen denean kostua dakar bizilagunentzat, enpresa batek hodiak garbitzera joan behar duelako. Ur zikinen sarean produktu askok dekantatu egiten dute toki batzuetan, eta hodi biltzaileen bidea oztopatzen dute. Horren ondorioz, ur emaria ezegokia izatea edo buxatzeak sor ditzake.

Azkenik, araztegiko arazoak daude. Sarreran arbastu egiten da, eta elementu horiek kendu behar dira; bestela, ponpetara ailega daitezkeelako. Olioek ere arazoak sortzen dituzte, hodiak itxi ditzakete, eta, ondorioz, buxatzeak eragin. Horrek guztiakkostu ekonomiko handia du. Iruñean, adibidez, ur zikinen sareak 1.500 kilometro ditu, eta iaz ur hodien 296 kilometro garbitu zituzten. «Komunak hobeki erabilita, kostua txikitu egiten da», dio Horcadak.

Ondorioa ekonomikoa da, batik bat. «Behin blokeatuta, mantentze arazoa da, eta, ondorioz, zerbitzuarena, erabiltzaileei komuna blokeatzen baitzaie», azaldu du Iriartek. Hala ere, ingurumenean ere kalteak sor ditzake. Hasteko, hondakinek bidaia luzeagoa egin behar dutelako dagokien tokira ailegatu bitarte. «Baditugu zaborra jasotzeko ontziak, eta garraio pneumatiko bitartez biltzen da edo kamioiak pasatzen dira egunero modu jarraituan». Paper zapi bustia komunetik behera botaz gero, araztegian suntsitu behar da, ura kendu eta zati organikoa baztertu, eta hortik zabortegira eraman. Beraz, bide luzeagoa egin behar du, eta energiaren ikuspuntutik, ez da hain jasangarria. Iaz, Aratzurin (Nafarroa) 789 tona hondakin kendu zituzten.

Beste arazo batzuk ere sor litezke. Izan ere, nahiz eta sarera doan guziak araztegian bukatu, bada salbuespen bat. Euri asko egiten badu, batzuetan sareak ez du emari osoa hartzeko gaitasunik,eta zati batek ibaian buka dezake. Gainera, toki batzuetan ez dago araztegirik. Aiaraldean, adibidez. Kasu horietan, komunetik behera botatako hondakinak ibaira doaz zuzenean.

Solidoez gainera, likidoek ere sortzen dituzte arazoak. Botikak ezin dira komunetik behera bota, araztegiak ez baitaude horiek garbitzeko prestaturik. Berdingertatzen da margoarekin edo disolbatzaileekin. «Botika batzuekin gertatzen dena da haien garbiketa ez dela osoa, eta araztegiak garbitzen ez duena inguru naturalera doa, ibaira edo itsasora», azaldu du Gonzalezek.

Konponbidea, bertan

Adituen ustez, ezjakintasuna da arazo honen iturburu nagusia. Erosokeria ere izan daiteke. «Gaur egun, instalazio gehienak eraikita daude; beraz, gizarteakontzientziarazi behar da, informazio kanpainak egin eta informazioa gehiago zabaldu; bestela,oso zaila da norberak etxean egiten duena kontrolatzea», esan du Iriartek. Bide horretan, Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak bi kanpaina egin ditu uraren fakturekin batera informazioa bidalita. Konponbide teknikoen alde ere egin dute. Bonba fabrikatzaile batzuek pieza berriak sortu dituzte buxatzeak saihesteko, eta Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoan 260.000 euroko kostua izan du horrek.

Paper zapi hezeen aferari aurre egiteko, bada beste konponbide bat. Gertu gainera, Amezketan (Gipuzkoa). Aralar paper fabrikak %100 biodegradagarriak eta deskonposagarriak diren paper zapi hezeak egiteko papera sortu du. Paper horrek INDA/EDANA nazioarteko arauak betetzen ditu biodegradagarritasun eta deskonposagarritasunari dagokionez, eta munduan oraingoz ez da halakorik egiten duen enpresarik. Makina berri bat dute, eta oihalak egiteko teknika bera erabiltzen dute paperarekin, baina orratz bidez egin beharrean,presio handiko urarekin egiten dute. Horrela, zuntzak bata besteari kateatzen zaizkio, baina inolako kimikarik gabe, produktu naturalekin egindako papera lortuz.

«Kezka egon bazegoen, baina nolabait ezkutaturik, ez zegoelako irtenbiderik orain arte. Baina honen berri zabaldu genuen momentutik ikusi dugu izugarrizko interesa dagoela materia erabat biodegradagarri eta deskonposagarri batera pasatzeko», esan du Idoia Imaz enpresako administratzaileak. Are, batik bat Kanada eta AEBetan daude interesaturik. «Horrelako gaiekin kontzientziatuago daudelako beharbada». Kezkaturik agertu da poliesterra, biskosa eta produktu kimikoekin egindako paper zapi hezeak egiten dituzten enpresek produktu horiek komunetik behera bota daitezkeela saltzen dutelako. «Engainuzko publizitatea» da hori. Baina ez da soilik ur zikinen sareetako arazoak konpontzeko bidea: «Buxatzerik ez balego ere, ingurumena kutsatzen ari gara poliesterrarekin, biskosarekin...».

Beraz, konponbideak egon badira aukeran. Paper zapi hezeen kasuan, azkar deskonposatzen direnak erabil daitezke. Gainerako hondakinen kasuan, dagokion tokira bota behar dira. Horcadak dioen modura, ideia sinple bat barneratzea da gakoa: «Komuneko zuloa ez da zakarrontzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.