Euren kabuz munduan zehar bidaiatu, guda eta giza arazoetan murgildu eta historio hunkigarriak jasotzen dituzte freelance kazetariek. Xabier Iglesias (1981, Donostia)freelance gisa diharduten hamabi kazetarirekin mintzatu da jada, eta solasaldi horiekin elkarrizketa liburu bat osatzen dihardu. Lan egiteko orduan dituzten arazoak eta hedabideekin dituzten harremanak azaldu nahi ditu.
Zer lantzen duzu liburuan?
Liburuak, berez, freelance kazetariei egindako hogeita bost bat elkarrizketa biltzen ditu. Kazetari guztiek freelance gisa dihardute; hau da, ez dute soldata finkorik irabazten. Hainbat hedabideri saltzen dizkiete euren bidaietan sortutako materialak. Kazetari hauek oso lan ona egiten dute, baina konturatu nintzen arazo asko dituztela: beren artikuluak aurrera ateratzeko, finantzaketa lortzeko, eta abar. Ideia kazetari horiek zein egoeratan lan egiten duten erakustea da. Bi irudi lortu nahi ditut; bata, gaur egun kazetaritza nola dagoen, eta bestea, munduan dauden guda eta gatazkak erakustea. Izan ere, gehienak guda kazetariak edo giza arazoen berri ematen dutenak dira.
Nolako harremana dute hedabideekin?
Nahiko harreman txarra da. Ikusten dute euren lana beharrezkoa dela eta lan handia egiten dutela. Hedabideek, ordea, agentzietara jotzen dute gehienetan, eta kazetariei oso diru gutxi eskaintzen diete. Gainera, ez dute bere gain hartzen kazetari hauek zaintzeko ardura.
Zein dira lan egiteko dituzten arazo nagusiak?
Babesik eza. Kazetariak herrialde gatazkatsuetara euren kabuz joaten dira, eta arazorik izatekotan, inork ez ditu babesten. Aseguru pertsonal bat baldin badute, ongi. Bestela, hor konpon. Gainera, orain bahiketen afera dago; horrek ematen die beldur handiena, eta ez bonbek. Hedabideek ez dituzte betetzen deontologia araudietan bildutako hainbat puntu.
Euskal komunikazioaren munduan garatu al da kazetaritza eredu hori?
Euskal kazetariek freelance gisa, halako askatasunarekin lan egiteko grina berezia dute. Kazetari asko daude, eta oso onak. Batzuk aipatze arren: Mikel Aiestaran, Zigor Aldama, Martin Aldalur, Unai Aranzadi, Ander Izagirre eta Daniel Burgi.
Eredu honek ba ote du etorkizunik?
Kazetari horiek egiten duten lana beharrezkoa da. Informazio on bat izateko, ezin da dena agentzietatik erosi: momentuko gatazkak bertatik lantzen dituzten pertsonak behar dira; bertako jendearekin hitz egin, iritziak jaso eta istoriak gertutik kontatzen dituztenak. Hedabideek, adibidez, orain, Siriako gatazkarekin, ematen duten ikuspegiak eta informazioak ez dute zerikusirik han dauden kazetariek eskaintzen dutenarekin. Niri han dagoenak kontatutakoa iristen zait. Kalitatezko informazioaren etorkizuna bermatzeko, komunikabideek freelance kazetarien alde irmo egin behar lukete. Ez dut esaten kazetari hauek nominan egon behar dutenik —azken finean, askeak dira eta hala egin nahi dute lan—, baina bai aitortu egin behar zaiela egiten dutena: behar duten ospea eman eta kazetariek jartzen dituzten prezioak errespetatu.
Ezaugarri jakin batzuk dituzte freelance kazetariek?
Guztiz ezberdinak dira. Batzuk ezkorrak dira: kazetaritza hiltzen ari dela uste dute eta arazo ugari ikusten dituzte. Beste batzuk politikoagoak dira; kamera eta boligrafoa arma gisa hartuta militantzia handia egiten dute. Zeharo positiboak ere badira; arazoa hedabideek dutela uste dute, baina kazetaritzaren mundua gero eta hobeto ikusten dute.
Ondoriorik atera duzu solasaldi hauek izan ostean?
Kazetari bakoitza zein ezberdina den ikusi dut, bakoitzak fokua gauza batean jartzen baitu. Elkarrizketa bakoitza mundu bat izan da niretzat; batzuekin bide pertsonaletan galdu gara, senideek pairatzen dituzten egoeretan. Beste batzuk, berriz, haserre agertu dira eta haien kexak entzun ditut. Oso datu adierazgarriak eman dizkidate.
Interneteko tresna berriek, blogek eta, zertarako balio dute?
Alboratutako materialari irtenbide bat ematen diote. Kazetarien nahia, azken finean, euren artikuluak plazaratzea da. Askotan, munduari buelta eman eta hedabideen interesa berpizten dute.
Komunikazioa. Xabier Iglesias. Biologoa eta idazlea
«Komunikabideek freelanceen alde irmo egin behar lukete»
Freelance kazetaritzaren gaineko elkarrizketa liburu bat ari da idazten, egun lan eredu horren egoera eta arazoak zein diren ezagutu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu