Porrotx eskuekin bihotz forma egiten, Anjel Alkain «Aharra jotzen ai alaiz?» esaten, Korrikako erorketak, EHUren logoa «depresioa eman eta zabal zazu» mezuarekin, Wazemankeko Gure Atsuak «Ui enee» esaten eta Xabier Usabiaga «behiari nekez eska diezaiokezu zukua» aipatzen... Horiek dira euskal sticker famatu batzuk.
Edonork sor dezake sticker bat, norberak egindako ilustrazio batekin edo argazki baten zati batekin. Horren adibide dira Eider Eibar eta Ion Lizarazu. Eibar marrazkilaria da, eta sticker multzo handi bat du sortua Mugi Muki proiektuaren baitan. Agian Lizarazu izango da sticker-ak euskaraz egin zituen lehen pertsona. «Izan daiteke. Ez dakit», esan du barrez.
Sticker bat irudi txiki bat da, pegatina digital bat, eta norbere aldartea edo sentimenduak islatzeko aukera ematen du. Sareko elkarrizketetan erabiltzen dira, eta ohiko emotikonoak baino apur bat handiagoak izan ohi dira. Modua ematen dute idatzizko mezu bidez komunikatu ezin daitezkeen gorputz adierazpenak transmititzeko eta elkarreragin handiagoa lortzeko.
«Euskarazko hitzak dauzkate, eta euskaraz adierazteko balio dute; agertzen diren marrazkiek euskarazko esaerekin daukate zerikusia, ezin dira itzuli»
EIDER EIBAR Marrazkilaria eta Mugi Mukien sortzailea

Lizarazuk orain hamar urte sortu zituen euskarazko lehen sticker-ak, 2015eko urtarrilean, Telegramen. Zergatik hasi zen kontatu du: «Garai hartan Telegramen sticker-ak puri-purian zeuden, baina erreferentzia guztiak kanpoko pertsonenak edo pertsonaienak ziren. Eta interesgarria iruditu zitzaidan euskal esferako sticker-ak sortzea, egunerokoan erabiltzeko».
Pertsona ezagunen irudiak hartuz eta irudi horiek ebakiz egin zituen lehenak: «Lehen multzoa egin nuenean sartu nituen Angel Alkain, [Jose Luis] Korta, Julian Iantzi, Andoni Ortuzar, Arnaldo Otegi, Karlos Argiñano, Porrotx, Maialen Lujanbio, Kontxu Odriozola, Onintza Enbeita... Gutxi-asko, denek daukate keinuren bat edo espresio bereziren bat, sticker gisa bidaltzeko modukoa».

«'Eusticker' multzo osoak 28 sticker ditu, eta sortu nituenetik 168.870 aldiz erabili dira Telegramen bakarrik»
ION LIZARAZU 'Sticker' sortzailea
Orain erraza da sticker-ak egitea: orain hamar urte, ez hainbeste. Lizarazuk 2015ean «eskulana» egiten zuen: irudia aukeratu, moztu, atzealdea ezabatu, tamaina zehatz batzuetan Telegramera bidali, sticker multzo batekin lotu... Argazkiak editatzeko oinarrizko ezagutzak behar zirela kontatu du.
Whatsapp aplikazioan 2018tik erabil daitezke sticker-ak. Bilatzailean Mugi Muki edo Kokoak jarrita, Eider Eibarrek egindako ilustrazioak erabil daitezke, baita sticker horietan azaltzen diren hitzak bilatuta ere: eskerrik asko, aurrera edo zoragarri. Edonork erabil ditzake, nahi adina. Guztira 144 ditu sortuak.
Eibar orain hiru bat urte hasi zen euskarazko sticker-ak sortzen, Kokoa.eus proiektuaren barruan. Mugi Muki izena jarri zien sticker-ei, euskaraz ez zeukatelako izen propiorik: «Erdaraz sticker animatu deitzen zaie; beraz, euskaraz, Mugi, mugitzen direlako, eta Muki, itsatsi egiten direlako». Lizarazurenak irudi estatikoak dira; Eibarrenek, aldiz, mugimendua dute.
Marrazkilariak nabarmendu du ez direla marrazki bilduma sinple bat: «Euskarazko hitzak dauzkate, eta euskaraz adierazteko balio dute; agertzen diren marrazkiek euskarazko esaerekin daukate zerikusia, ezin dira itzuli».
Are gehiago esan du: «Mugi Mukiak ulertuko ditu euskaraz dakienak eta euskal kulturan baleekin eta itsasoarekin izan dugun harremana ulertzen duenak, esaterako». Marrazkilariak Mugi Muki bihurtu izan ditu euskal inauterietako pertsonaiak, pertsonaia mitologikoak irudikatu ditu gaur egungo ekintzak egiten eta liburuaren egunerako bilduma bat ere sortu zuen. «Euskal Herria irudikatzen dute, gogoeta bat eragiten dute eta marrazkien, liburuen, irudimenaren apologia egiten dute».
«Mezu positibo bat ematen dutenak erabili dira gehienbat: 'ok' lehor baten ordez, beste espresio bat eman lezakete»
ION LIZARAZU 'Sticker' sortzailea

Adibide gehiago jarri ditu: «'Aupa Maurizia!' dioen bat badago, eta 'Hartu arnasa' dioen beste bat ere bai, Antton Telleriaren Enecoach pertsonaiari erreferentzia eginez». Eibarren ustez hor dago guztiaren muina: «Euskaratik sortzen dugu. Hau da, euskaraz marrazten dugu, eta ez daukagu inolako beharrik hori beste leku batzuetan erabilgarria izan dadin; gertatzen bada, gertatu da».
Marrazkilariak kontatu du Margo Piratak erronka egin zutenean —Iskander Sagarminagak 33,7 kilometroko etapa egin zuen igerian, Irlandatik Eskoziara— orain bi urte, euskaraz eta ingelesez atera zituela Mugi Muki batzuk: «Bada, ez pentsa horiek gehiago ikusi direnik... Euskara hutsean daudenak gehiago erabili dira».
Lehen kolpean ehun Mugi Muki atera zituzten, eta Eibarrek pozik azaldu du zabalkunde handia izan zutela, eta horiek eman dietela bide ondorengoei —Giphy plataforman 146,4 milioi bisualizazio izan dituzte—. «Lan kontuengatik norbaitekin hitz egin eta, bat-batean, bezero horrek Mugi Muki bat bidalita erantzuten zigun! Pentsatzen genuen: 'Noraino heldu da hau?'».
Lizarazuk ere datu pozgarriak eman ditu: «Eusticker multzo osoak 28 sticker ditu, eta sortu nituenetik 168.870 aldiz erabili dira Telegramen bakarrik». Argiñanoren bat erabili da gehien: «Argiñano eskuarekin ok keinua egiten ari dena 25.170 aldiz erabili dute». Sticker horretan sukaldaria azaltzen da behatz erakuslea eta lodia elkartuta, bikain keinua eginez bezala. Erantsi du erabilgarriena den sticker horretaz dagoela harroen.
Bestela komunikatzeko era
Komunikatzeko beste modu bat dira sticker-ak, idatzizko mezuen osagarriak gehienetan. «Mezu positibo bat ematen dutenak erabili dira gehienbat: ok lehor baten ordez, beste espresio bat eman lezakete», azaldu du Lizarazuk.
Iruditzen zaio sticker guztiek daukatela umore puntu bat: «Ez dut uste drama adierazteko balio dutenik». Momentu delikatuetan ez zaizkio oso praktikoak iruditzen: «Egoera zailetarako, beharbada, irudi estatiko baten bidez zailagoa iruditzen zait sentimendu konplexuak transmititzea».
Eibarrek, pertsonalki, sticker-ak gauza pila baterako erabiltzen ditu: «Erabiltzen ditut erosoak direlako whatsappei erantzun azkar bat emateko, baina sentimenduak adierazteko ere baliabide dira. Ni ez naiz audio mezuak bidaltzeko zalea, nahiago dut ez oso luze idatzi eta sticker pila bat bidali. Eta lan kontuetako dokumentuetan eta mezu elektronikoetan ere txertatzen ditut askotan».
«Egile moduan erabakitzen dut zer sortu eta zer ez, hautu politikoa izan daiteke»
EIDER EIBAR Marrazkilaria eta Mugi Mukien sortzailea
Mugi Mukiak egiteko ideia ikasgela batean sortu zen. Eibarrek ikasleen aurrean aurkezpen bat egin zuen, eta erakutsi zien zer egiten zuen marrazkilari gisa: horma irudiak, logotipoak, kokoak.eus unibertsoa, web jokoak... «Eta amaitutakoan irakasle batek galdetu zidan sticker-ak egiten ote genituen. Nik ez nekien zer ziren ere. Aipatu zidan beraiek asko erabiliko lituzketela txostenetan, ikasgeletako lanetan edota aurkezpenetan txertatzeko. Baina ingelesezkoak erabiltzen zituztela ordura arte. Eta lanean hasi nintzen».
Halere, Eibarrentzat Mugi Mukiak ez dira sare sozialetarako soilik. «Haurrentzat pentsatuta daude, batez ere hortik abiatu zirelako, eta sare sozialak ez ditugu haien munduaren partetzat jotzen». Canvan, Kahooten eta ikasgeletako lanabes digitaletan txertatzeko ere prestatuta daude. Izan ere, nolako mezuak eta esaldiak behar zituzten galdetu zien Eibarrek zenbaiti: badaude «Aurrera» edo «Gora» bezalako mezu sinpleak dituztenak, irakasleek ariketen zuzenketetan sartzeko, adibidez; eta badaude sentimenduak transmititzen dituztenak, «Maite zaitut» eta «Zoragarri», esaterako.
Hori bai, ez du eskatutako guztia egiten: «Egile moduan erabakitzen dut zer sortu eta zer ez, hautu politikoa izan daiteke. Jendeak esan izan dit: 'Neska da! dioen Mugi Muki bat falta da, ume bat jaiotzen denerako', eta nik horrelakorik ez dut egingo». Aitzitik, esan du badela jaiotza bati erreferentzia egiten dion bat, «Ongi etorri» dion bat.
Eta hau edozein sare sozialetako elkarrizketa bat balitz, elkarrizketen bukaeran jarri ohi diren sticker horietako bat erabiliko litzateke: katuren bat dantzan, musuak bidaltzen dituen hartz bat edo txirristan behera agurtzen doan umea.