Ubuntu 10.10 berria (http://ubuntu.com), Maverick Merkaat izenekoa, urriaren 10ean kaleratuko dute. Ezagutzen ez duzuenontzat, Ubuntu GNU/Linux sistema eragilearen banaketa bat da. Berrikuntza asko dituen arren, gehienak erabiltzen has daitekeen jendeari gauzak errazteko dira. Horiekin batera, sistema gero eta finduago eta osoago bat bihurtzen duten beste batzuk ere.
Alde batetik, instalatzailea askoz ere ikusgarriagoa da. Instalazio garaian zailtasunak sor zitzaketen atalak erraztu dituzte. Beste sistema eragileekin bizikidetza -Windows sistema eragilea instalatuta duzuenontzat, adibidez-, partizioak egitea... asko erraztu dute. Programa berriak eskuratu eta instalatzea ere errazagoa izango da, gainera. Horrekin batera, zenbait aplikazio ere berritu dituzte: GNOMEren azken bertsioa izango du, adibidez. F-spot irudiak kudeatzeko tresna, orain Shotwell tresnarekin ordezkatuko dute, adibidez. Ordezkatu ez, baina Gwibber bertsio berrira eguneratuko da. Azken horrek, hainbat sare sozialetan parte hartzeko eta bertan jasotzen ditugun mezuak mahai gainean bertan jasotzeko aukera ematen du.
Momentu hauetan sistema eragile eta aplikazio sorta beharrezkoenak euskaraz eskaintzen dituen bakarrenetakoa da, beste GNU/Linux banaketa batzuekin batera. Batzuek, Windows euskaratzearekin, lehen euskarazko sistema eragilea dela berriro ere errepikatzen dutenean, gezurra dela erantzun dezakezue. Beharbada era honetako ekimenek orain arte ez dute behar adina publizitate izan, etorkizunean espero dugu bestela izatea.
Ubuntuk beste banaketa batzuek lortu ez duten ospea eta erabilpena lortzen ari da. Bere sortzaileen arabera, hamabi milioi erabiltzaile ditu. Hainbat gizarte eta kulturak ulertu dute software librearen aukera oso interesgarria dela, beraien kulturak dituen berezitasunak kontuan hartuta teknologian aurrera egiteko. Baita enpresa handiek ere, Lenovo enpresak, kasu, Txinan milioi bat eramangarri salduko baititu Ubunturekin.
Ubuntu gora eta behera, Ubuntu hitzak berak zera esan nahi du: garenagatik ni naizena naiz. Hegoafrikan, apartheid-aren aurkako Desmond Tutu apaizak hedatu zuen. Nelson Mandelak berak filosofia hau jarraitzen zuen. Gurean ere Ubuntu probatzeko garaia heldu da, aukera hor dago.
[email protected]
KOMUNIKAZIOA. Badator Ubuntu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu