Blogari euskaldunak ez daude dagoeneko bakarrik Interneteko espazioan galduta. Blogak sortzeko euskarazko lehen plataforma eratu zutenek Blogariak.net zerbitzua sortu dute orain. Blogarien sare soziala da, elkarrekin harremanetan jartzeko. Sortzaileek hitz-joko baten bidez definitzen dute: «Blogarien sare blogala».
«Hau eboluzio bat da», dio Susi Rodriguez Elurnet Informatika Zerbitzuak enpresako jerenteak. Blogen eztanda baretu egin da azken urteotan, baina Euskal Herrian izan zuen arrakasta «gaurko joeretara moldatu» nahi izan dutela gaineratzen du. Blogariak.net zerbitzuak bloga sortzeko aukera emango die erabiltzaileei, baina, aldi berean, sare sozialen ezaugarri batzuk hartuko ditu: beste blogariekin komunikatzeko aukera izango dute kideek, Twitterren antzeko mezularitza zerbitzu baten bidez.
Horrez gain, blogari ez direnak ere komunikatu ahalko dira blogariekin.«Eztabaida gune bat eskaintzen dugu, blogean idazten denari buruz, bai kanpora, lehen bezala, eta bai barrura». Eztabaida, elkar ezagutzea eta harremanetan jarraitzeko tresna bateratzea da xedea, gunearen diseinutik hasita, «komunikazio ekosistema» bat sortzeko.
Atzo jarri zuten plazan lehen aldiz Blogari.net. Mugimendu gehien zituzten blogak sarera eraman dituzte dagoeneko. «Blogekin izaniko arrakastaren parekoa izatea espero dugu», dio Rodriguezek.
Blogek komunikazioaren demokratizazioaren tresna iraultzailea izan ziren 1990eko hamarkadan. Ordutik edonork sor dezake bere bloga, eta, horren bidez, munduari hitz egin, edo, hobeto esanda, jarraitzaile apur batzuei, blog gehienekin gertatzen den bezala. Sare sozialek are sakonago lurperatu zuten gero igorle-hartzaile eskema zaharra. Blogak sortzeko hainbat euskarazko plataforma sortu dira, baina ez da arrakasta berarekin lortu sare sozial euskaldunak sortzea.
Facebooketik askatzeko
Gorka Julio informatikariak sarearen arlo teknikoa koordinatu du. Interneteko zerbitzu zentralizatuen arriskuez ohartarazi du Juliok prentsan. Facebook, Twitter eta antzeko zerbitzu zentralizatuak asko hazten direnean «kontrol eta arazo gune» bihurtzen direla salatu zuen irailaren 23an, Twitterren pairaturiko eraso baten harira. Horren ondorioz, elkarrekin komunikatu ezinik geratu ziren zerbitzuaren milaka erabiltzaile.
«Blogariak.net ez da gure Facebook izango», dio Juliok, «baina bidea jarriko dio etor daitekeenari». Euskal Herria oraindik ez dago prest sare sozial banatua izateko, dioenez, ez dagoelako behar adina jende hori osatzeko. «Baina etorkizunean nodo horietako bat izango da tresna hau, horretarako jaio ez bada ere».
Etorkizuneko bidea prestatzeko estandar irekiak erabili dituzte plataforma eratzeko. Software librearekin sorturiko sarea da Blogari.net, eta plataforma eskuragarri utziko dute beste norbaitek sortu nahi izanez gero.
Atzo arratsaldean 20 inguru ziren sarean izena emana zuten blogariak. Joxe Rojas eta Ane Perez Agirre gizanabanakoekin batera, Egizu Getxo Euskaldun, Xiberoan Euskaraz Bai, Orbaizeta Kultur Ekimenak, eta Bizarra Lepoan elkarteak ari ziren euren blogak plaza berriko mahai borobilera ekartzen.
KOMUNIKAZIOA. Blogen eta sare sozialen euskal hibridoa sortu dute
Blogariak.net ez dela Euskaldunon Facebooka izango esan dute sortzaileek, baina bidea «prestatuko» duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu