KOMUNIKAZIOA. EITBko langileek gezurretan aritzea leporatu diote zuzendaritzari

Idigorasek arlo profesionaleko gatazka bat esparru politikora eraman izana gaitzetsi dute langileek

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek El Correo-n astelehenean egin zituen adierazpenek hautsak gehiago harrotu dituzte. Hala, EITBko langileek gaitzetsi egin dituzte Idigorasen hitzak, «komunikabide pribatu batean ETBko langileak iraindu eta arlo profesionaleko gatazka bat esparru politikora eraman izana».

Horrez gain, EITBko langileak «harrituta eta haserre» azaldu dira zuzendaritzaren jokaerarekin. Salatu dute zuzendaritzak taldeko komunikabide publikoak erabili izana «EITBko langileok gezurretan gabiltzala esateko eta eurak hain zuzen ere gezurretan aritzeko».

Langileek berretsi nahi dute frogatu ditzaketen baieztapenak baino ez dituztela egin. «Hau da, politikako arloburu Juan Carlos Viloriak berak idatzitako testua inposatu nahi izan ziola erredaktore bati. Honek ez zuela onartu, eta, azkenean, bideo hori ez zela emititu eguerdiko albistegian». EITBko webgunean jarri duten bideoa arratsaldeko albistegian emititu zena da, baina ez da Viloriaren jatorrizko bertsioa, erredakzioan moldatu eta telebistarako egokitutakoa baizik. Langileek erantzuteko eskubidea exijitzen diote ETBko zuzendaritzari. «Eta, hortaz, web orrian agertzen den bideo horren alboan goizeko erredaktoreari politikako arloburuak inposatu nahi izan zion testua argitaratzeko eskatzen diogu». Kazetariaren hasierako testua, politikako arloburuak kazetariari irakurtzeko agindu ziona eta arratsaldeko albistegian emititutako bideoa eitb.labsindikatua.org webgunean ikus daitezke.

Langileek, bestetik, bi bilera eskatuko dituzte: bata, Alberto Suriori, eta bestea, EITBko Administrazio Kontseiluko txandako presidenteari.

ELA: «Sorgin ehizan dabiltza»

ELA sindikatuaren arabera, EITBko zuzendaritzak bere egin du PPren eta PSEren arteko Jaurlaritza sostengatzeko ituna, «eta euskal telebista publikoa desitxuratzeko kudeaketa egiten ari da». Sindikatuak dioenez, ETBko arduradunek interes politiko eta ekonomikoen nahiak gauzatzen dituzten «txotxongiloen gisa» jokatzen dute: «Interes horien helburua gizartean telebista publikoak porrot egitea da». ELAk, gainera, honako hau salatu du: «EITB sorgin ehizan dabil. Profesional baten lana gustukoa ez duenean, zigortu, kargutik kendu edota espedientea irekitzen du».

Miguel Angel Idigorasen adierazpenak, bestetik, «bere kudeaketa eskasa eta jarrera autoritarioak ezkutatzeko salaketa gaiztoz eta gezurrez beteak daude», ELAren ustez. «Eta agerian uzten dute gure irrati-telebista publikoa noren eskuetan dagoen». Horrez gain, EITB «estatua uniformizatzeko tresna» bilakatu nahi dutela salatu dute. Informazioetan, gainera, «euskal gehiengo sozial eta sindikalari ematen dioten tratu baztertzailea» gaitzetsi du sindikatu abertzaleak.

Adierazpen askatasunaren alde eta zentsuraren aurka mobilizazioak antolatuko dituela iragarri du ELAk.

Bihar, lehendakariari galdezka

ETBko bi kazetariri diziplina espedienteak irekitzeko erabakiari buruz galdetuko diote bihar Patxi Lopez lehendakariari Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako osoko bilkuran. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak egingo dio galdera. Mikel Basabe Aralarrekoak, berriz, ETBren aurrekontu proiektuan PSE eta PPren arteko itunaz egiten den aipamenari buruz galdetuko dio. «Lotsagarria da PP-PSEren gobernu akordioa izatea ETBren albistegien lidergoa lortzeko irizpide nagusia», adierazi zuen duela egun batzuk Basabek. Albistegien lidergoa berreskuratu nahi badute albistegien xedeak «objektibotasuna, egiazkotasuna eta interes informatiboa» izan behar direla esan zuen Basabek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.