Gustuko dut umore absurdoa deritzona. Niretzat ez da dirudien bezain absurdoa. Zorigaitza nagusi den garaian bizi gara. Sormenean zein egunerokoan, zaila da kalitatezko umorearekin topo egitea. Hala ere, unibertsitatean elkar ezagutu zuen boskote batek aurkitu zuen bidezidor bat horretarako. Garai batean, La hora chanante deitu zioten; gerora, Muchachada Nui; aurrerantzean, Museo Coconut.
Proiektu bati agur esatea eta hurrengoan murgiltzea erronka da beti. Gauza batzuk mantendu eta beste batzuk aldatzea dakar. Joaquin Reyes, Ernesto Sevilla, Raul Cimas, Julian Lopez eta Carlos Areces ez ditugu, momentuz behintzat, La2 katean gehiago ikusiko. Neoxen ari dira lan berriarekin. Izan ere, eta nahiz eta TVEk eskaintza egin zien, haien esentzia mantendu nahi izan dute. Ez zuten produktu komertzialagoa bihurtu nahi. Bejondeiela.
Ez da, ordea, aldaketa bakarra izan. Ikuskizun berriak jarraikortasuna izango du. 25 minutuko 13 atal emango dituzte. Denak Coconut museoan kokatuta daude. Museoko jabea eta haren seme pijoa, zuzendaria, bi zaindari eta gidaria dira protagonista nagusiak. Beraz, oraingoan, esketx solteak albora utzi eta istorio baten berri emango digute.
Apustuaren lehen lagina astelehen gauean ikusi ahal izan genuen. Lehen bi atalak eman zituzten segidan. Sentipen arraroa utzi zidaten. Ohartu bainintzen aldaketak azalekoak direla, eta hondoak bera izaten jarraitzen duela. Noski, ez nuen bestelako umore mota bat espero. Baina unean uneko absurdoarekiko itzulipurdiek soilik eutsi ote dezakete 25 minutuko lana? Eta elkarren segidan doazen 25 minutuko 13 atal? Izan ere, une batzuetan ezin izaten nion barre algarari eutsi. Hurrengo bospasei minutuetan, ordea... Berandu baino lehen jakingo dugu.
Jakin badakigu lantaldeak dirudien baino inozentzia gutxiago duela. Ikasi dugu hori ere. Testuinguruaren atzean eta pertsonaia bakoitzaren azpian hurbil duten gizartearen karikatura dago. Nabarmen geratu zen astelehen gauean ere. Betiko klixeetatik urrunduz gero, aldeko bihur dezakete jarrera hori. Saiatu egin behar.
Irakurri dudanez, audientzia handiak ez ditu kritika hotzetik libratu. Lehen kapituluetan, hasiera indartsuagoa espero nuen. Dena den, hurrena ere zain izango naute.
KOMUNIKAZIOA. Erronka berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu