KOMUNIKAZIOA. ETB1 kateko ikusle kuota %5etik %3ra jaitsi da 2005etik 2009ra

ETB2k %13,4ko kuota izan du 2009. urtean, aurreko urtean baino puntu bat eta zazpi hamarreko gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Euskarazko telebistak zailtasun handiak ditu ikusleak bereganatzeko. Azkeneko urteetako datuei begiratuta, ETB1en ikusle kuota jaisten ari da. Ez bat-batean neurri handitan, baina 2004tik aurrera, urtez urte ari da bere portzentajea gutxitzen. %5,3ko batez besteko kuota izan zuen urte horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handik urtebetera hiru hamarreko galdu zituen, beste sei hamarreko hurrengoan, zazpi hurrengoan, beste lau handik urtebetera. Eta azkeneko urtebetean lau hamarreko pasatxo gehiago. Ondorioz, 2009. urtea %3ko ikusle kuotatik behera amaitu du: %2,96.

Alberto Surio EITBko zuzendari ekainean izendatu zuten, eta ekainean %3ko kuota izan zuen ETB1ek. Abenduan %2,9ko batez bestekoa izan du. Horrenbestez, ezin daiteke ondorioztatu euskarazko katearen galera zuzendaritza berriarekin heldu denik.

ETB2n nabarmenagoa dirudi uztailetik urte amaierara ematen ari den ikusle jaitsiera: ekainean %13,4ko kuota izan zuen gaztelaniazko kateak, eta abenduan %12raino heldu da (puntu bat eta lau hamarreko gutxiago). Hala ere, esan beharra dago 2009ko aurreneko seihilekoan ere ETB2k jaitsiera nabarmena izan zuela: %15,1etik %13,4ra. Are gehiago, gaztelaniazko katearen jaitsiera aurreko urteetan hasi zen joera dela ondoriozta daiteke, datuei erreparatuta: 2005. urtean %18,4ko kuota izan zuen, eta 2009aren batez bestekoa %13,4koa izan da (bost puntu gutxiago). Ildo editorialaren aldaketak albistegien datuetan eragin zuzena izan duela diote komunikabide eta eragile batzuek. 2008ko urritik 2009ko urrira,%19,8tik %17,7ra jaitsi da Teleberri. Jaitsiera askoz nabarmenagoa izan dute saio batzuek; adibidez, Date el bote lehiaketak -joan den astean kendu zuten betiko-. Jaitsiera handia izan du, halaber, Pásalo-k (zortzi puntu inguru) eta aste batzuk barru kenduko dute programaziotik, Antxon Urrusoloren saio batekin ordezkatzeko. EITBko zuzendaritzak badu kezkatzeko motiboa ETB2ko datuekin, 90eko hamarkadako lehen urteetatik ez baitzen hain kuota txikietara heltzen. Hala, datozen asteetan saio berriak aurkeztuko dituzte datuak hobetzeko itxaropenarekin.

Bi kateen beherantzako joera ez dirudi datozen hilabeteetan asko aldatuko denik. Are gutxiago kontuan izanda itzalaldi analogikoa eta LTDarekin kate eskaintza asko handitzen ari dela. Gaikako kateen kuota, esate baterako, %11,9tik %17,6ra igo da 2008ko urritik 2009ko urrira, eta baliteke portzentaje hori are gehiago haztea.

La1 katea EAEko hiru probintzietan hazten ari da azken hilabeteetan: 2009an %14,9ko batez besteko kuota izan du, eta abenduan %16,2ra heldu da. Eta iragarkirik gabe, leku guztietan kate horren datua puntu bat igo daitekeela diote adituek, ikusleak ez baitu zapping egin behar programak ikusten ari dela; herenegun datu bikaina lortu zuen Pirates of the Caribbean 3 filmak. Espainian, La1 izan da gehien ikusi dena abenduan (%16,6), Tele5k baino puntu eta erdi gehiagorekin.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, Tele5k jarraitzen du ikusiena izaten. Nahiz eta 2008tik (%22,1) 2009ra (%18,7) hiru puntu eta lau hamarreko jaitsi den, sendo jarraitzen du lider. Bigarrenari (La1) hiru puntu eta zortzi hamarreko ateratzen dizkio.

Gabon zaharreko saioak

ETB1ek Urtezaharreko gauerako prestatu zuen Eongoatxik saioak %3,5eko share-a izan zuen -audientzia metatua 176.000 ikuslerena izan zen-. Iaz, Wazemank-eko taldeak egindako Aurten hamabi baietz programak askoz datu hobea izan zuen: %9,9 -audientzia metatua 213.000 ikusle-.

ETB2ko Gabon zaharreko saio bereziak, Que pin que pan, 2010, %17,7ko kuota izan zuen. Patxi Lopez lehendakariaren mezuak, berriz, %9,9ko kuota izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.