KOMUNIKAZIOA. ETB2 kateak inoizko datu apalena izan du urrian: %7,8ko kuota

ETBko gaztelaniazko kateak lau puntu galdu ditu urtarriletik hona, eta euskarazkoak zazpi hamarreko

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ikusle datuak neurtzen direnetik ETB2 kateak inoizko datu apalenak izan ditu urrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %7,8ko ikusle kuota. Hala, urtarriletik hona lau puntu galdu ditu gaztelaniazko kateak. EITBko zuzendaritza berria 2009ko uztailean heldu zen, baina urtarrilean hasi ziren programazio berria martxan jartzen. Bost saio estreinatu zituzten: Robin Food, Uyyyyy!, Euskadi Directo, Aspaldiko eta El Conquis: la aventura. Berrikuntza gehienek, ordea, ez zuten ongi funtzionatu, eta ikusle datuen beherakada areagotu egin zen.

Azken hamar hilabeteetan beheraka egin du ETB2ko batez besteko kuotak, abuztuko salbuespenarekin -hilabete horretan puntu erdia irabazi zuen-. Urrian, berriz, hiru hamarreko galdu ditu kateak irailarekin alderatuz. 2009ko urrian, berriz, lau puntu eta lau hamarreko gehiago zituen kateak.

Datu eskasak ari dira eskuratzen ETBko zuzendaritzaren apustuak: Uyyyyy!, Euskadi Directo eta A2 (lehengo Aspaldiko). Berriki estreinatu duten Consumidores-ek %5,5eko batez bestekoa du. Nahiko fin dabilen bakanetakoa El Conquistador del Aconcagua da, baina hala ere El Conquistador del fin del mundo-ren datuetatik urrun samar.

Gauzak horrela, ETB2 kateak bere ikuslegoaren %45 inguru galdu du EITBko zuzendaritza berria iritsi zenetik.

ETB1ek % 1,9ko kuota

ETB2ko datuak txarrak dira, eta ETB1ekoak ez dira hobeak. Urrian %1,9ko ikusle kuota izan du euskarazko kateak, aurreko hilean baino hamarreko bat gehiago. Iazko urriarekin alderatuz, aldiz, puntu bat galdu du. Urtez urte ari da beheraka egiten ETB1: 2003an %6,2ko ikusle kuota izan zuen, iaz %3raino jaitsi zen. Eta aurten inoizko datu txikienetara erori da.

Denboraldi honetarako Arratsaldero magazinea da ETB1eko apustu garrantzitsuena. Lehen asteetan %1eko kuotaren inguruan dabil.

ETB3n haur programazioaren aldeko apustua egin dute, ETB1eko marrazki bizidunak bertara pasatuz. Urrian %0,5eko batez besteko kuota izan du ETB3k, irailean baino bi hamarreko gutxiago.

Tele5k ditu ikusle gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%18,9).

Espainian, La1 da liderra (%15,2), eta bigarren tokian dago Tele5 (%14,7). La2ek bere historiako datu eskasena izan du urrian: %2,3.



Antxon Urrosolo 'A2' saioko zuzendari kargutik kendu dute

Ez da batere arrakastatsua izan Antxon Urrosolok ETBra egindako itzulera. Aspaldiko magazineak ikusle datu eskasak izan zituen bere lehen denboraldian. Bigarrenean, saioa Galdakaotik Miramonera pasatu dute, eta Urrosolok aurkezle izateari utzi dio. Datuak ez dira hobetu. Eta Miramongo langileak behin eta berriz kexu azaldu dira, Urrosoloren langileak tratatzeko moduengatik eta egindako oihuengatik. Azkenean EITBko zuzendaritzak A2 magazineko zuzendari kargua uztera behartu du. Juanjo Romanok hartu du saioaren zuzendaritza. Azkeneko astean Urrosolo ez da Miramonen azaldu. Abenduan amaituko zaio saioari kontratua. Eta ez du jarraipenik izango.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.