KOMUNIKAZIOA. ETB2k %8,1eko ikusle kuota izan du irailean, iaz baino 4,4 puntu gutxiago

ETB1 kateak %1,8ko kuota baino ez du eskuratu, duela urtebete baino puntu eta erdi gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Azkeneko urtean behera egin dute nabarmen ETB1 eta ETB2ko ikusle kuotek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ETB2 kateak irailean %8,1eko ikusle kuota izan du, azkeneko urteetako daturik txikiena. Iazko irailean gaztelaniazko kateak lau puntu eta lau hamarren gehiago zituen. LTDko kateen ugaritzeak neurri batean esplikatzen du jaitsiera hori, baina, bestetik, ETB2ko saio batzuk oso datu txikiak ari dira ematen. A2 magazineak, esate baterako, are ikusle gutxiago ditu Antxon Urrosolo gabe, eta %6ko kuotaren inguruan dabil. Prime-time ordutegian salbuespentzat jo daiteke joan den asteazkeneanEl conquistador del Aconcagua-ko eztabaidak lortutako datua: %12,6ko kuota.

ETB1 kateak ere oso beherakada handia izan du azkeneko hilabeteetan. Iazko irailean %3,3ko kuota zuen euskarazko kateak, eta urtebetean puntu eta erdi galdu du, %1,8raino. Datu hori da 2010eko kaskarrena, ekainean izandakoa berdinduz. Udan, apur bat hobeto ibili zen euskarazko katea: %2,4ko kuota uztailean eta %2,1koa abuztuan. Azkeneko asteetan ETB1eko datu onenak Txapeldunen Ligako futbol partidek izan dituzte.

ETB3 kateak, bestalde, %0,7ko ikusle kuota izan du irailean, duela urtebete baino lau hamarren gehiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 da liderra (%17,4).

Espainian, La1 jaun eta jabe

Zazpi urtean aurreneko aldiz, La1 kateak lidergoa lortu du denboraldiko lehen hilabetean, Espainian: %15,3. Tele5 da bigarrena (%13,6), eta Antena3 hirugarrena (%10,9). Sortu berri diren kateen artean Nitro ikusten da gehien: %1,3. La2ek, bestetik, inoizko daturik apalena izan du irailean: %2,8.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.