Erabiltzen ez ditudan arren, nire hiztegiari hainbat esapide berri eman dizkio Goenkale-k. Azkena, puta larru. Antzina, sortu zutenean, jende askori entzun izan nion lausengu bera. Euskaraz ikasten ari zirenentzat eskola paregabea zen. Halaber, belaunaldi jakin bateko kideoi lagunarteko mintzaira egokia sortzen lagundu zigun.
Ez dakit munduko zenbat txokotan gertatzen den halako zerbait. Zenbat herrialdek sentitzen duten telebista kateen bitartez haien hizkuntza bultzatzeko beharra. Eraginkorra ote den. Beharrezkoa. Baina gurean gertatzen da. ETB1en ikusgai den Kerman, mintzalagun bila da azken adibidea. Euskara eguneroko bizimoduan sustatzeko asmoz sortu zen saioa iragan denboraldian. Liburuak albora utzi eta kalea bihurtu zuen ikasgela. Hastapenetan Oihan Vegak hezurmamitzen zuen Kerman Ugarte protagonista. Egun, denboraldi berrian, Fernando Ruiz donostiarrak hartu dio lekukoa.
Aldiro, hainbat arau aukeratu, eta haiei buruzko egoerak aurkezten dituzte. Aurrena, araua hausten zein betetzen duten adibideak azaltzen zaizkigu ikus-entzuleoi; jarraian, arbelaren laguntzaz, arauaren azalpen zehatza ematen digute. Formatua baliagarria omen zaio jende askori. Pozgarria.
Dena den, arau jakinez gain, mezu arriskutsua zabaltzen ari da Kerman, mintzalagun bila. Adibide praktikotik arberlaren aurrekora, hiru aldaketa nabarmen dira bistakoak: betaurrekoak, lepoko koloretsua eta hitz egiteko era. Hirurek, mezu bera indartzen dute. Hain zuzen, Oihan Vega eta Fernando Ruiz ez bezala, Kerman Ugarte friki gisa irudikatzen dutela. Frikia, mozoloa, barregarria, berezia, xelebrea... Ordea, betaurrekoak, lepokoa eta tonu behartua desagertzean, pertsona normalaren itxura hartzen du arbelaren laguntzaz aholkuak ematen dizkigunak.
Ez naiz betaurrekoez, lepokoez eta hizketa moduez ari. Hau ez da haien aurkako apologia. Baina horiek dira ikasten ari direna eta irakaslea desberdintzen dutenak. Euskara ikasleak era batekoak eta euskara etxean jaso dugunak bestelakoak bihurtzen gaituztenak. Eta ikuspegia eta mezua ez dira zuzenak. Ez telebistarako, ez kalerako. Euskal hiztunak euskara bezain anitzak baikara. Euskararen mundura hurbiltzen ari diren horiek bezainbeste. Telebistan, ikasgelan eta kalean, hizkuntza baitugu ikasgai; ez bakoitzaren itxura.
KOMUNIKAZIOA. Euskararen arauak eta itxura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu