Facebookek posta elektronikoa eskaini nahi du orain. Ematen dituen aukerez gain, orain, Facebookeko mezuak, txat mezuak, posta elektronikoa eta abar bilduko dituen sistema bat jarri nahi du martxan. Horrekin, Yahoo, Hotmail eta Gmail handiekin lehiatu nahi du Facebookek. Zergatik Interneteko sare sozial arrakastatsu honek posta elektronikoa eskaini garai hauetan?
Garai hauetan posta elektronikoaz gutxi hitz egiten bada ere, gehien erabiltzen den tresna da. Denok dugu posta elektroniko bat behintzat, eta identifikazio sistema bera ere bada orain. Hau da, leku askotan posta elektronikoa da gure erabiltzaile izena. Jende askok erabiltzeaz gain, jende mota askok erabiltzen du. Ez da, beste tresna batzuk bezala, jakintza gehiegi eskatzen duen tresna bat, eta oraindik ere eraginkorra da, egin beharreko lana ondo burutzen du, alegia.
Tresna honekin, Facebookek jendearen fideltasuna lortu nahi du. Erabiliko luketenak Facebook erabiltzaile guztiak dira. Apustua Facebookeko mezuak, txatekoak eta beste hainbat batzea da, baina, era berean, Facebook Connect -webguneetan identifikatzeko Facebook kontua erabiltzeko aukera ematen duen sistema- erabiltzen duten webguneekin konektatzeko identifikatzaile hori erabiltzeko aukera ere eman nahi du. Baina fideltasunaz gain, orain arte lortu ezin zituzten informazio batzuk lortu nahi ditu. Facebooken idazten duguna normalean publikoa edo erdi publikoa da; posta elektronikoaren bidez idazten duguna, berriz, pribatuagoa da. Google aspaldi konturatu zen horretaz, eta bigarren zerbitzu nagusia Gmail honen inguruan eraiki zuen. Ondoren, kontrako estrategia erabiliz, dena Gmailekin lotzen joan zen, berehalako mezularitza, buzz...
Googlek bezala, mezu pribatu horiek adierazten dituzten harreman indartsu horiek ere ezagutu nahi ditu Facebookek. Informazio preziatuena ez baitago ditugun harreman eta elkartruke arinetan. Horiek harrapatzen ondo ikasi dute, baina orain informazio pribatuagoa lortu nahi dute. Bai baitaki horiek dutela benetan gurekiko eragin handiena.
Arrakasta izango duten edo ez ez dakigu oraindik. Batzuek gehiegi pentsatu gabe ere eskaintza berri hau onartu eta aurrera egingo dute. Facebookek datuak eskatu, eta guk emango dizkiogu. Hala ere, bakoitzaren esku dago azken erabakia.
KOMUNIKAZIOA. Facebook posta elektronikoaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu