KOMUNIKAZIOA. Gatazka politikoa hizpide

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Guztioi gertatu zaigu, zorionez ala zoritxarrez. Euskal Herrira iritsi eta aterkia hartu beharra gure etxearen ezaugarrietako bat da. Nola Loiolan, hala Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Igande gauean ere, hala frogatu genuen La Sextako Salvados saioan.

Eskutan dugun egunkari honen webgunean atzo irakurritako izenburua jarriko nioke nik ere igandeko emanaldiari: Gatazka politikoa hizpide. Barka diezadala lapurreta albistea idatzi zuen kazetariak, baina zaila da hitz egokiagoak aurkitzea.

Sei izan ziren Salvados saioko protagonistak: Imanol Murua, Gorka Landaburu, Martxelo Otamendi, herriko taberna bateko bezeroak, Antonio Basagoiti eta Jesus Egiguren. Jordi Evole aurkezlearen premisatik abiatu ziren, gurean zerbait mugitzen ari dela azken hilabeteetan.

Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Adibidez, Gorka Landaburu Aldaketa 16 aldizkariko zuzendaria eta Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA egunkarietakoa mahai baten bueltan. Ardo koparekin topa egin, eta bakoitzak jasan behar izan dituenak kontatzen. Lehenak, ETAren bonba-gutuna jaso zuenekoa; bigarrenak, Euskaldunon Egunkaria itxi, atxilotua izan eta inkomunikatuta pasatutako bost egunetan bizi izandakoak. Ikuspegiak ikuspegi, lagun direla adierazita, mahaitik altxa eta eskua emanez agurtzeko.

Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Loiolan Imanol Muruarekin elkartu, eta, duela ez hainbeste, negoziazio mahaia izandakora hurbiltzeko gogoa. Bertan gertatu zena kontatzeko gogoa. Nor Murua baino hobea pauso horretarako. Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Herriko taberna batean kamera bat, eta bertako bezeroak gatazka politikoaz mintzo. Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Politikaria, Jesus Egiguren, kazetariari bi aukera ematen: «Egia ala politikoki zuzena nahi duzu?». «Nik nahiago egia, baina zeuk ikusi», Evolek. Ondoren, primiziak ala ez hain primiziak. Aurpegira, ordea. Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Basagoitik badaki irribarre egiten, haren erantzunak aurrez bagenekizkien arren. Ez dakit inoiz halakorik ikusi dudan. Jordi Evole, asko jota txiste bat ala bi egiten ordubetean. Ausart betiere. Ez dakit inoiz halakorik gurean ikusi dudan. Kanpotik etorri behar izan dute horretara. Gurean, aterkia hartuta bizi baikara. Zerbait mugitzen ari bada, ikusi beharko ditugu halakoak. Bilatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.