Hego Euskal Herrian prentsak, irratiak eta telebistak azkeneko 25 urteetan izan duen bilakaera aztertzen duen ikerketa egin du CIES enpresak. Baita Internetek azken zortzi urteetan egindako bidea ere. Iragarle eta publizitate agentziek urteotako datuak eskatzen zituzten. CIESek hedabideei proposatu zien Hego Euskal Herriko datuen ikerketa egitea, eta informazio hobea izateko aukeratzat hartu zuten.
CIESek orain arte elkarrizketa pertsonalizatuak egiten zituen, eskualdeka. «2009. urtean, aldiz, telefonoz hasi gara inkestak egiten ordenadorearen laguntzaz. Horrekin inkesta kontrolatuago dago, eta galdekatzailearen lana errazten da», azaldu du Carlos Zufiak, ikerketaren zuzendariak.
25 urteotako inkesta, bestalde, hedabide guztien artean finantzatu dute. Erreportaje sorta honetan azalduko diren datuetan, errakuntza tartea %1,25ekoa da EAEn, eta %2,18koa Nafarroan. Datozen lerroetan prentsaren bilakaeraz aritu gara, ikerketako datuei erreparatuz.
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan prentsa idatziak 25 urteotan ez du jaitsiera ikusgarririk izan. Ikerketaren zuzendariak azaldu duenez, 80ko hamarkadan gorakada nabarmen bat egon zen herrialde guztietan. «Gorakada handiena Araban gertatu zen. Emakumea irakurketara gerturatzeak ekarri zuen portzentajeetan gorakada, oro har maila txikietan baitzegoen. Egunkariek sortutako astekariek ere eragina izan zuten horretan».
90eko hamarkadaren lehen urteetan irakurketa datuak egonkortu egin ziren. 1993. urtean beherakada bat hasi zen, eta gaur arte iraun du. «Baina, hala ere, jaitsiera hori ez da oso nabarmena izan». Zufiaren arabera, egunkari aleen salmentan jaitsiera bat egon da, baina irakurketak berdintsu jarraitu du, tabernetan eta leku publikoetan gehiago irakurtzen delako.
Prentsa irakurketan egon den jaitsierarik handiena gazteen artean izan da, 21-25 urte bitartekoen artean, eta are nabarmenago 14-20 urte bitartekoen artean. «Irakurketaren jaitsiera sekulakoa da gazteen artean, eta jaitsiera ez da izan Internet bidez irakurtzen dutelako. Gazteek ez dute interesik azaltzen prentsarekiko». 90eko hamarkadaren hasieran, 14-20 urte bitartekoen artean %50 inguruk irakurtzen zituen egunkariak. Portzentajea 2008. urtean %23ra jaitsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %35era Nafarroan. «Teknologia berriek aldaketak ekarri dituzte gazteen kontsumo ohiturengan, eta prentsatik urrundu egin dira».
«Beste adin batzuetan ez da jaitsierarik egon, eta prentsak erreferentzia garrantzitsua izaten jarraitzen du». 46-55 eta 56-65 urte bitartekoen artean goraka egin du prentsa irakurketak, eta %58-59 inguruan dabil.
Doako prentsa eta sarekoa
Doako prentsa hiri handietan zabaltzen da batik bat, eta eragin handiena Bizkaian du. Dena den, herrialde horretan ordainezko prentsarekin batera funtzionatzen du. «Gazteen fenomeno bezala sortu zen, baina orain ez da hala, eta adin tarte ezberdinetan banatzen da».
Egunkarien euskarri digitaletan, Hego Euskal Herrian 14 urtetik gorakoen %10ek irakurtzen dute egunero halakoren bat. 2007. urtetik ez da gorakadarik egon. Eta ordainezko prentsa idatzia irakurtzen ez dutenak, hau da, prentsa Internet bidez soilik irakurtzen dutenak, %3 baino ez dira. «Horrenbestez, prentsa idatziaren jaitsiera ez doa berez lotuta Interneteko erabilerarekin».
KOMUNIKAZIOA. Gazteak, prentsatik urruntzen
CIES: Prentsa (I). '25 urte ikus-entzuleen kopuruak neurtzen' ikerketa egin du CIESek. Gaur eta datozen hiru astearteetan BERRIAk ikerketa laburbilduko du, hedabidez hedabide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu