KOMUNIKAZIOA. Hitzaren kontuak

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Astearte gaua da Teleberri 2 albistegian. Tituluen ondotik, hasi dira aurkezleak eguna xehatzen. Lehen zortzi albisteak, honako hauek:

-ETAren biktimen lau elkartek prentsaurrekoa eman dute. Lege antiterrorista berria osatze aldera, zazpi proposamen egin dizkiete agintariei. Ezker abertzaleari hauteskundeetara aurkezteko aukera ukatzea da helburua.

-Ridau eta Alonso politikari eta kargudunak mintzo dira. Aurrenak dioenez, ezker abertzalea bilerak egiten ari da, alderdi politikoei beren proposamen eta ildo berriak azaltzeko. Haiekin elkartu dira, eta bilera gehiago izan direla uste du. Alonsok ez du zilegi ikusten hori. Ezta egoki ere, su-eten behin betikoa iritsi arte.

-Basagoitik dio, kalean eta mikrofonoz inguratuta, ezker abertzaleak ez lukeela hauteskundeetan izateko paradarik izan behar. Horrek egoera luzatu baino ez lukeela egingo. Arazoaren amaiera jakina dela, batzuek garaile eta besteak garaitu izatea. PP dela lege antiterroristaren oinarria.

-Patxi Lopez lehendakariak hiritarren sarearen bidez egindako galderak erantzuten aritu da. Duela urte batzuk ezker abertzaleko kideekin elkarrizketak egitea egokia izanda, egun zergatik ez den galdetu dio hiritar batek. Garaiak aldatu eta eman beharreko aukerak agortu direla erantzun dio.

-ETAko kideekin izandako tiroketaren nondik norakoak argitzen ari da Frantziako Polizia. Hilketa nola gertatu zen aztertzen duten irudiak sortu ditu.

-Igor Portu eta Mattin Sarasola presoek Guardia Zibilaren esku izandako egunetan jasandako tratuaren inguruko epaiketa. Lehen egunean, hamabost auzipetuek ukatu egin dute bi euskaldunak torturatu izana. Hitzak entzun dira, irudiak hartzea debekatu baitute.

-Udalbiltza auziko epaiketa azken txanpan sartu da epaiaren zain. Auzipetuetako bik aro berriari ateak ez ixteko eskatu diote epaileari.

-Segiko kide izatea egotzita atxilotutako hamalau gazteetatik hamairu kartzelatu egin ditu Grande Marlaska epaileak.

Ez dira minutu gutxi ezker abertzaleari zein Euskal Herriak daukan gatazkari eskainitakoak. Bien bitartean, oraindik, EITBk bere arauari eusten dio: ezin dira ezker abertzaleko kideak elkarrizketatu. Hala ere, hitza ukatu dion hura hizpide hartzen du albistegi erdia osatzeko. Kontuak atera... edo ez, EITBk zugatik ere aterako ditu eta.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.