Kontsolamendu txikia.Abian da euskal kulturgintzaren transmisioa graduondoaren ikastaldia, MUn. Astero-astero, 40 kultur eragile izango dira hizlari, nork bere jakintza eta eskarmentua kontagai. Zuzenean entzule izatearen pribilegiorik ez dugunontzat, kontsolatzera datorkigu Julian Belokik EIn zuzentzen duen Jakin Minez irratsaioa, asteartero (21:30-22:00) eta igandero (22:30-23:00), Norteko Ferrokarrila-ren ostean. Joanes Imaz kazetariak laburbiltzen digu aste horretan entzun ahal izan den hitzaldia. Izatez, motzegi gertatzen dira 20-25 minutuko iraupena duten erreportaje horiek, hizlariek eta mintzagaiek askoz ere gehiagorako ematen dutela igarrita.
Audioa. Ostiralean Boulevard-eko tertulia zuzenean aditu ezin genuenon harridurarako, zera zioen egunkari honek atzo: Jone Goirizelaia abokatuak irratira hots egin, eta hitz egiten utzi omen zioten; Otegiren egoera argitzeaz gain, REk aplikatzen duen betoa salatu zuen. Bada, ziurrenik, «La abogada de Otegi puntualiza su situación procesal en Dialogos» izenburua daraman atala izango da atzo-gaur klik gehien jaso dituena REko web orrian, harriduraz eta morboz nahastutako jakin-minak bultzatuta. Eta hor zer aurkituko du batek? Bi huts edo lapsus bai, behintzat. Lehena, txikia, baina agian esanguratsua -egilearen soslaia azalera gaitzakeen heinean-; testuan zehar Otegui ipinita dagoela, alegia. Bigarrena, berriz, larriagoa da: Goirizelaiaren parte hartzerik ez da sumatzen, inondik inora. Dani Alvarez gidariaren ahotsa, Gipuzkoako katoliko gazte bati elkarrizketatxoa, abizenei buruzko polemika, Gorka Espiau, Lurdes Perez eta Mariano Ferrer iritzi-emaileak abizenen eta Otegiren gainean iritzia ematen... Hori dena bai, baina izenburuak iragartzen digunaren arrastorik ez! Berehalakoan konponduko duten lapsusaren aurrean gaudela pentsatu beharko dugu...
Iritsiko da eguna... EIn ezker abertzaleko Xanti Kiroga aditu ahal izan genuen ostegun arratseko eta ostiral goizeko albistegietan. Denbora kontua izan beharko du apartheid partikularra baztertu eta arrazionaltasuna nagusi dadin EITBko kazetarien egunerokoan; baita «Poliziak ETAren harrobia desegin du» eta halako tituluetara makurtuta dauden asteburuetako albistegi belikoetan ere, Izaskun Barriola buru duten horietan.
KOMUNIKAZIOA. Jakin-minez klikatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu