KOMUNIKAZIOA. Komedia erromantikoa

Jokin Labaien.
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Komedia erromantikoa egin nuen; Tele5k beste zerbait saldu du». Joaquin Oristrell gidoilari eta zuzendariaren hitzak dira. Erdizka nago ados. Komediatik asko du Felipe y Letizia telesaioak. Gurean, astelehen eta asteazken gauetan ikus-entzule asko izan du. Gurean, gure etxean da. Zenbakitan, Antena3eko Hispania telesailaren datuen pare ibili da. Baina gurean, zortzi begi eta belarriak adi ginen Tele5koari. Mingainak dantzan. Irudimena aske. Jarrera gaiztoz. Erromantikoa izateko komikoegia zen, tamalez. Ez zen igande bazkalosteko filmen mailara iristen. Lastima.

Hainbat lekutan irakurri dut Oristrellen lanak sortutako zurrunbiloaren berri. Normala Zarzuelan dar-dar egitea emankizunaren aurreko egunetan. Hala irudikatzen baitizkigute pertsonaia nagusiak: Felipe, mozolo baina lotsagabe; Letizia, xume baina argiegi; Juan Carlos, herrikoi baina despota; Sofia, orekatu baina itzalekoegi.

Gurean, barre algaren gailurrak ugari izan ziren. Gogoan dauzkat, Sofiaren azentu greziar eskasak sortutakoa, Juan Carlosen imitazio ezin hobea -hizkeran eta ibiltzeko eran, azken horrek Brinkola telesaioko konkordun bat edo beste oroitarazi zidana-, ezkontza publiko egin eta etxera itzultzen direnekoa... Hau da, Vaya Semanita-k gertakariaren monografikoa egin izan balu, ez luke hobetuko. Benetako istorioa elkarren segidan jarritako esketx sorta bihurtu du Oristrellek. Eta egin diren eta egiteke dauden saio guztietan bezala, ETAri bere tartea eskaintzen zaio. Halako batean, gurean bizi den mihi gaizto batek hala esan zuen: «ziur laster ETA agertuko dela bazterrak nahasten». Esan eta egin. Madrilen zen komando baten bonba abisuak pikutara bidali zuen Letizia eta Feliperen ibilaldi erromantikoa. Kasu horretan, bazen erromantiko, lora sorta eta guzti, baina komedia drama bihurtu zen; zentzu gabe, baina emankor. Gainera, Sofiaren eskuin eskuari -Letiziaren iragana zelatatzen zuen hari- Rubalcabaren antza handiegia hartu genion. Eta akabo. Festak ez zuen amaierarik ezagutu. Harik eta Letiziaren ama euskaldun jatorra dela ohartu ginen arte. Nor, eta Elena Irureta. Alimalekoa.

«Nik ez dakit zer gertatu zen bertan, ez bainengoen han; beraz, ezin dezaket kontatu. Hala gertatu zela imajinatzen dut». Gaitzerdi Oristrellek aitortu egin digula. Ni, behintzat, ez bainintzen xehetasunarekin ohartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.