Hainbat urtez Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker egin dute programa, baina iaz kendu egin zuten laguntza hori. Saioaren azken sei hilabeteetan Euskal Idazleen Elkartearen diruarekin egin zuen aurrera. Denboraldi berriari begira, EIEko ordezkariak Onda Vascako zuzendaritzarekin jarri ziren harremanetan. «Interesa zuten saioarekin jarraitzeko, baina ez zuten diruz lagundu nahi. Babesleren bat bilatzen saiatuko zirela esan zuten, baina ez dute halakorik lortu», argitu dute EIEko iturriek. «Eta guk ezin dugu jarraitu laguntzarik gabe».
Oier Guillan Testuketan saioko esatariaren arabera, EIEk ahaleginak egin ditu programa babesteko eta bultzatzeko, «baina ez da iraupena ziurtatzeko modurik egon».
Bi etapa Herri Irratian
Mikel Arano izan zen Komatxo artean irratsaioko aurreneko esataria. Garikoitz Berasaluzek hartu zuen gero haren lekukoa. Programaren azken sei urteetan, berriz, Mikel Asurmendi aritu zen (2000-2006). Asurmendik «ustekabean» hartu du Testuketan saioa kendu izana, baina ez da harritu. «Zoritxarrez, krisi ekonomikoa dela eta murrizketak etorri dira alor guztietan, eta, ondorioz, alor ahulenetan murrizketak ez ezik, alor horiek desagertuz doaz. Literaturaren alorra, esaterako, gutxiengo baten alorra izaki, desagerrarazi egin dute, eta kito».
EIEren beka baten bidez, Oier Guillanek diseinatu zuen Testuketan saioa. Aurreneko urtean Mikel Peruarena eta Xabier Gantzarain aritu ziren esatari. Azken hiru denboraldietan, berriz, Uxue Alberdik eta Oier Guillanek egin dute programa. Guillanek oso balantze ona egiten du saioaren bideaz: «Harrera paregabea izan da idazleen eta kolaboratzaileen aldetik».
Programa desagertu izana «pena handia» dela dio Guillanek, eta, haren ustez, «Herri Irratian euskarazko edukiak zituztenak kaltetu dira». Testuketan galduta, entzule esparru bat galdu dela iruditzen zaio esatari eta idazleari: «Entzuleak atera dira galtzaile, hortaz, baita idazleak ere, gaztelaniazko hedabide askotan euskal literaturarekin dagoen jarrera ikusita ez baitira asko idazle batek egin ditzakeen elkarrizketak».
«Oihartzun kaxa»
Euskal idazleek eta irakurleek irratsaioaren garrantzia nabarmendu izan dute urteotan. Asurmendiren arabera, «irratsaio propioa berez irabazita dauka euskarazko literaturak». «Eta, gainera, oihartzunkaxa hori behar du literaturak, berezkoa. Irratia berebiziko bitartekoa da, literaturak oihartzun hori izan dezan». Erakundeek halako irratsaioa lagundu beharko luketela uste du Komatxo artean-eko esatari ohiak, «literaturaren esparruak laguntza eta bultzada behar baititu». Guillanek, aldi berean, azpimarratu du hedabideek ere bultzatu beharko luketela literatura.
Herri Irratiko programa desagertuta, Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioa eta Arantxa Iturbek Euskadi Irratian egiten dituen elkarrizketak «erreferentzia garrantzitsuak» direla iruditzen zaio Guillani.
Telebistan Sautrela-k jarraitzen du ETB1en, nahiz eta joan den udaberrian desagertzeko arriskuan egon zen. Euskal letren uharte txikiak dira.