Telemadrid kateko Alto y claro saioan -nahita ere ezin izango zioten izen egokiagoa jarri- gertatu zen. Zuzeneko emanaldia hasi baino minutu batzuk lehenago, mahaiaren inguruan zain zeuden kolaboratzaileak. Bat-batean, eztabaida amaitzeko gaia aukeratzen ari zirela, hitz aspertuak bide arraroa hartu zuen. Barruko arropei buruzko gogoetak ilundu egin ziren. Salvador Sostres delako bati mingaina berotu zitzaion -burua aspaldi berotua zitzaiola esango nuke-.
Sostres: « 17, 18, 19 urterekin izaten du emakumeen haragiak puntu magiko hori». Muturra okertu egin zitzaion Isabel San Sebastian aurkezleari. Baina ez zuen jakin egoera nola moztu. Txistea egin zion, erdi irribarrez:
- Nire alabarengana gerturatzen ikusiz gero, hil egingo zintuzket.
- Zenbat urte ditu?
- 23.
- Zaharregia.
- Hil egingo zintuzket. San Sebastianek irribarretsu isiltzeko, gaixo dagoela. Eta, hara non, aurrean entzule gisa haurrak zituztela ohartu zen aurkezlea.
- Kaixo haurrak, zein ikastetxetatik zatozte?
- Marokotik.
- Kataluniatik.
- Baina Maroko zer da, ikastetxe bat ala Gobernuz Kanpoko Erakundea? - Sostresek-.
Eta han segitu zuen, lasai, irribarretsu, lerdea zeriola neska gazteez, haien gorputzez eta sexuaz, arrazoi osoaren jabe zelakoan. Hala aitortu zuen. Eta jario agortezinez, iruzkin sexistak eta arrazistak tartekatuz, bere izaera gaixoa autoelikatu zuen zuzenekoa hasteko falta zen denboran. Haren jarrera gustukoa ez zutela argi zegoen arren, hizketari jarraitu zioten ingurukoek. Inork ez zuen lepotik heldu eta platotik bidali. Inork ez zion muturra txikitu. Inork. Eta saioa hasi zuten, gizon hark autoritatearen argumentua merezia balu bezala. Hedabideek larritzat hartu dute gertatu zena, entzule hurbilekoenak haurrak zirelako. Niri ere kalte egiten didate halakoek. Nire pertsona izateari, alde maskulinoari eta femeninoari, ezkutuko nahiz bistako umeari, atal kritikoari, pasiboari... Denei eragiten die.
Nazka hitz gogorra da. Gogorregia, agian, sarriegi erabiltzeko. Oraingoan ahotan hartuko dut. Nazkagarriak iruditu zitzaizkidan: Salvador Sostres eta haren hitzak, barrea eta jarrera. Uste dut ezinezkoa zaidala sentitutakoaren intentsitatea adieraztea paperaren bidez. Sentitzen dut.
KOMUNIKAZIOA. Nazkaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu