KOMUNIKAZIOA. PPk lehen pausoa eman du telebista autonomikoak pribatizatzeko

Foru erkidegoek kate autonomikoen kudeaketa pribatizatzeko aukera izatea nahi du PPk

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako telebista kate autonomikoen kudeaketa pribatua izango da Madrilgo legebiltzarreko datozen hauteskundeak PPk irabazten baditu. Kate autonomikoak pribatizatzeko asmoa lehendik ere azaldu izan dute PPko ordezkariek jendaurrean. Atzo, ordea, aurreneko pausoa eman zuen bide horretan: foru erkidegoek kate autonomikoen kudeaketa pribatizatzeko aukera ematen duen legez besteko proposamena erregistratu zuten Madrilgo legebiltzarrean. Oraingoz, hala ere, horrek ez lioke eragingo kateen titulartasun publikoari.

Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak argitu du proposamen horren bitartez «foru erkidegoek euren telebistak kudeatzeko beste aukera batzuk izango» dituztela. Ekimenak «kostuak murriztea» ekarriko lukeela ondorioztatu dute popularrek.

Duela aste batzuk PPko Maria Dolores de Cospedalek Gaztela-Mantxako kate autonomikoa pribatizatzea proposatu zuen. Mariano Raxoi PPko buruak ere behin baino gehiagotan aipatu du bere alderdiak bide horretatik jo dezakeela, eta irailean ekimenaren berri eman zuen. Dirudienez, hainbat foru erkidegotan gobernatzen ari diren PPko ordezkarien eskutik iritsi da proposamenaren ideia. Haien arabera, kate autonomikoen gaur egungo gastuak oso handiak dira.

RTVEren finantzaketa arintzeko beste proposamen bat ere egiteko asmoa du PPk. Hain zuzen ere, 200 milioi eurotan gutxitu nahi dute popularrek Espainiako irrati-telebista publikoaren finantzaketa.

Goi bereizmenaren aldeko apostua egin nahi du PPk. Telebista publikoaren emendakin bat jasotzen du proposamenak, kate gutxiago baina bereizmen hobea eskaintzen duena, hain zuzen.

Pribatuek zerga bat nahi dute

Espainiako telebista kate pribatuak biltzen dituen UTECA elkarteak kate autonomikoak zerga edo tasa batekin finantzatu daitezen eskatu du. Alejandro Etxebarria UTECAko presidenteak adierazi du ez duela ulertzen kate autonomikoek zergatik ez duten TVEren bide bera hartzen eta publizitatea kentzen. Antena3ekokontseilari ordezkari Silvio Gonzalezek, bestetik, kate autonomikoen kopurua gutxitzea proposatu du.

EAEko etxe bakoitzari urtean 191 euro kostatzen zaio ETB, Deloitteren arabera

Deloitte enpresak egin duen ikerketa baten arabera, 2009. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxe edo familia bakoitzari 191 euro kostatu zitzaion ETB edukitzea, aurreko urtean baino %21 gehiago. Hiru herrialdeetako etxe bakoitzari beste 34 euro kostatu zitzaion TVE finantzatzea. Katalunian etxe bakoitzari 114 euro kostatu zitzaion telebista katalana eta Galizian 105 euro telebista galegoa. Aurreko urtearekin alderatuta, Galiziako telebistaren kostua %16 gutxitu da, eta Kataluniakoa %14 igo da. Baleareetakoa da FORTAko telebistarik garestiena: 219 euro kostatzen zaio urtean familia bakoitzari. Merkeena Madrilgo telebista da: 57 euro kostatzen zaio etxe bakoitzari urtean. FORTAko kateetan azken urtean publizitate sarrerak %27 gutxitu dira, eta, guztien zorrak batuta, 1.480 milioi eurora iritsi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.