KOMUNIKAZIOA. «Reala da Gipuzkoko futbolaren lehen irudia, baina ez gara Realera mugatzen»

Astelehen gauetan Gipuzkoako futbolaz aritzen dira 'Hamaikakoa' programan, tokiko beste kate batzuekin lehian. Realari buruzko euskarazko mahai-inguru bakarra da Hamaikarena.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hamaikara heldu aurretik, ETBn, Euskadi Irratian, Herri Irratian, Onda Vascan, Berrian eta Irutxuloko Hitza-n egin du lan Inaxio Esnaolak (Donostia, 1984).

Zer moduz doa Hamaikakoa?

Aurreneko saioa joan den ekainean egin genuen. Reala Lehen Mailara igotzeko zorian zegoenean, azken jardunaldiekin egin genituen aurreneko programak. Denboraldi laburra izan zen, baina neurria hartzeko modukoa. Sasoi berri honetan irailean hasi dugu denboraldia. Ahulgune batzuk baditugu, antenen arazoa dela-eta. Baina indarguneak ere baditugu, euskarazko kirol saio bakarra baita Gipuzkoako futbolaz aritzen dena.

Formatua pixka bat aldatu duzue, ezta?

Bai. Mahai-ingurua apur bat laburtu egin dugu, kontuan hartuta mahai-inguru asko daudela. Elkarrizketaren atala dago, eta, hor, Gipuzkoako taldeetako lagunekin aritzen gara. Asmoa da eremu osoko jokalari eta teknikariak elkarrizketatzea. Hirugarren Mailara ere helduko gara. Emakumezkoen Superligari gertutik kasu egin nahi diogu; zorionez, emakumezkoen futbola gorantz egiten ari da. Eta gizonezkoen beheko mailen emaitzak ere ematen ditugu.

Zertan da ezberdina Hamaika kateko saioa tokiko beste kateetako futbol saioetatik?

Nik ez dut kerik saldu nahi. Futbola gustatzen zaionari gustatuko zaion saio bat da. Ez dut uste besteek ematen ez dutena ematen dugunik, hizkuntza ez bada. Ohiko mahai-inguruaz gain, dibulgazio lan bat egiten saiatzen gara, Gipuzkoako futbolaren errealitatea ikuslearengana helarazten. Reala da lehen irudia, baina ez da bakarra. Ez da justua saioa Realera mugatzea.

Gipuzkoarako deskonexioan ikusten da Hamaikakoa saioa. Beste herrialdeetako realzaleak ez al dira penarekin izango?

Bai, baina ez da gure kontua, baliabideena baizik. Ordu berean Bizkaian Harrobia ikusten da, Araban bezala. Badago asmoa etorkizun hurbil batean bi futbol saioak Interneten jartzekoa, eta, horrela, Gipuzkoatik kanpoko realzale guztiek aukera izango dute saioa ikusteko.

Elkarrizketa guztiak euskaraz egiten dituzue. Salbuespen gisa elkarrizketatuko al zenuke Martin Lasarte?

Ez da sartzen nire asmoen artean. Realean jokalari asko daude euskaraz dakitenak, eta horiekin egingo ditugu elkarrizketak. Bigarren entrenatzailea ere euskalduna da, eta hura ere ekar dezakegu saiora.

Realak asko sufrituko al du mailari eusteko?

Uste dut baietz, sufrituko duela. Baina normala da, Bigarren Mailan hiru urte egin ostean. Ligan, sei talde kenduta, gainontzekoek sufrituko dute, dena den. Eta Reala multzo horretan egongo da.

Hamaikakoa saioaz gain, zer gehiago egiten duzu Hamaikarentzat?

Donostian berriemaile gisa ari gara pixkanaka. Bat eta Bat magazinearen informazio esparrua Euskal Herri osora zabaldu da, beste izaera bat hartu du. Adibidez, joan den astean Portu eta Sarasolaren epaiketaren berri eman genuen. Badugu asmoa elkarrizketa saio bat egiteko.

Onda Vasca utzi duzu. Zergatik?

Arrazoi nagusia atsedena da, eta egiten ari naizenarekin gozatzea. Bestalde, Onda Vascan euskara gutxitu egin da, eta ez nator bat guztiz irratiaren izaerarekin. Kirola ere ez da behar bezala jorratzen.

Info7n Harrobia egiten duzu.

Ostegunetan 23:00etan egiten dugu. Euskal Herriko musika alternatiboa da saioaren oinarria. Saiatzen naiz ezagunegiak ez diren taldeen lana bultzatzen. Sarera dago begira, eta poztu nau jakiteak New Yorken entzun dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.