Info7 sortu zenetik ari da hor lanean Eider Elduaien (Tolosa, Gipuzkoa, 1982). Albistegietan ibili da batik bat. 2010. urtea hastearekin batera hartu zuen koordinatzaile kargua.
Info7k bost urte beteko ditu urtarrilean. Irratiari tamaina handiagoa eman nahi diozue. Nola egingo duzue hori?
Gure kanpainako leloa Geroz eta gehiago da. Kanpainarekin batera proiektua indartzen joatea da gure asmoa. Hiru ardatz nabarmenduko nituzke: gure seinalea FMn toki gehiagotan zabaltzea, programazioa indartzea eta eskaintza zabalagoa egitea, eta hirugarrenik bazkide kopurua handitzea ekonomikoki indar gehiago izateko.
Zenbat bazkide gehiago egiteko helburua finkatu duzue?
Ez dugu kopuru zehatzik ezarri. Orain 1.700 bazkide inguru ditugu. Behintzat, 2.000 bazkideko kopurua gainditu nahi genuke.
Herriz herri kanpaina egiten hasiak zarete, ekitaldi bereziekin. Aurrenekoa Otxandion egin zenuten. Zer asmo duzue ekitaldi horiekin?
Kanpainaren oinarria irratia herrietara eramatea izango da, jendeak jakin dezan Info7 zer den eta nola lan egiten dugun. Zenbait eskualdetan irratsaio bereziak egingo ditugu. Otxandion urriaren 23an izan ginen, eta oso gustura gelditu ginen, irratsaioaz gain herritarrek ekitaldi ugari antolatu zituztelako. Azaroaren 27an Arrasaten antzeko formatua erabiliko dugu, herritarrei eta eragileei irratia ezagutarazteko. Abenduan Durangon izango gara, Liburu eta Disko Azokarekin bat eginez. Ondoko asteetan, Tolosara, Donostiara, Errenteriara, Lizarrara eta Azpeitira joateko asmoa dugu. Otsailean amaituko dugu kanpaina jaialdi berezi batekin.
Info7k izan al dezake aukerarik FMko baimen bat lortzeko?
Bai, laster irekiko da Hego Euskal Herrian lizentzien banaketa, eta Info7k hor buru-belarri sartzeko asmoa du.
Programazioan zer pauso eman nahi dituzue?
Gustatuko litzaiguke goizeko atala indartzea, goizean izaten baitira irratiko entzule gehienak. Aldi berean albistegiak indartu nahi ditugu. Egun, goizeko 07:30etik iluntzeko 20:30era albistegiak ematen ditugu; goizez ordu erdiro eta arratsaldez orduro.
Kalegorrian magazineko eduki askomamitsuak izaten dira. Horiek eguneko agenda informatiboan erreferente bilaka daitezke?
Bai, saio horretan egiten diren elkarrizketak informazio iturri izan daitezke beste hedabide batzuentzat. Pixkanaka ari gara erreferente izaten, eta, alde horretatik, haztea espero dugu.
Arrosa sarearen bidez, hainbat irratik Info7ko albistegiak ematen dituzte. Zer garrantzi ematen diozue Arrosa sareari?
Guretzat, berebiziko garrantzia du; Euskal Herriko irrati txikien artean ez bagara elkartzen eta badugu elkar elikatzen, zaila izango baitugu zabaltzea eta indartzea. Funtsezkoa da elkarlan hori.
Hedabideen krisiaz asko hitz egiten da. Nola dago Info7 krisi horretan?
Interneti begirako planteamenduak egin behar dira. Info7k hasieran hori argi zuen. Eta, aurrera begira ere, indarrak jarri beharko ditugu horretan.
KOMUNIKAZIOA. «Seinalea zabaldu, bazkideak gehitu eta programazioa indartu nahi dugu»
'Geroz eta gehiago' kanpaina jarri du martxan Info7k, urtarrilean bost urte beteko dituela eta. Herriz herri ibiliko dira proiektua jendeari ezagutarazten, irratsaio bereziak egitearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu