KOMUNIKAZIOA. «Sortze prozesuan kazetariak egon izana bermea da irakurlearentzat»

Kataluniako hauteskundeen egunean iritsiko da kioskoetara katalanezko egunkari berria: 'Ara'. Modelo berri bat sortzen saiatu dira.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iritzia eta Kultura saileko zuzendariorde kargua beteko du Ara egunkarian Ignasi Aragayk (Bartzelona, 1966). Avui-ko Kultura saileko arduraduna izan zen, eta hamaika aldizkaritan kolaboratzen du.

Oberta Unibertsitateko irakasle batek berriki esan digu Ara egunkariak ikusmin handia sortu duela. Zergatik dago ikusmin hori?

Krisi eta aldaketa garai batean gaude munduan, baita Kataluniako gizartean ere. Erreferente berriak egoteko eta gauza berriak gertatzeko premia dago. Kataluniako gizarteak aurrera egin du trantsizio urteetatik hona, baina azken hamarkadan kiribil batean sartuta gaude. Egunkariak beti sortzen dira krisi garaietan. Bigarren trantsizio batean gaude Katalunian. Eta garrantzitsua da hedabide berri bat egotea herrialdea eta mundua beste modu batean esplikatzen duena. Politikan itxaropen gutxi daude, baina hedabide berri batek ilusioa sor dezakeela uste dute askok.

Egunkariaren finantzaketa lortzerako orduan zeintzuk izan dira akziodun nagusiak eta nola lortu duzue akziodunak erakartzea?

Lehen erronka izan da egunkari modelo berri bat sortzea, eta bestea, horretan sinistuko duten akziodunak lortzea. Apustu handiena Ferran Rodesek egin du, Havas Mediako kontseilariak. Carulla familia da beste akziodun garrantzitsua, Agrolimen enpresaren jabea. Akziodun ertainak eta txikiak ere badaude. Akziodun txikien artean telebistagintzan eta irratigintzan aritu diren kazetari katalanak daude. Sortze prozesuan eta administrazio kontseiluan kazetariak egoteak bermeak ematen ditu irakurlearekiko.

Zeintzuk izango dira egunkariaren ezaugarri nagusiak?

Egunkaria Kataluniako gizartearen erdian kokatzen da. Demokratikoki bere buruari asko eskatzen dio proiektuak, baita arlo profesionalean ere. Iruditzen zaigu eskakizun maila igo egin behar dugula arlo guztietan. Herrialdeak hobeto funtzionatu behar du, eta, ondoren, jendeak erabakiko du Kataluniak independente izan behar duen edo zer harreman izan nahi duen Espainiarekin eta Europarekin. Zer gizarte modelo nahi dugun ere erabaki beharko dugu. Gai horietan sakonduko du egunkariak. Zenbakitan errealistak gara, eta lehen urtean gutxi saltzeko aurreikuspena egin dugu: egunean 10.000 ale.

Egunkari tradizional gehienen atalak mantenduko al dituzue?

Ez. Papera berrasmatzen saiatuko gara. Ulertzen dugu ez duela zentzurik bezperan eguerdian dauden tituluak errepikatzeak. Interneten azken berriak emango ditugu, bideoa ere erabiliz. Paperean, berriz, analisia eta interpretazioa egingo dugu. Egunkariaren %80a izango da gaur eta bihar gertatuko dena interpretatzeko, eta %20a bezperan gertatutakoa interpretatzeko. Bi bloke daude: bata gaurkotasuneko gai handiena eta bestea agenda pribatua, herritarren egunerokotasunari dagokiona. Gai gutxi landuko ditugu, baina sakonean.

Kontratatu dituzuen kazetariak gazteak eta teknologia berrietan jantziak dira. Zertan eragingo du?

Kazetariak hautatzeko prozesuan saiatu gara ondo formatuak daudenak aukeratzen, hizkuntza asko dakizkitenak eta teknologikoki formatuak daudenak. Haiekin batera kazetari beteranoak eta kolaboratzaile finak ditugu. Konbinazio horrek gai eta jende askorengana iristeko aukera emango digu. Begirada propioa bilatuko dugu.

Interneten negozioa egiteko modua egongo al da?

Egunkari bat soilik Interneterako zailagoa da. Publizitateak balio seguruetara jotzen du, paperera. Hala ere, Interneten publizitate sarrerak izateari ez diogu uko egiten. Telebista plato bat dugu erredakzioan, eta eduki indartsuak egingo ditugu Interneterako. Kanpora joaten diren kazetariek iPhonak erabiliko dituzte filmatzeko.

Katalunian independentzia lortzeko prozesu argi bat balego, zer posizio hartuko luke Ara-k?

Egunkari demokratikoa da Ara, eta Kataluniako gizarteak demokratikoki halako prozesu bat hasten badu, errespetatu egin beharra dago. Herrialde honek serioa izan behar du. Irekiak gaude edozertara, eta ez digu ezerk beldurrik ematen.

Euskal Herriko gatazka politikoari dagokionez, hedabide batzuek oztopoak jarri izan dituzte elkarrizketa prozesuetan. Zer egin beharko luke egunkari batek?

Komunikabideek rol sozial garrantzitsua dute, eta ardura handiarekin jokatu behar dute. Gure inguruko prentsa ez da beti arduratsua izan. Komunikabide batzuek ez dute jokatu euskal gizartearen baketzearen alde. Euskal Herriak ere hedabide arduratsuak behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.