Fernando Ruiz (Donostia, 1980) da Kerman mintzalagun bila saioaren denboraldi berriko berrikuntza nagusia. Ohian Vegaren ordez arituko da Kerman pertsonaiarena egiten. Euskal Telebistan lan dezente egindakoa da Ruiz. Hasi berriak eta Martin telesailetan parte hartu du, baita La buena nueva filmean ere. 2003. urtetik Txiribitonen papera egiten du Txirri, Mirri eta Txiribitonen belaunaldi berrian.
Zer ekarriko dizu Kermanen rolak zure ibilbidean?
Lan berria da niretzat. Orain arteegin ditudan gauzak oso puntualak eta txikiagoak izan dira. Protagonista papera da Kermanena, eta saioaren pisu nagusia nire gain dago. Kermanen inguruan gertatzen dira istorio guztiak, eta saioaren amaierako irakasle rola nik egiten dut. Lan asko da, baina oso gustura hartu dut.
Kermanen rola ez al dago Ohian Vegarekin gehiegi identifikatua?
Tira, agian bai. Ekoizpen etxetik argibide batzuk eman dizkidate, eta pertsonaia nolakoa den azaldu didate. Hortik aurrera nahiko libre utzi naute, pertsonaia nire ikuspegitik jorratzeko. Pertsona inuzentea, berritsua, lagunen laguna eta batzuetan traketsa da Kerman. Argibide horiek jarraituz, Kerman berri bat sortzen saiatu naiz.
Zer desberdintasun ditu Kerman berriak aurrekoarekin alderatuz?
Nabarmenena fisikoa da. Ez daukagu antz handirik Ohianek eta biok. Azken finean pertsonaia bera da, bakoitzak egin ditzakeen keinuak edo hizkera da aldatzen dena.
Zer berrikuntza dakartza saioak denboraldi berrian?
Bigarren mailako pertsonaia batzuk azalduko dira. Kermanen familia eta lagunak azalduko dira, eta 85 ataletan zehar behin baino gehiagotan agertuko dira. Kirmen, Kermanen anaia, da horietako bat. Bestalde, kareta eta grafismo aldetik apustu handia egin dute.
Zein herritan ibiliko da Kerman?
Euskal Herri osoan barrena ibiliko da. 26 atal grabatu ditugu orain arte, eta Ultzaman, Agurainen, Bilbon, Donostian, Hernanin, Algortan... egon gara. Oraindik beste 59 atal falta zaizkigu, eta ziurrenik kalean ikusikogaituztegrabatzen. Iparraldera joateko asmoa ere badugu.Mugitzea oso garrantzitsua da guretzat, joaten garen herriko hizkera edo euskalkia lantzen baitugu.
Norentzat da saioa?
Euskaraz hitz egiten ez dakitenei hitz egiten animatzea eta dakigunok egiten ditugun akatsak zuzentzea da saioaren helburua, denok egiten baititugu akatsak. Telebistako erritmoak nahiko dinamikoa egiten du saioa; beraz, maila jakin bat dutenentzat da saioa. Hanka-sartze asko egingo ditu Kermanek, eta ikasiz joango da pixkana.
Eraginkorra iruditzen al zaizu telebista euskara erakusteko erabiltzea?
Programazioan dagoen saioen artean garrantzitsua iruditzen zaithorrelako saio bat egotea. Honek, ludiko kutsu bat izateaz gain, zer edo zer irakasten du. Telebistak gauza askotarako balio du, eta, besteak beste, erakusteko tresna egokia izan daiteke. Nahiz eta entretenimendura begira egon, beste alor asko jorratu daitezke telebistarekin.
Ez al dira motz geratzen bost minutuko saioak?
Ez duzu itxaron behar saioa ikusteko.Telebistan harrapatzen duzu, eta gustura ikusten duzu. Luzeagoa izango balitz, ez dakit jendeak ikusiko lukeen. Bost minutuko saioa izanda, eta jakinda ETBko kate guztietan ematen dituztela, euskarri egokia da momentu batean euskarako dosi bat hartzeko.
Nola erantzun dute orain arte ikus-entzuleek?
Aurreko urtean oso ikus-entzule asko izan zituen, eta horregatik erabaki dute 85 atal egitea. Jendeak eskertzen du horrelako saioak egotea.
KOMUNIKAZIOA. «Telebistak gauza askotarako balio du; erakusteko tresna egokia izan daiteke»
Fernando Ruiz aktorea jarri da denboraldi honetan Kermanen larruan. Euskal Herri osoan zehar ibiliko da Kerman mintzalagun bila, euskara txukuna erabiltzeko argibideak emanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu