Twitterreko euskarazko jardun osoa batu eta albistegi automatikoan biltzen duen tresna sortu du Eibarko CodeSyntax enpresak: Umap.eu. Albistegi horretan, kazetariek lan egin beharrean robotek egiten dute lan. Izan ere, tresna berriak euskaraz Twitterren idatzitako mezuak diskriminatzen ditu, eta mezu horien edukiekin albistegi bat sortzen du. Twitterreko erabiltzaile euskaldunen interesen araberakoa da. Euskaraz eta katalanez jarri dute martxan Umap aurreneko fase honetan.
Albistegi automatikora iristeko, Umapek Twitterreko euskaldun guztiak jarraitzen ditu. Garatzaileen kalkuluen arabera, euskaldunen %95 «fitxatuta» dauzka Umapek; hortaz, Twitterren euskarazko jardun ia osoa islatzen da Umapen denbora erralean. Mezu guztiak momentuan eta banan-banan aztertzen ditu Umapek, eta unean bertan robotek erabakitzen dute mezu bakoitza euskaraz dagoen ala ez.
Twitter, gero eta erabiliago
Mezu laburren kate bat da Twitter, nazioartean arrakasta handia duen sare soziala. Erabiltzaileek 140 karaktere baino gutxiagoko mezuak partekatzen dituzte bertan.
Luistxo Fernandez Umap proiektuko arduradunaren ikuspuntuaren arabera, Twitterrek filtro sozial bat egiten du. «Ez da informazio kaosa sortzen, baizik eta kaos hori albistegi pertsonal bilakatzen da. Bakoitzak jarraitzen dituen pertsonen araberakoa da, unean uneko flashak eskainiz». Umapek, berriz, komunitate oso bat iragazten du.
«Umapekin informazio egituratua eskaintzen da, euskal komunitatearentzat unean-unean zer den albiste agertzen du», dio Fernandezek.
Robotek «gako hitzak» kontuan hartzen dituzte, eta denbora errealean erakusten du Umapek zertaz ari diren tuiterlari euskaldunak. Algoritmo batzuei esker, Umapek prozesatutako informazioa hainbat modutan erakusten du: unean unekoa, azken 24 ordutakoa, azken astekoa eta hilabetekoa. Gako hitz horiek erakusteaz gain, Umapek Twitterreko mezuetan partekatutako Interneteko helbideak arakatzen ditu, eta webgune horietatik informazioa xurgatzen du: izenburua, sarrera eta argazkia. Horiei esker sortzen du Umapek albistegi automatikoa.
Euskaraz eta katalanez funtzionatzen du oraingoz Umapek. «Baina etorkizunean beste hizkuntza batzuetan ere egitea gustatuko litzaiguke», iragarri du Fernandezek. Hizkuntza iragazkiak egin beharrean, beste iragazki batzuk ezartzea ere aurreikusten dute.
CodeSyntaxeko arduradunen arabera, Umapek datu kuantitatiboak eskaintzen ditu Twitterren ari diren euskaldunen jardunari buruz, eta azterketa soziolinguistikorako tresna balekoa izan daiteke. Gaur egun, 1.300 lagun inguru ari dira euskaraz Twitterren. Kopuru hori hazi egingo dela uste du Fernandezek.
«Umap proiektuak garapen komertziala izatea espero dugu», azaldu du Fernandezek. «Enpresak eta hedabideak izan daitezke etorkizuneko gure bezeroak». Oraingoz Facebookekin ezinezkoa bada ere, aurrera begira ez dute baztertzen beste sare sozial batzuekin erabiltzea.
KOMUNIKAZIOA. Twitterren oinarritutako albistegia sortu du CodeSyntaxek: 'Umap.eu'
Twitterreko erabiltzaile euskaldunen mezu guztiak batzen ditu Umapek modu automatikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu