Maratila

Kongo 1

Aurelia Arkotxa.
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2011ko maiatzaren 4a. Dax Ville d'eau. «Akitzeko urak» zioen Jean Elissalde Zerbitzarik. Nik ere hala entzun izan dut etxean beti. «Akitze» eta ez «Akize»... Novempopulaniako leku bakana. Aturriko uren bazterrean. Tarbellitarren urak. Aquæ Tarbellicæ… Argi berezia du hiriak. Aparteko transparentziak dituzte handik iragaten diren Aturriko urek. Primaderako eguzkitan. Xarma izigarria hango egoitza termalek. Splendid hotela. Atrium Kasinoa. Art Deco estiloko egoitza ederrenetarik. Splendid hotelean uretara jinak diren jende adinekoek arratsetan dituzten dantzaldiak. Aurten ere joan naiz Akitzera. Martine Sonnet-en Atelier 64, Jacques Longchamp-en Soleil pas d'équerre... Idazteaz mintzatzeko. Atrium: antzerki gelako dekoratu doratuan zorien hegadak zizelkatuak. Baratze miresgarriak. Gaur Atxaga da mintzo. Gela ilunpetan. Fokuek eszena lekua dute argitzen. Kazetaria eta idazlea. Frantsesez dena. Ez dut nehoiz entzun izan Atxaga frantsesez zuzenean. Galdegiten dio kazetariak ea nola jin zaion idazle ofizioarena. Roland Barthesen nerabetasuna aipatzen du Atxagak. Roland Barthesek berak André Gide aipatzen zuelako. Bai, André Gideren itxura gelditua zitzaion Bartheseri. Atxagak jarraitzen du, «André Gide… kafe-etxea… zigarreta…». Jean-Louis Ézinek behin idatzia gogoratzen zait eni (Le Nouvel Observateur, 1991 IX 19): «Nola ezagut idazlea idazle dela? Roland Barthesek, André Gide behin Lutétia jatetxean udare baten zuritzen eta liburu baten irakurtzen ikusi zuelako, erantzuten zuen: idazlea esakuntzak trebesatzen duen zerbait da, eta hori biziko edozein egoeretan, kafetegi baten zokoan udare baten azalaren kentzen egon dadila edo Kongo ibaia behera joan dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.