Konpartsek muntaketari ekin diote

«Bi abuztu grisen» ostean, kaleak «aldamioz eta kolorez» beteko dituzte. Txosnena gune segurua izango dela azpimarratu dute

Atzo egin zuten prentsaurrekoa konpartsakideek Arriaga antzokiaren atarian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Pasatu hiruko bat», esan zion aldamio gaineko neskak. «Egin kate bat, eta pasatu», ondoko mutilak. Hiru metroko barra horizontal bat eman zieten behekoek. «Orain, bi horizontal».

Atzo iragarri zuten Bilboko Konpartsek muntaketa lanetan hasi zirela. Kaskoa jantzita egin zuten aurkezpena, Arriaga antzokiaren atarian, eta bi urte hauetako lehortea aipatu zuen Konpartsen bozeramaile Nerea de las Herasek: «Bi abuztu gris eta graziarik gabeak bizi behar izan ditugu, Delorean batean 1978ra bueltatu izan bagina bezala, orain arte eraiki duguna existituko ez balitz bezala». Itzuli dira, hala ere, «kaleak aldamioz eta kolorez berriro betetzeko».

De las Herasen arabera, aurten «inoiz baino indar handiagoz» jakinaraziko diete jaietan parte hartzen dutenei txosnena gune segurua dela. «Indarkeria matxistaren, arrazistaren, homofoboaren edo espezistaren biktimek edonoiz jo dezakete txosnetara».

Konpartsetara jotzeko deia egin zuen, gainera, «horietan hartzen den trago bakoitzak» egitarauari eusten laguntzen duela argudiatuta. Bozeramailearen berbetan, muntaketaren helburua ez da egitura «soil» bat eraikitzea: «[Helburua da] gure mezua komunikatzeko bide bat sortzea, batzuetan eragozten zaigun arren».

Goiz-goizetik ekin zioten txosnak muntatzeari. Arnesak gerrian eta mailua zintzilik ibili ziren Kaskagorri konpartsakoak, elkarri aginduak ematen eta mosketoiak abileziarekin lotzen, mekanotubo batetik bestera egitean. «Hamaiketakoa ekarriko dut; sobran gaud,e eta aprobetxatuko dut zeozer egiteko», behetik, begira zegoen batek.

Oraindik gutxi dira muntaketa lanetan hasi diren konpartsak, eta Areatzako pasealekukoek eta Arriaga antzokiaren atzeko aldekoek hartu dute aurrea aurten. Lanean aritu den horietako bat da Eire Larrea. Hainbat urte daroa konpartsakide izaten. Kaskagorrin hasi zuen bidea, eta 2019an egin zuen lehen urtea Altxaporruen. «Muntaketa urte hasieran hasten da jada, egitaraua prestatzen hasten garenean; uztail hasieran panelak, lan fisikoa gaur», nabarmendu zuen. «Aurrelana ez da ikusten, baina oso garrantzitsua da».

Goizeko zortzietan ipini zuten ordua aldamioekin hasteko, 40gradu zeudelako iragarrita Bilbon. Larrearen berbetan, oraindik «energiarekin» eta «gogotsu» daude kideak: «Egun pare batera hasiko gara nekea nabaritzen, eta jaien osteko desmuntatzea izaten da latzena».

Hurre egon ziren Txori Barrotekoak, eurak ere egitura ipintzen. Bederatzietan hasi ziren, beroa egiten hasi aurretik denbora aprobetxatzeko. «Ur asko edango dugu, eguerdi aldean deskantsu bat egingo dugu, eta iluntze aldean lan gehiago egitea aurreikusten dugu», azaldu zuen Naia Torrealdai kideak. Orain dela urte bi hasi zen konpartsan, baina, haren arabera, ez du oraindik «benetako Aste Nagusia bizi», pandemiaren ondorioz.

Urte osoko lana

Plano batzuk eskuan, aginduak ematen ibili zen Aritz Erkiaga. Hau Pittu Hauren konpartsa muntatzen ibili ziren erreka bazterrean. Azaldu duenez, herenegun ekarri zieten materiala, eta atzo goizean hasi ziren muntatzen. Bi egun beharko dituzte egitura egiteko; zapatutik aurrera toldoa eta dekorazioa ipiniko dute, eta instalazio elektrikoa egin.

«Muntaketa gaur hasi dugu, baina muntaketan pentsatzen daroagu uda osoa», zehaztu zuen Erkiagak. Zortzigarren urtea du arduradun gisa. Orain, «erreleboari itxaroten» dagoela esan zuen, barrezka. Azaldu duenez, izurriteak eragindako geldialdia «atseden handia» izan da bere buruarentzat. «Urtero errobera batean gaude: bat amaitu eta hurrengoa hasi».

Erkiagaren arabera, ikara handiarekin hartu dute aurtengo Aste Nagusia, «eguna etorri arte» ez dutelako jakin zenbat jende batuko zitzaien. «Gaur joan zaizkit beldur denak», zioen, jende nahikoak eman duelako izena eurenean. Ikara joan zaie konpartsakide ugariri; hainbat egunetako lana daukate aurretik orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.