Gautegiz Arteagan (Bizkaia) dago Euskal Herrian martxan dagoen marea errota bakarrenetariko bat: Portu Errota. 1683an eraiki zuten, eta Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen bere garaian. Jon Iturribarriaren sendiak duela hiru belaunaldi hartu zuen eraikinaren gaineko jabetza, 1965ean, baina 1988an indarrean sartu zen Kostaren Legeak etxebizitza «konfiskatu» egin zion.
Portu Errotaren arazoa Europaraino eraman du Iturribarriak, eta, horretarako, hiru arrazoitan oinarritzen da. Alde batetik, Espainia Kostaren Legea atzerako eraginarekin erabiltzen ari dela salatzen du Iturribarriak. Izan ere, legea errota eraiki zenetik hiru mendera egin da. Bestetik, Espainia araudi hori nahierara aplikatzen ari dela ere azpimarratzen du. Urrutira joan gabe, Urdaibain bertan beste marea errota baten adibidea jartzen du, izaera pribatua duena. Azkenik, bere egoerak giza eskubideak urratzen dituela ere azaldu du Iturribarriak, oinordetzan jasotako ondasuna konfiskatu egin baitiote, ordainetan ezer eman gabe.
Ezin konpondu
Hogeita hiru urte daramatza errotaren jabeak berea dena eskatzen, eta, bide horretan, Espainiako Justiziak eskaintzen dizkion «bide guztiak» erabili ditu, baina ez du inongo emaitzarik izan. «Lotsagarria da Konstituzioaren aurka hartutako neurri hau atzera bota ez izana», dio Iturribarriak. Birritan azaldu dio Europako Parlamentuari bere egoera, eta orain, ganberak Espainiari kontuak eskatu dizkio.
Iturribarria errotaren alde borrokan ari zen bitartean, duela bi urteko denboraleak Portu Errotan kalteak egin zituen. Bizkaiko Diputazioak ondarea babestekokonpontze lanak egin behar dituela jakinarazi zion Iturribarriari. Baina ezin ezer egin. «Teilatua erortzear dauka etxebizitzak, baina ezin dugu konpondu, Kostaren Legeak ez baitigu baimenik ematen». Izan ere, Iturribarria dagoeneko ez da errotaren jabe legala. «Ni bertan hezi naiz, baita nire seme-alabak ere, eta orain okupa moduan gaude gure etxean bertan», dio.
Etxebizitza eta errota, biak ditu Portu Errotak. Baina gaur egun dagoen egoeran, errotaren makineria ezin da martxan jarri, makineria eta presa egoera kaskarrean baitaude, alde batetik. Eta etxebizitza ere, gaur egun dagoen moduan, ez dago bertan bizitzeko moduan, Iturribarriak dioenez. Jabeak eta botere publikoak errotaren konponketa bideratu beharra daukate, eraikina monumentu den heinean. Baina, horretarako, Iturribarriak errotaren gain duen jabetzari muzin egin beharko liokeela dio Kostaren Legeak. «Errota eror dadila nahi dute, era horretan guk eraikina abandonatu behar izateko». Eta hala adierazten duen idatzi bat duela ere jakinarazten du Iturribarriak.
Martxan jarri zenetik, 300.000 kaltetuk salatu dute Justiziaren aurrean Kostaren Legea. Gautegiz Arteagako errotaren kasua, beste bat besterik ez dela dio Iturribarriak. Baina «egoskorkeriarekin» azkenerako egoera honi buelta emango diola ziur da.
Konpondu ezin den monumentua
Portu Errota Urdaibaiko biosferan dagoen marea errota bat da. Egoera kaskarrean dago, erortzeko zorian, baina jabeak ezin du konponketarik egin, Kostaren Legeak debekatu egiten diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu