Saioa Lizarralde Obaneuke erromeria taldeko abeslaria da. 2008an sortu zuen taldea, Harkaitz Allur, Iñigo Sorazu eta Aitziber Otegirekin batera, eta, ordutik, laukotea herriz herri dabil erromeria eta gazte giroko berbenekin plazak alaitu eta jendea dantzan jarriz. Hurrengo egunetan erromeriak nagusituko dira Konstituzio plazan; gaurkoan,haien txanda izango da.
Jo duzue inoiz Donostiako Aste Nagusian?
Antiguako festetan pare bat aldiz ibilia naiz pandero jotzaile batzuekin, baina Obaneuke talde moduan ez dugu inoiz erromeriarik egin Donostian.
Konstituzio plazan zer-nolako giroa sortzea espero duzue?
Egia esan, ez dakigu zerekin topo egingo dugun. Badakit trikitilari talde batzuek jo dutela Konstituzio plazan eta oso gustura geratu direla. Aurten, Aste Nagusian jotzeko deitu izanak ilusio handia egin digu, eta itxaropentsu gaude.
Zein egoeratan daude erromeriak, jendea animatzen al da dantza egitera?
Gurearen moduko taldeek badute irteera pixkanaka. Izan ere, erabiltzen dugun errepertorioa nahiko zabala da; haur, gazte nahiz helduen gustuko abestiak jotzen ditugu, eta plaza batean entzun errazak dira. Egun batean edo bestean beti izaten da erromeriaren bat jaietan. Auzoetan biltzen da jende gehien. Badirudi inor ez dela egongo, baina gero, inguruko herrietako jendea elkartu eta giro polita sortzen da, nahiz eta batzuetan bakarrik egotea ere tokatu izan zaigun.
Zein musika mota jotzen duzue?
Gure errepertorioa euskal musikan oinarritzen da batik bat, nahiz eta batzuetan Mana, Amparanoya eta horrelako taldeen abestiak ere jo. Ikus-entzuleen arabera hautatzen ditugu kantuak. Helduak badira, alferrik joko dituzu horrelakoak, errepertorio klasikoagoa eskaintzen saiatzen gara orduan. Aldiz, plaza handi batean jotzen badugu, eta txosnak gertu badaude, Kupela, Maixa eta Itziar, Alaitz eta Maider eta horrelako talde ezagunen abestiez gain, euskal rock taldeen bertsioak jotzen ditugu. Ez dugu gure abestirik, jendeak ezagutzen dituen kantuez baliatzen gara.
Aurrerantzean zuen abestiak sortzeko asmorik ba al duzue?
Taldea sortu genuenean ez genuen espero geroz eta plaza gehiagotan jotzeko eskatuko zigunetik. Aurten, ordea, dezente lan egiten ari gara, eta horrek lanean jarraitzeko gogo handiagoa ematen digu. Baliteke hurrengo proiektua gure abestiak sortzea izatea, baina oraingoz besteenekin ibiliko gara.
Nolatan otu zitzaizuen erromeria talde bat sortzea?
Musikaren mundua ezaguna genuen lehendik ere. Harkaitzek baxua jotzen zuen Orotz taldean, Iñigo bateria jotzaile moduan ibilia zen hainbat metal talderekin, eta ni, berriz, Aitziber Otegi eta beste hainbat pandero jotzailerekin bikote moduan ibiltzen nintzen herriz herri. Idurre Arriola dago orain Aitziberren lekuan, eta kantu txapelketa batean ezagutu genuen. Taldea inongo asmorik gabe sortu genuen, herri batetik deitu ziguten kontzertua emateko eskatuz, eta aurreko taldeak utzita genituenez, elkartzea erabaki genuen.
Non egiten dituzue entseguak?
Iñigo eta Harkaitz Zarauzkoak dira, Idurre Mendarokoa eta ni Azpeitikoa, baina entseguak Zestoan egiten ditugu. Izan ere, trikiti eskolak ematen ditut bertan, eta bateria eta gainerako materialak han ditugu.
Non jotzen duzue batik bat?
Baztan aldean eta Bizkaiko hainbat auzotan jo dugu gehienbat. Gipuzkoan emanaldi gehiago eskaintzea gustatuko litzaiguke. Dena den, aurten, abuztuan batez ere, dezentetan ibili gara Gipuzkoako plazetan jotzen; ea horiei eustea lortzen dugun.
Donostiako Aste Nagusia. Saioa Lizarralde. Obaneuke taldeko abeslaria
«Konstituzio plazan giro polita ipintzea espero dugu»
Obaneuke erromeria taldeak kontzertua emango du Konstituzio plazan gaur gauean. Donostian joko duten lehen aldia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu