Rosa Arburua. Idazlea

«Kontrabandoa ezin da ulertu Euskal Herritik kanpo»

Bidaso inguruko kontrabandoaren historia biltzen duen liburua kaleratu du Rosa Arburua idazleak, erromatarren garaitik hasi eta XX. mendera arte.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Erreka honetakoa naiz». Esaldi horrekin azaltzen du Rosa Arburuak (Irun, 1961) nongoa den; Bidaso ibaiaz ari da. Haren inguruan bizi izan da beti, eta haren inguruan egin du bere ikerketa lana ere. Etxetik ezagutzen zuen gaia, eta sakonagora jo du orain. Bidaso inguruko kontrabandoaren historia aztertzen eman ditu azken urteak, eta liburu batean bildu ditu egindako ikerketarekin ateratako ondorioak. Gau lanak, kontrabandoa Bidasoa aldean izeneko liburua argitaratu du Alberdania argitaletxeak.

Liburuan azaltzen duzunez, etxetik datorkizu gaiarekiko interesa.

Bidasoaren alde bateko eta besteko herrietan denok entzun ditugu kontrabandoari buruzko hamaika anekdota eta pasadizo etxean. Txingudin, Bortzirietan, Malerrekan, Baztanen, Urruñan eta gainontzeko herrietan ere bai. Euskara entzuten nuen etxean, eta harekin batera baita kontrabandoari buruzkoak ere. Oso gurea da gaia.

Erromatarrekin hasten da liburua.

Bai. Bi zatitan banatu dut horregatik liburua. Artxibo eta liburuetan aurkitu ditudanak biltzen dira lehenengoan, XX. mendera artekoak. Bigarren erdian, ordea, XX. mendeko kontrabandoari buruzkoak daude, eta testigantza zuzenez osatu dut atal hori. Kontrabandoan aritutako jendea elkarrizketatu dut. Atal batekoak eta bestekoak kontuan hartuta ondorioa argia da: betidanik izan dugu kontrabandoa Euskal Herrian.

Zibilizazioa bezain zaharra dela diozu liburuko sarreran.

Hori da Robert Bresson idazleak dioena. Agintariek beti jarri izan dituzte zergak, mugak eta oztopoak beren interesen arabera. Horri erantzuteko modua da kontrabandoa jende arruntarentzat, Bressonen hitzetan.

Euskal Herria aberatsa izan da beti mugaz eta aduanaz.

Aldatuz joan dira historian zehar, eta horren arabera joan dira lekuz aldatzen aduanak ere. Gerrek eta jauntxoek zerikusi handia izan dute Euskadin, esaterako. Liburuko lehen zatian oso nabarmena da aldaketa horiena. Nahasiak dira oso muga eta aduanen mugimenduak.

Esklabo tratuetan ere ibili ziren euskaldunak, liburuan bildu duzun dokumentuetan ageri denez.

Euskal Herrian bazegoen lege bat halakoei buruz. Haren arabera, «arraroak» ziren pertsonak ezin ziren bertan bizi, eta agoteak, juduak, beltzak edo musulmanak ziren arrarotzat hartzen zirenak. Esklabo afrikarrak kontrabandoz ekarri zituzten, horregatik. XVI. mendean, batez ere. Afrikatik Frantziara eramaten zituzten, eta handik Andaluziara, eta horretarako gure mugetatik pasatu zituzten. Ziburun (Lapurdi) bazen Hamaika behatz ezizeneko gizon bat. Gizon hura zigortu egin zuten esklaboekin aritzeagatik. Irunen ere bazen jende inportantea etxean esklaboak zituena. Erosi egin zituzten, noski. Hondarribiko artxiboko 1577ko dokumentu batean ageri da orduko alkateak beste gizon bati esklabo bat saldu ziola.

Bidasoan egin duzu zure ikerketa. Zer berezitasun du inguruak?

Bidasoa muga fisiko, politiko eta administratiboa izan da. Kontrabandoari buruzko sekulako aberastasuna dago hemen kilometro gutxian. Beste gune batzuetan ere izan da antzeko mugimendurik, baina hemendik pasatu da kontrabandoa nagusiki.

Gizonekin lotzen da kontrabandistaren irudia, batez ere, baina emakumeak ere aritu ziren, ezta?

Mendian izan da gutxiren bat, baina bestelako lanak egiten zituzten gehienek. Kostan, ordea, nahikoa aritu dira emakumeak arraina eta angulak pasatzen, eta bestelakoak ere bai; arrodamenduak, dirua, zilarra...

Lekukoek esandakoez osatu duzu liburua, baina kontatu bestekoa izango zen kontatu gabekoa ere.

Egia da hori. Kontatu dizkidatenak baino askoz gehiago ere izango dituzte esateko, bistan da. Jende pasarekin gertatu zait hori.XX. mendean izan da arrazoi politikoengatik eta arrazoi ekonomikoengatik jendea mugaz gaindi ezkutuan pasatzen aritu denik, baina jendeak ez du hainbeste hitz egin nahi izan.

Zilarra, urrea, parpailak, preserbatiboak, denetik pasatzen zuten, baina bazen gaizki ikusitako kontrabandorik ere: portugaldarrena eta armena.

Kontrabandoa ezin da ulertu Euskal Herritik kanpo. Kanpotarrak harritzen dira zure senideak horretan aritzen zirela entzutean, baina hemengo kontrabandoa nolakoa zen ulertu beharra dago. Lehen mailako beharrak asetzeko aritzen ziren maiz. Bazen, horregatik, kontrabandisten artean etika kode bat. Esaldi batek deskribatzen du: «Ez ezak pasa armarik ezta pertsonarik ere. Armek jendea hiltzen ditek, eta pertsonak solasean aritzen dituk». Portugaldar asko pasa ziren, halere, ezkutuan Euskal Herritik. Ongi tratatu behar zituztela zioen kodeak halakoetan ere, baina ez zen beti hala gertatzen, eta gainontzeko kontrabandistek oso gaizki hartzen zuten jarrera hori.

Jende asko aritu zen bateko edo besteko kontrabandoan.

XX. mendean Bidaso inguruan, gehienak. Neurri handi edo txikiagoan, baina gehienak. Paketeekin batzuk, abisuak pasatzen besteak, Polizia nahasten... Zera esan zidan Berako gizon batek: «Kontrabandoa zen garaiko fabrika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.