Kate publikoek gobernatzen duenaren arabera hartzen dute norabide bat edo beste. Edo, kasurik onenean, alderdi politiko ezberdinen indar korrelazioaren arabera. Ez gara ezer berririk esaten ari. Gainera, orain kontua gutxi-asko disimula daiteke, ez da trantsizio deiturikoan bezain eskandalagarria. Asteartean konprobatu ahal izan dugu berriz, La2 kateko Archivos Tema izeneko saioan. Garai haien ikuspegi edulkoratu baten erdian, Adolfo Suarezen hatzak aukeratutako Rafael Anson TVEko zuzendariak hitz egiten zuen, parrimurri ironikoz: «UCD eta presidentearen intereserako erabili zen telebista publikoa»—garai hartan, bide batez, telebista bakarra zena—.
Baina hara non asteartean bertan irakurtzen dugun EAJk kritika gogorra egin diola ETBri, Konstituzioaren erreformaren aferari informatiboetan eman dion tratamenduagatik. ETBk PSOE eta Rubalcabari faborezko tratua eman diela salatu zuen Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkideak. Kritika zentzuzkoa iruditzen zait, eta konprobagarria: esaterako, ETBk isildu egin dituela, erreformaren harira, PSOEren barnean sortu diren iritzi kontrajarriak edo, zuzenean, kontrakoak —besteak beste, Rubalcaba berarenak—; EAJk hartu duen posizionamendua isildua izan dela, menostua. Harritzen nauena da, ordea, EAJk agintean eman zituen urte luzeetan Uribe-Etxebarriak ahotsik altxatu ez izana, zera publikoaren gaineko jardunari kritikarik ñimiñoena egin ez izana.
Noski, Uribe-Etxebarria garaitsu hartan ez zen, orain den bezala, EITBko administrazio kontseiluko kide. Eta, ondo pentsatuta, eskerrak administrazio kontseilu eta gisako organoak ditugun, komunikabideen independentzia segurtatzen diguten erakunde horiek. Alderdi politikoek izendatutako pertsonez osatuak guztiak ere. Eta administrazio kontseiluek dagokien lana egiten ez badute, edo egin dezaten, beti eskatu ahal izango dugu ikus-entzunezkoen kontseilu bat, «euskal komunikazio sistema osoaren (ez soilik EITBren) osasun eta aniztasuna jagoteko». Nafarroan badute. Tira, bazuten: kendu egingo dutela iragarri du Yolanda Barcina presidenteak. Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak erabakitako kideek osatzen zuten kontseilu independentea. Egingo du bere lana beste norbaitek, pentsatuko zuen Barcinak. Badaezpada, ez galdetu nork.
Komunikazioa. Ekografiak
Kontseilu eske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu