Bakarrik bizi naiz;36 urteko emakume bat naiz. Azken sei hilabeteotan aldaketa ugari izan ditut (lanean, eta ahizpa, gaixorik ospitalean), eta lanpetuta ibili naiz oso: bai lanean, bai familian. Ordutikoso urduri nabil, lo egiteko arazo itzelak ditut, umorea galdu dut, eta erraz haserretzen naiz, errazegi esango nuke. Nekea eta suminkortasuna nire ezaugarriak dira gaur egun, eta kezkatzen hasia naiz. Depresioari buruz irakurri dut Internet sarean, eta agian depresibo ote nagoen galdetzen diot neure buruari.Zer komeni zait?•KARMELE T.
Egia esan, gaixotasun psikiatrikoen artean depresioa aipatzen da gehien gaur egun. Alde batetik, hitza kaleratu egin delako, eta, horrela, sarritan haren esanahia aldatu da: «depresioa daukat gaur», «triste nago» esan beharrean. Kalean, sinonimoak balira bezala erabiltzen dira depresioa eta tristezia, baina profesionalek jakin badakigu gauza diferenteak direla. Tristezia sentipen naturala da,eta denok sentitzen dugu noizbait momentu labur batean edo egun batzuetan.
Depresioa, alderantziz, gaixotasuna da; triste egotea baino askoz gehiago, noski: eguneroko bizitza aurrera eramateko oztopo handia baita: mina, nekea, tristezia, gogorik eza, lo egiteko zailtasunak, lan egiteko edo ikasteko zailtasunak, jateko gogorik eza eta betidanik gogokoak izan diren ekintzetan gozatzeko falta. Ikerketen arabera, emakumeok gehiagotan sufritzen dugu, aldaketa hormonalak eta ardura ugari ditugulako (familia zaintza, ordutegi bikoitza, eta abar). Hala ere, ikerketetan agerian geratu denez, aldagai psikologiko garrantzitsuak agertzen dira depresioan: nortasunean eta atal kognitiboan.
Zure idatzian aipatzen dituzun epeak eta sintomak ez dira nahikoak diagnostiko zehatza egiteko. Autodiagnostiko psikologikoak —Internet dela medio— nahiko buruhauste sortzen digu kaleko pertsonei gaur egun. Informazio mordo honek gugan sortzen dizkigun kezkak, zalantzak, beldurrak gure hasierako arazoa handitu egiten dute.
Zorionez, gaur egun depresioa tratatzeko tresna farmakologiko eta psikologiko ugari eta onak erabitzen dira, askotan konbinaturik.
Beraz, nire aholkua profesional batengana joatea da, azterketa zehatza eta behar den diagnostikoa egiteko eta, behar izanez gero, tratamendua jartzeko.
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Kontsultategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu